'Bilbotik Gernikara. Desmemoriaren bideak' erakusketa aurkeztu dute
Bakearen Museoak 'Bilbotik Gernikara. Desmemoriaren bideak' erakusketa ikerketa eta memoria erakusketa plastikoa hartuko du, irailaren 13a bitarte.
Gernika-Lumoko memoriagune nagusienetako batek, Bakearen Museoak, Bilbotik Gernikara. Desmemoriaren bideak izeneko erakusketa hartuko du, irailaren 13a bitarte, EHUren MHLI (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) ikertaldeagaz elkarlanean. Gaur [maiatzak 15] aurkeztu dute ikerketa, memoria historikoaren lanketa eta ekoizpen plastikoa ardatz nagusi dituen 30 pieza inguruko arte erakusketa; aurkezpen agerraldian egon dira museoko zuzendari Iratxe Momoitio, erakusketaren egile Veronica Domingo eta Ismael Manterola nahiz Andere Larrinaga MHLIren komisarioak.

Ikerketak artearen eta ondare historikoaren bilketaren arteko zubi lana egitea du jomuga. Memoriartean proiektuaren testuingurupean kokaturik dago, eta laugarren aldiz egin dute elkarlan ekimen hori MHLIk eta Bakearen Museoak. Iraganeko gertakariak errespetua oinarri duen esperientza estetiko bihurtzea bilatzen du.
Domingoren lanaren epizentroa babesleku antiaereoak dira. Sustatzaileek “ikusi ez dena ikusarazteko” aukeratzat dute erakusketa: “Mendez mende, babeslekuak ezkutuko toki itsusitzat jo izan dira, isilik eta baztertuta egon dira, eta horiei ikusgarritasuna ematera dator proiektu hau. Domingok behar handia egin du, Bilbotik Gernikarako bidea abiapuntu hartuta, Euskal Herriko babeslekuak aztertzen eta horietan oinarritutako arte adierazpide kritikoak ontzen”. Hain zuzen, Domingoren ikerketa proiekzioa “oso zabala” da, eta Bakearen Museoan ikusgai dagoen alea “haren zati bat” baino ez da.

Egileak azaldu du herritarrak aire erasoaldietatik babesteko guneen gainean egin daitekeen landa lana “egundokoa” dela, baina hark Gernika-Bilbo-Getxo hirukoan ipini duela fokua: “Niganako eta, kasu honetan, udalerriarenganako hurbiltasuna edukitzea aintzatetsi dut”. Diziplina arteko aniztasuna da proiektuaren funtsetako bat: metakrilato gainean eraikitako konposizioak, mihisean eginiko olioak, laser bidezko grabatuak, Avorio incisioni paperean egindako monotipoak, ikus-entzunezko formatua edota 3D teknika ageri dira, besteak beste. Udalerriak eta Gernikako bonbardaketaren inguruan lerratutako gune esanguratsuek ere espazio zabala dute erakusketaren ibilbide osoan: Batzarretxea eta Gernikako Arbola, Astrako zein TDGko babesleku antiaereoak, Andra Mari elizakoa edota Pasealekukoa ageri dira, besteren artean.
2022an hasi zen Domingoren eta babeslekuen ikerketaren arteko ekuazioa, Alacanten: “Bertako babeslekuak aztertu ostean, interesgarria eta beharrezkoa begitandu zitzaidan nire jaioterrikoak ikertzea eta, hala, haien arteko eraikuntza aldeez edota jendeak haiek ulertzeko moldeez kargutzea”. Marrazkigintza argazkilaritzagaz zein idazketagaz uztartuta, ikuslearen hautematea “aberastea” bilatu du artistak. Halaber, errealitatearen eta “bizi gabeko memoriaren” arteko dualtasunaren araberako antolaketaren arabera atondu du esposizioa: “Konposizioen arteko fusioak itxidura perimetral delako bat sortzen du, bisitaria babes eta itolarri agertoki anbiguo batean biltzen duena”.
Gernikaren kausan, herriko hainbat espaziori “dagokien memoria“ematen die erakusketak: tokiko jendeak akaso “ezagutuko ez dituen” ñabardurei bizia ematea. Ohiko babeslekuen irudikapenak emango dio ondoetorria bisitariari, bonben talka zelanbait blokeatzeko zig-zag itxurako egitura edota inpaktuari eusteko zakuak agerian dituela. Ibilbidearen zatirik grafikoena leherketen interpretaziogunea da; monotipo serie batek osatuta dago. Egileak bonben ibilbidearen interpretazio osoa egin du, hainbat obratan banatuta: “Bonbak hegazkinetik bertatik zelan ikusten diren da abiapuntua, eta bonben ondorioa, ostera, azken geltokia; tartean, lehertzeen sekuentzia bistaratzen duten lanak daude. Horregaz batera, bonba su eragileen atala ere ondu dut espreski”.
Zuri-beltza da ibilbidearen ardatza: “Alde batetik, nire ibilbidean betidanik baliatu izan ditudan koloreak dira, baina, kasu honetan, bat egiten dute argazki zaharrekin edota konposizioen bidez erakutsi edota transmititu gura dudanarekin”. Hori bai, badago salbuespenik: “Metrailari keinu egiteko, kobre kolorezko tonuak eta aluminiozko plantxak ere erabili ditut; baita berde tonu jakin batzuk ere, gerra uniformeen pareko koloreak”.
Gerrako umeak.
Espainiako Gerra pairatu zuten haurrei ere beren tokia gordetzen die erakusketak, subjektu horiei zuzendutako triptikoa baitago: “Sarri hitz egiten da gerrako umeei buruz, baina gehientsuenetan emigratu egin behar izan zutenak aipatzen dira; kasu honetan, gerra bete-betean jasan zutenak omendu ditut. Argiago edo difuminatuago dauden konposizioak baliatuz, sarri lanbrotu egiten den memoriari keinu egin nahi izan diot, historiaren iheskortasuna nabarmenduz”.

Bandera da erakusketaren ibilaldiko azken atalasea. Elementu hura, hain zuzen, “ezinbestekoa” zen gerra sasoian, aire erasoez ohartarazteko baliatzen baitzen. Domingok zuri-beltzezko banderez ornitu du azken aretoa, bat izan ezik: gorria. “Herriguneetatik hurre zeuden mendi edo muinoen gailurretatik astintzen ziren bandera gorriak, mezua elizetako kanpandorreetara iristeko eta haiek kanpaien bidez abisu doinua jotzeko; abisu haren ostean, fabriketako sirenak ziren herritarrak ohartarazteko azken seinaleak”. Azken areto horretan, sortzaileak iaz egindako beste proiektu baten txatala txertatu du: Gasteizko babeslekuen azterketa barnebiltzen duen ikus-entzunezkoa. “Bonbardaketa baten sekuentzia da, beraz, erakusketa honekin erabateko sinergia dauka”.