EH Bilduren eta Guzanen zinegotziak Bozeramaileen batzordeetan ez egotea kritikatu du Bermeoko EAJk
Jeltzaleek uste dute "ezinbestekoa" dela udal talde denek ezarritako lan organoekiko konpromisoa izatea. Izan ere, azken hiru Bozeramaileen batzordeetan ez direla egon EH Bilduko eta Guzaneko zinegotziak esan dute, alkatea eta EAJko zinegotzi bat egon direla adierazita.
Bermeoko EAJk EH Bilduri eta Guzani aurpegiratu die osoko bilkuren aurreko Bozeramaileen batzordeetan udal gobernuan dauden bi alderdi horietako zinegotziak “behin eta berriz” ez egotea, “ohiko praktika” bihurtu dela esanda. Jakinarazi dute Nadia Nemeh alkatea eta Idoia Platas EAJko kidea bertaratu izan direla azken hiru bileretara, eta ez dela egon EH Bildutik eta Guzanetik liberatuta dauden zinegotzirik. “Udalaren funtzionamendurako funtsezkoa den organo bati huts egitea da. Egoera ez da puntuala, jarduteko modua baizik, Bermeo noraezean uzten duena”, esan dute.
Bozeramaileen Batzordea osoko bilkura prestatzeko, informazioa partekatzeko eta talde guztien lana errazteko gunea dela gogoratu dute, eta bilera horretara zinegotziak ez bertaratzea “erantzukizun falta” dela diote: “EAJk uste du absentzia horiek ez dutela udalaren lanarekiko eta administrazioaren funtzionamenduarekiko konpromisorik islatzen”.
Gogorarazi dute bilera horiek urte hasieratik daudela finkatuta, eta “ez dagoela aitzakiarik ez joateko”. Gaineratu dute “ezinbestekoa” dela udal talde denek ezarritako lan organoekiko konpromisoa izatea: “Jarduera instituzionalaren jarraitutasuna eta eraginkortasuna bilera horien ardurapean daude, eta funtsezkoak dira gardentasuna, koordinazioa eta udal kudeaketaren garapen egokia bermatzeko”.
Gaztemundu programa.
Bermeoko EAJk, bestalde, gobernu taldeari eskatu dio Gaztemunduri Ateak Ireki programen difusioa indartzeko Bermeon, aurten Busturialdeko familien parte hartzea aurreikusi baitute. Jeltzaleek azpimarratu nahi izan dute “oso garrantzitsua” dela bermeotarren familiek aukera horiek ezagutzea, diasporako gazteei harrera egin ahal izateko eta “lotura kultural eta sozialak sendotzen laguntzen jarraitzeko”.