Espazio publikoan ordena bermatzea eskatu dio EAJk udal gobernuari, "bizikidetza baketsua bermatzeko"
Bermeoko EAJk salatu du iritziak adierazi eta norbere ideiak balioan jartzeko ezin direla espazio publikoa zein pribatuak pintadaz, kartelez edota pankartaz bete, "eta are gutxiago jarduteko modu horiek udaletik justifikatu".
Bermeoko EAJk udalerriko espazio publikoari, ordenari eta bizikidetzari zuzenean eragiten dioten egoeren aurrean “dagokion erantzukina hartzeko” eskatu dio EH Bildu eta Guzanek osatutako udal gobernu taldeari. Jeltzaleen ustetan, azken egunetako egoera — espazio publiko zein pribatuetan pintadak egin eta kartelak jartzea— ezin da ez normalizatu, ez erakundeen erantzunik gabe utzi: “Ez gaude arazo ideologiko baten aurrean. Kudeaketa eta erantzukizun faltaren aurrean gaude”. Zehaztu dutenez arazoa ez dira bermeotarren iritziak, udala bizikidetza baketsua bermatzeko lanean ez aritzea baizik.
Espazio publikoa “guztiona” dela berretsi du EAJk, hondatu eta udalak erantzuten ez duen kasuetan arazoa puntuala izateari utzi eta “egiturazkoa” bihurtzen dela nabarmenduta. Horrez gain, iritziak adierazi eta norbere ideiak balioan jartzeko espazio publikoa zein pribatuak pintadaz, kartelez edota pankartaz bete ezin direla gehitu dute, “eta are gutxiago jarduteko modu horiek udaletik justifikatu”.
Azken egunetan bizitakoa “ez dela gertaera isolatu bat” zehaztu dute, “gelditasunean” oinarritutako gobernatzeko era baten isla baizik: “Gobernatzea ez da dena baimentzea, ezta beste alde batera begiratzea ere. Gobernatzea ordenatzea da, herria zaintzea eta bizikidetza bermatzea”. Horrenbestez, gogoratu dute Nadia Nemeh Bermeoko alkateari eta udal gobernuari dagozkiola bai espazio publikoen zainketa, bai Bermeori eragiten dioten egoera ezberdinen aurrean jardutea ere. Jeltzaleen ustetan, egoera horien aurrean udalak ezer ez egitean, “denak balio duenaren mezua zabaltzen” da, eta horrek “ondorio zuzenak” ditu Bermeoko irudian, mantenuan eta bizi kalitatean. “Gainera, espazio publiko edo pribatuean jokaera bandalikoak, eta gizarte-kohesioa bermatzen ez duten jarrerak babesten agertzen badira, jada ez gara espazio ideologikoaz ari, errespetuaz eta elkarbizitzaz baizik”, gehitu dute.
Hala, udal gobernuaren jarrera udalerrian antzeman eta aurretik ere salatuak dituzten beste arazo batzuekin lotu dituzte EAJtik, hala nola, garbitasunarekin, hiri mantentzearekin eta Bermeoko kale eta auzoen egoerarekin: “Ez da egoera isolatua. Bermeon aztarna uzten ari den kudeaketa modu baten ondorioa da”. Era berean, alderdi jeltzaleak espazio komunaren, ordenaren eta bizikidetzaren zaintzan oinarritutako udalerri ereduarekin duen kopromisoa berretsi nahi izan du.
Ildo horretan, “edozein hertsapen, irain edo informazio faltsu” beti gaitzetsi dituztela eta gaitzesten jarrituko dutela nabarmendu dute, kritika politikoa errespetuan eta egiazkotasunean oinarritu beharko litzatekeela uste baitute: “Denak ez du balio, are gutxiago elkarbizitzaz eta eztabaida publikoaz ari garenean”. Hala, Bermeok “benetan jarduten duen udala” behar duela aldarrikatu dute, “eta ez pankarten atzean ezkutatzen den bat”.