Instituzioen "erantzukizun eta ardura falta" gaitzetsi du sare feministak
Gernika-Lumoko Sare Feministaren deialdiagaz bat eginez, Iruñeko erailketa matxista salatu eta autodefentsa feminista aldarrikatu zuten atzo arratsaldean [apirilak 14]. Euskal Herrian 2026an indarkeria matxistak eraildako hirugarren emakumea da, eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik euren “amorrua eta mina” adierazteagaz batera, senideei eta lagunei euren “maitasun eta babes osoa” adierazi zizkieten.
“Nazkatuta eta amorratuta” daudela esan zuten. Hamar egunetan Euskal Herrian bi erailketa matxista eta erailketa saiakera bat izan dira, eta atzoko mobilizazioan gogoratu bezala, indarkeria matxistak emakumeak “emakume izate hutsagatik” erailtzen ditu. Berretsi zuten indarkeria matxistak aurpegi ugari dauzkala, emakumeek pairatzen duten indarkeria egiturazkoa dela, “sistema oso bat dagoela” horren atzetik: “Zisheteropatriarkala, kapitalista, arrazista eta koloniala den sistema da, eta erailketa guztiekin gertatzen den moduan, inoiz baino agerikoagoak dira emakumeok zeharkatzen gaituzten indarkeria matxistak. Izan ere, ondo dakigu indarkeria matxistak ez duela modu berean gurutzatzen gorputz bakoitza, eta argi dago arrazakeriak indarkeria areagotzen duela, emakume migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe uztera arte”.
Sare feministakoen berbetan, erregularizazioaren menpekotasuna eta baliabideetarako sarbideetarako oztopoak “ez dira kasualitatea”; politika arrazisten “ondorio zuzenak” dira: “Kasu honetan berriro ere ikusi dugu etxebizitza eskubidea merkatu arrazista eta espekulatiboa elikatzeko nola erabili den”. Nabarmendu zuten etxebizitza duinik gabe, ez dagoela bizitza duinik eta ez dagoela indarkeriatik ihes egiteko aukerarik.
Era berean, ohartarazi zuten prekarietateak ez duela soilik pobrezia eragiten: “Arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du. Askotan salatzen dugu instituzioen erantzukizun falta, baina honetan, irmoki salatzen dugu euren ardura falta ere”. Indarkeria matxistak ertz asko dauzkala eta emakumeek askotariko prozesu eta erritmoak dauzkagula adierazteagaz gain, indarkeria matxista jasaten duten emakumeek etxebizitza duinak bermatuta ez edukitzea salatu zuten: “Nola da posible indarkeria matxista pairatzen duen emakume batek etxebizitza duin bat bermatuta ez edukitzea? Non daude instituzioak funts putreak babestutako etxebizitzak erosten dituztenean?”.

Azpimarratu zuten emakumeak behar bezala artatzea, baliabide guztiak haien esku jartzea, kasuen jarraipena egitea nahiz laguntza eta babesa ematea ere badirela instituzio publikoen betebeharrak, eta emakumeak euren erasotzaileekin bakarrik uztea “arduragabekeria” dela. Gizarteak, eta batez ere, gizonek daukaten erantzukizuna aipatuta, “beste aldera begira” noiz arte jarraituko duten galdegin zuten. Ildo horretatik, feministen iritziz, euren anaitasun eta konplizitate sareekin apurtzea ezinbestekoa da: “Indarkeria matxista egiturazko arazoa da, eta ezinezkoa izango da honekin bukatzea, gizonek euren anaitasun eta konplizitate sareekin apurtu arte. Egitura sostengatzen duen pieza dira. Euren matxismoak hiltzen du, euren arduragabekeriak hiltzen du, euren konplizitateak hiltzen du, eta gu nazkaturik gaude”. Horregatik, autodefentsan, aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politikak egiten eta behar den bezain bestetan salatzen eta kaleak hartzen jarraituko dute: “Egungo egoera irauliko dugu denok aske bizi ahal izateko”.