Portuzarreko ibilgailuen zirkulazioa mugatuko dute, "espazio seguru eta atseginagoa" bihurtu asmoz
Bermeoko Udalaren neurri berriak bihar [martxoak 27] sartuko dira indarrean; apirilaren 12a [domeka] bitartean Portuzarreko sarrera itxita egongo da ibilgailuentzat, 13:00etatik 18:00etara arteko ordutegian.
Bermeoko Udalak, Portuzarra herritarren aisialdirako, topaketarako eta “gozamen partekaturako espazio atseginago” bihurtu asmoz, gune horretako ibilgailuen zirkulazioa mugatzea erabaki du. Portuko Udal Kontseiluan parte hartzen duten adostasunarekin hartutako erabakiarekin, ibilgailuen zirkulazioa ordutegi jakin batean eten egingo da, herritarrak lasaitasun handiagoz ibiltzeko eta inguruneaz “modu atseginagoan” gozatzeko. Neurri berriak bihar [martxoak 27] sartuko dira indarrean eta lehen fasean, apirilaren 12ra [domeka] bitartean 13:00etatik 18:00etara bitartean Portuzarra ibilgailuentzat “erabat itxita” egongo da, larrialdiak salbu.
Gune hori bermeotarrentzat “balio handiko gunea” dela nabarmendu dute udaletik, herritarren eguneroko bizitzan gero eta presentzia handiagoa hartzen ari baita. Horregatik, “funtsezkotzat” dute espazio publikoaren kalitatea zaindu eta erabilera atsegina sustatzea. Hala, urteko aldi ezberdinetan itxiko dute Portuzarra: martxoaren 27tik apirilaren 12ra arteko aldiaz gain, Aste Santuan , uda-sasoian —ekainaren 15etik irailaren 20ra— eta gabonetan —abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra— ere itxita egongo da, 13:00etatik 18:00etara. Horrez gain, urteko bariku, zapatu eta domeka guztietan ere itxi egingo dute, ordutegi berdinean. Ondorioz, egun horietan ibilgailua portura sartu eta 13:00ak aurretik atera ez duenak ezingo du 18:00ak arte atera.
Udaletik jakinarazi dutenez, neurria “pixkanaka” ezarriko da; hau da, lehenengo fasean hesiak erabiliko dituzte sarrera kontrolatzeko eta gerora, kamera bidezko kontrol-sistema ezartzea aurreikusten dute. “kudeaketa eraginkorragoa eta segurtasun handiagoa bermatzeko”. Horrez gain, trafikoaren antolaketa hobetu asmoz, liburutegiaren aurrean biribilgune bat margotuko dutela iragarri dute, ibilgailuei maniobrak “modu errazago eta seguruagoan” egiten laguntzeko.
Halere, aurrerago, jarduera ekonomikoa eta auzoko bizimodua bermatu ahal izateko, Portuzarreko eguneroko jarduerarekin lotura zuzena duten eragileentzat sarbide-baimen sistema bat jarriko dute martxan. Horrek amarratutako ontzien erabiltzaileei, lonjen jabeei, jarduera portuan egiten duten kirol elkarteek… portura ibilgailuarekin sartzeko baimena eskatu ahal izango dute: “Kasu guztietan, baimendutako pertsona bakoitzak, gehienez, bi ibilgailuren matrikulak erregistratu ahal izango ditu, sarbidearen kontrola eta espazioaren erabilera arduratsua bermatzeko”.
Baimen berezia eskatzeko interesa dutenek apirilaren 15etik [eguaztena] ekainaren 15era [astelehena] bitartean eman beharko dituzte beraien datuak, Berhazen aurre aurre edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Halere, azaldu dute aurten Aste Santuan ez dutela baimenik aplikatuko.
Neurri berriek “Portuzarraren izaera indartzen” lagunduko dutela uste dute udaletik: “Espazio publikoaren erabilera orekatuagoa sustatzea da xedea, bertan sortzen den bizitza soziala aberastuz eta elkarbizitza baldintza egokiak bermatuz”. Nadia Nemeh Bermeoko alkatearen esanetan, Portuzarra “denon artean zaindu eta gozatzeko modukoa izatea” nahi dute, eta neurri berriekin herritarrei “espazio lasaiagoa, seguruagoa eta atseginagoa eskaintzea” dute helburu. Nabarmendu duenez neurri berriak “probaldi gisa” abiatuko dituzte, asmoa horien eragin eta egokitasuna denboran zehar ebaluatzea izanik: “Asmoa da neurriaren garapena arretaz aztertzea eta herritarren erabilera-ohiturak kontuan hartzea, beharrezkoa balitz etorkizunean egokitzapena egin ahal izateko. Helburua argia da: Portuzarraren erabilera guztiontzat egokia. orekatua eta iraunkorra izatea”.