Autismoari eta osasun mentalari buruzko jardunaldia antolatu du AmaTea Elkarteak
AmaTea Elkarteak Autismoari eta Osasun Mentalari buruzko III. Informazio Jardunaldia antolatu du zapaturako, Nestor Basterretxea aretoan, fokua "Busturialdean familiek duten problematikan" jarri asmoz. 11:00etan jarri dute hitzordua.
Apirilaren 2a Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna dela baliatuta, Autismoaren Espektroko Nahasmena daukaten umeen eta horien familiartekoek osatutako AmaTea Elkarteak Autismoari eta Osasun Mentalari buruzko III. Informazio Jardunaldia antolatu du zapaturako, Nestor Basterretxea aretoan, fokua “Busturialdean familiek duten problematikan” jartzeko. 11:00etan jarri dute hitzordua, eta bi orduko iraupena izango du.
AmaTeakoek 2019an ekin ziteon bere ibilbideari, elkarte izaera 2023an hartu bazuten ere. Hala, bertaratzen diren familia, profesional zein banako guztiei azken zazpi urteetan egindako proiektuak zein etorkizunean etorriko diren lankidetza eta proiektu berriak aurkezteko baliatuko dute jardunaldia. Horrez gain, “errealitate ezberdinak” dituzten ume, gazte zein helduen “bizi kalitaterako estimulazioa eta garapena” lantzen dituen Barakaldoko Piecittas zentroko profesional bateko aditu batek informazio-hitzaldia eskainiko du.
Jardunaldian, autismoaz harago, osasun mentalaz hitz egingo dute, “garrantzitsua” delako: “Ume asko ditugu beste desgaitasun edo arazo batzuk dituztenak; beraz, hitz egin behar da, eta familiak eta herriek nola bizi duten ezagutzeko ere garrantzitsua da hitz egitea”. Izan ere, “autismoa edo beste desgaitasunen bat” duten adin txikikoen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten du AmaTeak, eta sarea osatzea dute helburu: “Elkarri laguntzen diogu, sare sozial bat gara. Diagnostikoa jasotzean, lehenengo arazoa izaten da ez dizutela informazio zuzena ematen, eta horregatik, guk familiei lehen arreta egiten diegu; egin beharreko izapideak azaldu, egunerokotasuna nola kudeatu eta batez ere, funtzionatzen dutenaren bermea dugun profesionalen informazioa ematen diegu, hori ere ez delako erraza”.
Proiektua “herrira zabaltzen” ari da AmaTea; hasieran, Eleizalde Ikastolan eskaintzen zituzten sesioak, eta orain, kultur etxean duten Terapigunera lekualdatu dituzte: “Bermeoko Udalak utzi digun espazioan, terapia pribatuak eskaintzen dira, familiak herritik mugitu behar ez izateko. Urte askotako eskaera onartu dute, eta oso garrantzitsua da; osotasunean Bermeon egin diren AEN diagnostikoak ditugu”.
Gero eta jende gehiago. Elkartera “gero eta jende gehiago” hurbiltzen ari dela antzeman dute, azkenaldian familien galderak jasotzen ari baitira: “Kanpoko jende asko ere hurbiltzen zaigu, eta beraz, jardunaldia gazteleraz izango da”. Udalaren, gizarte zerbitzuen eta hezkuntza zentroen “inplikazioa eskertu” nahi izan dute: “Sortzen ari garen sarea herriarentzat geratuko da”. l