Bermeoko jaietako libururako idatziak aurkezteko epea zabaldu dute
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako jai-liburuko idatziak originalak eta aurretik argitaratu gabeak izan beharko dute. Testuak aurkezteko epea ekainaren 26an [barikua] amaituko da.
Bermeoko Udalak, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako jai-liburua osatu, kultura, tradizioa eta jakintza sustatu eta sortzaileei beraien lanak plazaratzeko aukera eskaini asmoz, bermeotar guztiei luzatu die sormen lanak bidaltzeko deia. Hala, 15 urtetik gorako edonork parte hartu dezake deialdian, gehienez bi lan aurkeztuta. Testuak aurkezteko epea ekainaren 26an [barikua] amaituko da, 14:00etan.
Jaietako argitalpenerako lanak originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute eta gehienez, 9.000 karaktereko luzeerakoak. Idatzietan askotariko jaiak jorratu ahal izango direla nabarmendu dute udaletik, betiere, Bermeorekin edota bermeotar komunitatearekin lotura izanik; hala, kondairak, istorioak —benetakoak zein fikziozkoak—, efemerideak, kultur adierazpenak, historia, hizkunza, artea edo musika bezalako diziplinak landu ahalko dira, besteak beste. Azpimarratu dutenez, ez da iritzi artikulurik onartuko.
Era berean, euskaraz sortutako testuek lehentasuna izango dutela argitu dute, jaietako argitalpeneko eduki nagusia euskaraz argitaratuko baita. Halaber. ikuspegi inklusiboa eta berdinzalea duten eta aniztasuna errespetatzen duten lanak “bereziki baloratuko direla” iragarri dute, baita genero rol estereotipatuak gainditzen dituztenak eta “pertsona guztien duintasuna sustatzen” dutenak.
Idatziak paperean zein euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira, word formatuan idatzita. Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea, 6-8) edo Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez entregatu ahalko dira lanak. Oinarriak eta eskaera orriak udalaren webgunearen ekimenak atalean daude eskuragarri.
Udalak herritarrak “euren ahotsa eta irudimena partekatzera” animatu ditu, “istorio bakoitza, ikuspegi bakoitza eta hitz bakoitza funtsezkoak baitira komunitatearen memoria kolektiboa eraikitzen jarraitzeko”.