Bestelako basogintza eredua, jomuga
Muxika eta Gernika-Lumo bitartean ospatu zuten, iragan zapatuan [maiatzak 15], Baso Bizien Eguna, BaSOS elkarteak antolatuta.
Argazkia: BaSOS elkartea. BaSOS Elkarteak antolatuta, Baso Bizien Eguna ospatu zuten zapatuan [maiatzak 15], Muxika eta Gernika-Lumo artean. Busturialdeko elkartea Baso Biziak plataformaren partaideetako bat da, eta hari egokitu zaio aurtengoan basogintzaren inguruko hausnarketa eta kultur jarduna uztartzen dituen egun berezia atontzea. Zapatuan, goizetik iluntzera bitartean, “bestelako” basogintza eredu bat hartzea “ezinbestekoa” dela aldarri egin zuten, eta herritarrek ederto erantzun zioten aldarri hari, Baso Bizien Egunak “erantzun polita” eduki baitzuen.
Baso bizia bailitzan, bertaratutako guztiek “ekosistema anitza” eratu zutela adierazi dute: “Denetariko herritar profilez osatutako partaidetza eduki genuen, eta egitarauko egitasmo guztietan 40 lagun edo gehiago egon ziren. Iritzi positiboak eta eraikitzaileak jaso ditugu, eta egunaren geure balorazioa, horrenbestez, oso positiboa izan behar da nahitaez”. Natura mintzagai izanik, naturara zuzen-zuzenean jo zuten goizean: Muxikan txangoa egin zuten. “Eibar, Elgoibar edota Berriatutik ere” martxalariak hurreratu ziren, BaSOS ontzen ari den proiektuak bertatik bertara ezagutze aldera: “Alde batetik, Muxikako Udalagaz dugun hitzarmenaren berri eman genien; 16 hektareako pinudi gaixo baten lagapena lortu dugu, eremu hori pixkanaka bertoko baso bihurtzeko eta modu iraukorrean ustiatzeko gune bilakatzeko helburuarekin. Bestetik, Ordorikako lursailean egiten ari garen beharra azaldu genien, sail horiek urrundik ikusi ahal izan baikenituen”.

Argazkia: BaSOS elkartea.
Urkietako arte zaharrak geldialdi berezia hartu zuen: Onintza Enbeita muxikarraren eta Ibai Amillategi gernika-lumotarraren bertso saioatxoa. Lilibertsoko kideen esku hartzea “oso hunkigarria” izan zen: “Enbeita, bertakoa izanik, hunkituta aritu zen bertsotan; umoretik ere heldu zioten han sortutako giroari. Oro har, Urkietakoa geldialdi gogoangarria izan zen”. Ez zen inolaz ere tropelak eduki zuen geldiune bakarra izan, bigarren bat unean bertan inprobisatu baitzuten: Enbeitak San Roman auzuneko dorretxera eroan zituen bertaratutakoak, eta han toki eta eraikin hari buruzko azalpenak eman. “Basogintza egitarauaren ardatza zen, baina bestelako aisi, kontzientziazio zein kultur langaiek ere tokia izan zuten egun osoan zehar”.
Basogintza, hiru adarretatik.
Muxikatik Astra kultur faktoriara lekualdatu zen egitaraua. Eguerdian, Zuhaitzen bizitza ezkutua lanaren ordu erdiko aurkezpen ekitaldia egin zuten; Maider Etxebarriak zuhaitzen funtzionamendua zientziaren prismatik ikertu du obra horretan, eta hari buruzko zertzelada nagusiak plazaratu zituen. Talde bazkariaren ostean, basogintzaren egungo egoera eta etorkizunari dagokiona mahaigaineratu zituzten, hiru ikuspegitatik. EHNE Bizkaiako Unai Aranguren, Tantai Baso Jabe Kooperatibako Aitor Kortabarria eta Iratxe Arriola EH Bilduko batzarkidea jesarri ziren mahaiaren inguruan.
Arangurenek baso jabe txikiekin “kontaktua” duen nekazari zein abeltzain txikien egoera plazaratu zuen; Arriolak basoen inguruko foru arauaren inguruan duen eskarmentua partekatu zuen; Kortabarriak “basogintza eredu berri bat planteatzeko garaia” dela argitu zuen, “aldaketarako inflexio puntu batean gaudela” argituz. Sektorearen prekarizazioa nabarmentzea izan zen berbaldiaren gailurretako bat: “Beharginen egoera zein den argi eta garbi utzi gura izan zuten, eta azpimarratu lan istripu gehien dituen arloetako bat dela”. Basogintzagaz lotutako dirulaguntzak espezie jakin batzuen inguruko eredu “industrial” batera bideratzea ere jorratu zuten, besteren artean.

Argazkia: BaSOS elkartea.
Solasaldiarekin batera, Basogintza iraunkorra bultzatzen ikus-entzunezkoaren proiekzioa eman zuten, Muxikako Udalarekin egindako lagapen akordioa ontzen duena: “Eduki horrek ere, batik bat, basogintza eredu intentsiboaren gainbehera irudikatzen du, eta basogintza bestelako modu batean ulertzeko moduak egon badaudela argitzen du.