Sahararrena, "duintasunaren aldeko borroka"
Memoria eta duintasunaren aldeko borrokan, Gernika Sahararen ondoan dagoela berretsi dute asteburuan. Saharar herriaren borrokaren ohiartzuna jaso dute, eta azpimarratu dute "nahitaezkoa" dela herri horren eskubide nazionalen alde egitea.
Argazkia: Guernica Gernikara Gernikako herria beti egon da eta egongo da herri zapalduen ondoan, eta Sahararen ondoan ere badagoela berretsi dute herritarrek asteburuan. Izan ere, Frente Polisarioaren 53. urteurrenaren bueltan —1973ko maiatzaren 10ean sortu zen—, eta Gernika-Sahara elkarlanean sakontzeko konpromisoari jarraiki, Gernika Memoriaren Lekukok eta Gernikan bizi diren Saharar herriko emakumeek elkarlanean bultatzuta, dokumental baten proiekzioan, elkarretaratzean eta mahai-inguruan bildu ziren bizilagunak. Erakusketa bat ere martxan dute, baina aurrerago plazaratuko dute, espazio kontuengatik.
Haiyu: El canto de Mariem Hassan dokumentalaren proiekzioa izan zuten lehen hitzordutzat barikuan. Ikus-entzunezkoak abeslari eta ekintzaile sahararraren bizitza, lana eta borroka kontatzen ditu, izan ere, Hassanek “nekaezin” defendatu zituen Saharar herri okupatu eta desplazatuaren eskubideak.
Zapatuan, aldiz, agerraldi-elkarretaratzea egin zuten Merkurion, eta ondoren Mujtar Lebaihi Frente Polisarioko ordezkariak hitzaldia eskaini zuen Elai Alai aretoan, egungo egoeraren erradiografia plazaratuz. Horrekin batera, 13 urtez espetxean gatibu izandako preso politiko ohi saharauiar batek bere testigantza latza kontatu zuen. Ze, 1973ko maiatzaren 10ean sortu zen Frente Polisarioa, Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borroka gidatzeko helburuarekin, eta urteurrena saharar herriaren “erresistentzia eta askatasun nahia” aldarrikatzeko baliatu zuten.

Argazkia: Guernica Gernikara
Izan ere, Gernika Batzordearen kezka eta aldarrikapenetako bat, 1975-1976 urteetan sortu zenetik, Gernikako bonbardaketaren oroimenetik abiatuta, memoriaren beharraz eta balioaz galdetzea izan da: “Zehatzago esanda, pertsona bezala, komunitate bezala, herri bezala zer eta zertarako gogoratu nahi dugun galdetu dugu”. Eta, erantzunak, orokorrean, “aitortza, bakea, askatasuna eta justiziaren aldeko konpromisoa” izan direla diote, baina baita bonbardaketaren gertaeraren oroimenetik, Memoriaren Lekutik, izan diren eta gaur egun dauden beste Gernika guztiei elkartasuna adieraztea ere. “Zertarako, bestela, oroimena? Memoria? Mundu hobe baten aldeko ahaleginerako ez bada?”.
Asmo horreri jarraituz, Gernika Batzordeak, Gernika Memoriaren Lekukok eta Gernikatik Mundurak saharar herriaren borrokaren ohiartzuna jaso gura izan dute asteburuan, Coordinadora de Mujeres Saharauis en España eta Liga de Mujeres Saharauis en España taldeen hemengo ordezkariekin elkarlanean, baita Ideasur eta Gernika Gogoratuzekin ere. Kultur etxearen eskuzabaltasuna ere nabarmendu dute.

Argazkia: Guernica Gernikara
“Espainiaren menderatze-urteetatik, baina bereziki 1975etik, Marokoren okupazioarekin Mendebaldeko Sahararen emantzipazio prozesua zapuztu zenetik, saharar herriaren eskubide nazionalak arbitrarioki ukatuak izan dira”, gogoratu zuten. Eta, gehitu zuten mendebaldeko Sahara “hil ala biziko etorkizunik gabeko” egoera baten aurrean jarri dutela potentzia handiek: “Potentzien indarkeriaren geopolitika inoiz baino gehiago nabarmentzen eta gailentzen ari den momentu honetan, Estatu Batuen, Frantziaren eta Marokoren azpikeriek eta Espainiako hamarkadetako utzikeri interesatu eta koldarrak mendebaldeko Sahara hil ala biziko etorkizun gabeko egoera baten aurrean jarri dute”.
Horregatik, azpimarratu zuten “nahitaezkoa” dela herri horren eskubide nazionalen alde egitea. Gainera, memoriaren beharraren ikuspegitik, Gernikako Memoria Lekutik, “kolonia garaiko, diktadura menpeko Espainiaren errepresioaren salaketa” egin zuten, 2022ko Memoria Demokratikoaren Legeak babestu egin beharko lituzkeenak.
Horrez gain, Marokoren “basakeria” ere gogoratu zuten: “Hamarkadetako zapalkuntza bortitza, garbiketa etnikoa, desagertze sistematikoak, herritarren kontrako bonbardaketa indiskriminatuak eta bonba kimikoak erabili izan ditu. Horren aurrean, orduko zein gaur eguneko Espainiaren faltsutasuna seinalatu nahi dugu, Saharako biztanleri hori babestea bere ardura zelako eta delako, Nazioarteko Legediaren arabera”.
Hala, saharar herriaren borrokaren ohiartzuna jaso eta Sahararen eskubideen alde egiteko deia zabaldu zuten Gernikatik.

Argazkia: Guernica Gernikara