Foruko Kultur Etxearen birgaitzea, Spheere proiektuaren barruko Europar Batasuneko proba pilotua
Spheere proiektuaren arduradunenak Foruan izan dira gaur [martxoak 23], kultur etxea lehen eskutik ezagutzeko. Joan Mari Torrealdai Kultur Etxea modernizatuko dute, "modu jasangarrian"; esku hartzeak 400.000 euroko inguruko inbetsioa suposatuko du, eta Europako funtsen bidez finantzatuko da.
Argazkia: Foruko Udala Foruko Joan Mari Torrealdai Kultur Etxea Europar Batasuneko proiektu pilotu gisa hautatu dute Spheere proiektuaren barruan, eta birgaitze jasangarri batekin, udalerria “eraginkortasun energetikoaren eta jasangarritasunaren abangoardian kokatuko” du. Spheere proiektuaren arduradunenak Foruan izan dira gaur [martxoak 23], kultur etxea eta udalerria bisitatzeko. Izan ere, ekimen horri esker, eraginkortasun energetiko oso handiko sistementan oinarritutako “birgaitze energetikorako irtenbide berriak” garatu ahal izango direla nabarmendu dute udal gobernu taldetik. Adierazi dutenez, proiektua EAJren kudeaketaren eta aurretiazko parte-hartze prozesu baten emaitza da.
Esku hartzean, “soluzio berritzaileen bidez”, kultur etxeko eraikina modernizatuko dute, besteak beste eraikinarern inguratzailea hobetu, energia fotovoltaikoa integratu eta efiziantzia handiko energia sistemak txertatuko baitituzte, “ia emisiorik gabeko eraikin baterantz aurrera eginez”. Zehaztu dutenez proiektuak 400.000 euroko inguruko inbetsioa izango du, eta Europako funtsen bidez finantzatuko da.
Jeltzaleek nabarmendu dutenez, Forua bezalako herri batentzat maila horretako proiektu europar batean parte hartzea garrantzitsua da: “Proiektu honek erakusten du udalerri txiki batek, erantzukizunez eta etorkizunerako ikuspegiarekin kudeatzen denean, helburu handiak lor ditzakeela eta erreferentziazko Europako eta nazioarteko proiektuetan parte har dezakeela”.

Argazkia: Foruko Udala
Era berean, proiektua posible egin duena EAJk azken urteetan egindako “kudeaketa ekonomiko arduratsua” izan dela azpimarratu dute, Foruak “kontu onbideratuak, zero zorra eta aurrezki maila handia baititu”: “Horri esker udalerriko ekipamendu eta zerbitzuak hobetzen dituzten proiektu handiei aurre egin ahal zaie”. Gobernu taldeak bultzatutako partaidetza-prozesua ere gogoratu dute, horren bidez herritarrek kultur etxeari buruzko beraien ikuspegia emateko aukera izan baitute.
Halaber, EH Bilduk “udalerriarentzat aukera garrantzitsua” den ekimenaren aurrean abstenitzea erabaki duela azpimarratu nahi izan dute, proiektuak iraunkortasunean, berrikuntzan eta ekipamendu publikoen hobekuntzan aurrera egitea ahalbidetuko duela nabarmentzearekin batera. EAJtik Foruaren “garapen iraunkorrerakin eta bizilagunentzako aukerak eta ongizatea sortzen jarraitzea ahalbidetuko duen kudeaketarekin duen konpromisoa” berretsi dute.