Bermeo Tuna World Capital erakundeak atunaren balio-katearen eredu integrala aurkeztu du Bruselan
Bermeo Tuna World Capitalek atun jasangarriaren eredua eraman du Bruselara, 'Ozeanotik mahaira' esperientzia gastronomikorekin.
Maitane Leizaola Zulueta Bermeo Tuna World Capital elkarteko zuzendari nagusia, Bruselan.Bermeo Tuna World Capital Bermeo Tuna World Capital erakundearen ordezkariek Europako arrantza iraunkorraren etorkizunerako “funtsezkoa” den nazioarteko topaketan parte hartu zuten aurreko astean, Bruselan. Long Distance Advisory Councilek eta Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak antolatu zuten nazioarteko mintegia, Eusko Jaurlaritzarekin, Kanarietako Gobernuarekin eta Andaluziako Juntarekin lankidetzan. How should the next generation of EU Sustainable Fisheries Partnership Agreements look like? Multistakeholder perspective izenburupean elkartu ziren Europako arrantza-sektoreko ordezkari instituzionalak, adituak eta funtsezko eragileak.
Gastronomia, kultura eta iraunkortasuna uztartu zituen “esperientzia paregaberen” bidez, atunaren balio-katearen eredu integrala aurkeztu zuten, Bermeo Tuna World Capital elkartearen ordezkariek. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bermeoko Udalaren laguntzarekin eraman zuten bertara Ozeanotik mahaira murgiltze esperientzia: “Elaborazio gastronomiko bakoitzak tunido jasangarrien historia islatu zuen, produktuaren, lurraldearen eta arrantza jardunbide onen arteko lotura nabarmenduz”. Arduradunen hitzetan, ekitaldi horri esker, elkarteak ordezkatzen duen kate-eredu osoari balioa eman zitzaion, “trazabilitatean, jasangarritasunean eta balio-kate osoan partekatutako erantzukizunean oinarrituta”, harrapaketatik hasi eta azken kontsumitzaileraino.
Maitane Leizaola Zulueta Bermeo Tuna World Capital erakundeko zuzendari nagusiak esan bezala, arauen, ezagutza partekatuaren, konpromiso kolektiboaren eta epe luzeko ikuspegiaren bidez eraikitzen da iraunkortasuna: “Honelako ekimenek balio kate osoa, ozeanotik mahairaino, lotzen duen eredua Europara eramateko aukera ematen digute, tokiko nortasun sendoa duten lurraldeetatik inpaktu globala sortzea posible dela erakusten duena. Murgiltze esperientzia honekin, atun edo hegaluze lata edo kontserba baten atzean dagoenari balioa ematen saiatu gara, balioa eta garapena sortzen dituzten pertsonak, komunitatea eta konpainiei, alegia. Horretarako, ezinbestekoa da arduraz jokatzen dutenen baliabideak, giza eskubideak eta lehiakortasuna zaintzea”.
Gainera, erakundeak bultzatutako Atunaren Jasangarritasunerako Nazioarteko Adierazpena ere hizpide eduki zuten. Sektorearen konpromiso globala praktika “arduratsu eta gardenekin” indartzeko helburuarekin sortu zuten adierazpena: “Bermeo Tunak Bruselan berretsi egin du arrantza-eredu iraunkor, berritzaile eta egungo ingurumen- eta gizarte-erronkekin bat datorrenaren sustapenean nazioarteko erreferente gisa duen eginkizuna”.