Korrikaren hasiera ekitaldira joateko autobusa antolatu dute
Martxoaren 19an (eguena) Korrikaren hasiera ekitaldira, Atharratzera, joan gura dutenentzako autobusa antolatu du Busturialdeko AEK-k. Izena eman behar da, eta horretarako azken eguna da biharkoa (martxoak 16).
Korrikaren hasiera ekitaldia, duela bi urte, Irunen. Argazkia: Korrika. 24. Korrika eguenean (martxoak 19) hasiko da Atharratzen, eta hasiera ekitaldira joan gura dutenentzat autobusa jarri du Busturialdeko AEK-k. Horretarako, baina, bihar (martxoak 16) izango dute izena emateko azken aukera, 17:00ak baino lehen.
Izen ematea Bermeoko AEKn edota telefonoz deituta egin ahala da (609 46 20 18). Joan-etorriagatik 20 euro ordaindu behar direla azaldu dute, eskudirutan edota bizum bidez; bizuma 635 97 16 54 telefono zenbakira egin beharko da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, 08:00etan irtengo da autobusa Bermeoko Martin Deunatik, eta buelta, berriz, 18:00etan egingo dute. Jaiak, baina, Bermeon ere segituko du: 21:00etatik aurrera, bertsoak eta jatekoa egongo dira Kabidxen.