"Hitzordu ederra izango da, euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua"
Irati Manzisidor eta Iraitz Zuluaga, Korrikaren amaierako jaia aurkezten.AEK Bilbon agurtuko da 24. Korrika domekan [martxoak 29], eta lasterketa erraldoia jai handiagaz amaitzeko, dena prest daukate AEK-ko kideek. 2750 kilometro, 3436 lekuko-aldaketa eta milaka eta milaka euskal herritarren hamaika emozioren ostean, lekukoak babestu eta zaindu duen mezua ezagutuko da. “Bizkaiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, udaletxeko zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izanen da, eta, segidan, festarako tenorea helduko zaie bertaratutakoei”, adierazi dute azken eguneko arduradun Iraitz Zuluagak eta Irati Manzisidorrek.
Atzo Bilboko Kalderapeko Kulturgunean aurkeztu zuten Korrikaren amaierako jaia, eta Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertaratzeko deialdia egin zuten. Arduradunen hitzetan, “hitzordu ederra izango da Bilboko herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua”.
Amaiera-ekitaldia Ernesto Erkoreka plazan (udaletxean) ospatuko dute. Azken lekuko-hartze nazionalak egin ostean, eta ohi legez, AEK-ko kideen eskutik, lekukoa 12:30erako iristea espero dute. Hain zuzen ere, AEKko kideek mezu-egilearekin batera egingo dituzte euskararen aldeko ekimenaren azken urratsak Venezuela plazatatik: “Une horretan ezagutuko dugu, beraz, eskuz esku, kilometroz kilometro, Atharratzetik Bilbora joan den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea nor den, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere”.
Bi ohar garrantzitsu ere eman dituzte; batetik, AEK-k berariazko protokoloa ezarri du, eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin; eta bestetik, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute.
Bestalde, askotariko ekitaldiak egongo dira sei gunetan banatuta, eta Zazpikaleetan ere egunean zehar kale-animazioa ez da faltako: txarangak, erraldoien kalejira, Korrika kantari eta joaldunak…
Besteak beste, LaBasu, Añube, Bele eta Mixerabliak bezalako artistek kontzertuak eskainiko dituztela azpimarratu dute. Horrez gain, azoka, herri kirolak, herri bazkaria, erakusketak eta beste hamaika topatuko dituzte gune horietara bertaratzen diren herritarrek.