29. Hegaluze Sarirako hautagaiak aurkezteko epea zabaldu dute
Herritarrek apirilaren 19a bitartean [domeka] egin ditzakete proposamenak. Saria maiatzaren 22an [barikua] banatuko da, XXXII. Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian.
XXXII. Arrain Azokan banatuko den 29. Hegaluze Sarirako hautagaiak proposatzeko epea zabaldu dute, eta apirilaren 19a bitartean [domeka] egin ahalko dira proposamenak. Saria maiatzaren 22an [barikua] banatuko da, ohi legez, XXXII. Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian.
Hegaluze Sariak ekintza puntual edo jarraipen profesionala saritzea du helburu, eta “Bermeoren izena zabaldu eta goratu edo herriaren alde lan egin duen” pertsona, erakunde, elkarte, entitate, enpresa edo proiektuei aitortzen zaie. Bermeoko Udaletik gogoratu dutenez, gainera, proposamenak egitean “arlo guztietako ekintza motak” aurkeztu daitezke, esaterako, kirola, enpresa, kultura, gizartea edo ekonomia arloetakoak.
Proposamenak egin gura dituztenek orri batean zehaztu beharko dituzte hautagaiaren datuak eta zergatik aukeratu duen. Hautagaitzak aurkezteko bi aukera dituzte eskura herritarrek: Bermeoko Udal Turismo Bulegora bertaratzea edota turismoa@bermeo.eus helbide elektronikora idaztea.
Irabazlea aukeratzea Arrain Azoka Elkartearen esku geratuko da. Zehaztu dutenez, hautagai jakin bat behin baino gehiagotan proposatua baldin bada, bat izatea legea hartuko dute, bozketarik egin gabe.