Arrantzako Tokiko Ekintza Taldeen proiektuak, etorkizuna bermatzeko "ezinbestekoak"
Isabel Artime Espainiako Arrantzako idazkari nagusia Bermeon izan da asteon, arrantza sektorearen egoera ezagutzeko. Atunaren inguraketa arrantzako ordezkariekin bildu da.
Argazkia: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa. Isabel Artime, Espainiako Arrantzako idazkari nagusia, Bermeon izan da asteon, tokiko sektorearen egoera eta enpresak ezagutzeko. Bisitan, idazkari nagusiak balioan jarri zituen Euskal Herriko kostaldeko udalerrietan jarduten duten Arrantzako Tokiko Ekintza Taldeen (ATET) proiektuak, arrantza komunitateek etorkizunean bultzada izateko “ezinbestekoak” direlako. Izan ere, Itsas Garapen Elkarteak sustatutako proiektuek, biztanleria finkatzeaz gain, enplegua sortu, itsas nortasuna indartu eta “ekonomia urdin berritzaile eta iraunkorra bultzatzen” dute.
Itsas Garapen Elkarteak bultzatutako proiektuak dira, eta ATETek Euskal Herrian Partaidetzazko Toki Garapenerako Estrategia gauzatzeko egindako lanaren barruan kokatzen dira, arrantza komunitate bakoitzaren beharretara egokitutako erantzunak diseinatzeko helburuagaz. Horren bidez, administrazioa, kofradia, elkarte eta bestelako eragileek “lehentasunak identifikatu” ditzakete, eta, horren arabera, enpleguan, dibertsifikazio ekonomikoan, kohesio sozialean eta itsasertzaren jasangarritasunean eragina daukaten ekimenak hautatu. Ekimenak Europako Itsas Arrantza eta Akuikultura Funtsagaz batera finantzatzen dira.
38 ekimen. Gaur-gaurkoz, 38 ekimen dituzte onartuta Euskal Herriko Arrantzako Tokiko Ekintza Taldeek, 1,35 milioi euroko diru laguntzekin. Aurreikusitako inbertsioa “3 milioi eurotik gorakoa” dela nabarmendu dute Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriorik. Ekimenetako askok “ekonomia urdina, berrikuntza, dibertsifikazioa eta ingurumen hobekuntza bultzatzen” dituzte.

Argazkia: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa.
Arrantzako Tokiko Ekintza Taldeen proiektuen helburuak arrantza produktuen balio erantsia handitzea, turismoari eta gastronomiari lotutako jarduera berriak bultzatzea, arrantza ondarea kontsarbatzea eta sektorearentzat funtsezkoak diren lanak ikusaraztea izaten jarraitzen dutela berretsi zuen Artimek. Haren hitzetan, egungo garaia Europako kostaldeko zonaldeen “etorkizunerako gako” da, eta, bide horretan, tokiko garapen parte hartzaileak “garrantzia” izango du, 2028-2034 aldirako finantza proposamenean jarduera horietarako “argi identifikatutako finantzaketarik ez dagoelako”.
Bermeoko bisitan, Artimek Arroyabe kontserba fabrika, Datafish arrantza datuen enpresa eta San Pedro kofradia ezagutu zituen, neskatilen lan tradizionala “arrantza sektorearentzako eta tokiko ekonomiarentzako funtsezkoak izan direla egiaztatuz”. Atunaren inguraketa arrantzako euskal ordezkariekin ere batzartu zen, Ozeano Barean, Atlantikoan eta Indiako Ozeanoan jarduten duten modalitate horretako ontzien %91 osatzen baitute.