Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolan Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatu zuten atzo eguerdian [martxoak 22], bere 125. urteurrenagatik. Hezkuntzaren, komunitatearen eta lurraldearen arteko loturak indartzen dituen sinbolismoz betetako ekitaldi horretan elkartu ziren ikasleak, irakasleak, familiak eta ordezkari instituzionalak. Gainera, ikastetxeko lorategian bildu aurretik, Aixerrotara ibilaldia egin zuten komunitateko ehunka lagunek.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Urko Duarte San Fidel Ikastolako zuzendariaBizkaiko Batzar Nagusiak
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Urko Duarte ikastolako zuzendariak, hezkuntza komunitateko eta Bizkaio Batzar Nagusietako Mahaiko ordezkariek eta tokiko agintariek parte hartu zuten landaketan: “Ikastetxeak 0-18 urte bitarteko irakaskuntzan erreferente legez izan duen ibilbide historikoa balioan jarri du topaketak”.
Hezkuntzak gizartearen garapenerako funtsezko zutabe gisa daukan garrantzia azpimarratu zuen Otaduik: “San Fidel Ikastola Gernika-Lumoko eta Bizkaiko egitura biziaren parte da, belaunaldietan zehar hartutako konpromisoaren, jarraitutasunaren eta zerbitzu bokazioaren eredu izanda. Herri modura batzen gaituen sustrai sakonak eta gure balioetatik hazten jarraitzeko erantzukizun partekatua sinbolizatzen ditu Gernikako Arbolaren oinordekoak”.

Atzo eguerdiko ekitaldia.Bizkaiko Batzar Nagusiak
Otaduiren berbetan, keinu horrek foru erakundearen eta hezkuntza komunitatearen arteko lotura “indartzen” du, eta Gernikako Arbolak eskubide historikoak, bizikidetza eta etorkizunarekiko konpromisoa irudikatzen dituela gogoratu zuen, “ikastolak 125 urteko historian transmititzen jakin izan dituen balioak, hain zuzen ere”. Sinbolo horrek irudikatzen duen ondarearekiko konpromisoa erakutsi zuten atzoko ekitaldian, eta oinordekoaren “landaketa sinbolikoa” ere egin zuten. Jardunaldiaren amaieran, Benetakotasun Ziurtagiria jaso zuen ikastolako zuzendariak.