EH Bilduren etxebizitzarako udal politikak bultzatzeko "konpromiso eza" salatu du EAJk
EAJk Ean etxebizitza "eskaintza handitzeko neurri zehatzak" biltzen dituen udal mozioa aurkeztu du, baina EH Bilduk kontra bozkatu du. Eatarrei etxebizitza lortzeko erraztasunak eman behar zaizkiela nabarmendu dute jeltzaleek.
Eako EAJk EH Bilduren gobernu taldeak eatarrei etxebizitzarako sarbidea errazteko udal politikak bultzatzeko duen “konpromiso eza” salatu du. Jeltzaleek udalerrian etxebizitza eskaintza handitzeko neurri zehatzak biltzen zituen udal mozioa aurkeztu dute, etxebizitza hutsak edota urtaroaren arabera erabiltzen direnak mobilizatzeko udal estrategia martxan jartzeko helburuagaz, baina EH Bilduk kontra bozkatu eta “atzera bota” du.
Proposamena “udalerrian ezaguna den behar eta errealitate batetik” jaio dela nabarmendu dute jeltzaleek, hutsik dauden edo urteko sasoiaren arabera erabiltzen diren etxebizitzen kopurua “esanguratsua” baita Ean, eta horrek familia berriak udalerrian finkatu eta bertan bizitzako proiektua garatzea zailtzen du: “Ezin dugu besoak gurutzatuta geratzen jarraitu Earen benetako behar baten aurrean. Etxebizitza eskuratzeko erraztasunak eman behar dizkiegu eatarrei, batez ere gazteei”.
Aurkeztutako mozioak etxebizitzen eskaintza handitzeko hainbat neurri jasotzen zituen, hala nola, etxebizitza hutsen errolda sortzea, Alokabidegaz alokairua errazteko hitzarmen bat sortzea eta jabeak etxebizitzak merkatuan jartzera animatzeko pizgarri fiskalak aztertzea. Horrez gain, etxebizitzen jabeentzako aholkularitza eta bitartekotza gune bat abian jartzea ere proposatu zuten, baita hedapen aktiboa egitea ere, etxebizitzak ezagutarazteko udal zerrenda edo plataforma bat sortuz eta horiek merkatuan sartzea erraztuko duten laguntza mekanismoekin.
Jeltzaleen ustez, udal gobernu taldeak “behingoz paper aktiboa hartu” behar du etxebizitza politiketan. Zehaztu dutenez, hamar urte baino gehiago “geldik” egon dira, arazoari aurre egiteko neurririk bultzatu barik. “Arazoa ez da soilik eskariarena, eskaintzarena ere bada, eta gure bizilagunen lehentasuna kontuan hartuko ez luketen eraikuntza berrietara jo aurretik, beharrezkoa da egun udalerrian hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko lan egitea”, azpimarratu du EAJk.
Kezkatuta.
Hala, EH Bilduk proposatutako neurriekin bat ez datozela adierazi eta kontra bozkatu izana kritikatu dute: “Gai honetan lanean ari direla besterik ez dute esaten, eta horrek agerian uzten du eatarren benetako behar baten aurrean konponbideak bilatzeko konpromiso falta”. Udal gobernu taldearen planteamendua, erantzukizuna beste administrazio batzuei helaraztean oinarritzen dela nabarmendu, eta “kezkatuta” daude koalizioak “beste erakunde batzuek sustatutako etxebizitzen balizko sustapenen inguruan dituen negoziazioengatik”. Izan ere, eredu horri jarraituta etxebizitzak Etxebideren bitartez esleituko liratekela uste dute eta, ondorioz ez litzatekela eatarrek lehentasuna izatea bermatuko.
Etxebizitza politikak udalerriaren premiei erantzun behar diela berretsi dute, eatarrek beraien herrian etxebizitza eskuratzeko aukera izatea erraztuz. “EH Bilduk hitzetatik ekintzetara igaro behar du, eta neurri zehatzak martxan jarri behar diu, etxebizitza eskaintza handitzeko eta udalerriaren benetako behar bati erantzuteko”.