Sukarrieta eta Busturia arteko muga aldaketa baliogabetzeko eskatuko dute
Sukarrietako Udalak San Dinderi eta Abiñako espolioari lotutako espediente berria zabaldu nahi du, epai irmoa betetzen dela berrikustea eskatzeko.
Sukarrietako Udalak abokatua eta katedradun aholkulari bat kontratatu ditu, San Dinderi eta Abiñako espolioari lotutako espediente berria zabaldu asmoz. Zehaztu dutenez, ez dute epai irmo baten berriskupena bultzatu nahi, epai hori betetzen dela berrikustea baizik. Izan ere, uste dute ez direla ezarritako irizpideak bete eta, horregatik, Sukarrieta eta Busturia arteko mugaren aldaketa baliogabeko izendatzeko eskatu dute.
Udaletik gogoratu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 26/2016 autoaren arabera, muga aldaketaren epaia betetzeko “bi modu posible” zeuden: enklabea hura osorik inguratzen duen udalerrian integratzea edo bi udalerrien arteko mugen aldaketa egitea. Bigarren neurriak, baina, bi udalerrian oniritzia behar zuen. Bizkaiko Batzar Nagusiek 2017ko abenduaren 14an “ustez lehen aukeraren alde” egin zutela nabarmendu dute; halere, praktikara, “aldundiaren eta Geografiako Institutu Nazionalaren (GIN) arteko komunikazioek erakutsi legez”, bigarren neurria eraman zutela salatu dute, hau da, Sukarrieta eta Busturia arteko mugak aldatu dituztela, “Sukarrietaren onespenik gabe“.
Aldundiaren eta Geografiako Institutu Nazionalaren arteko komunikazioetatik ondorio batzuk atera dituzte sukarrietarrek. Batetik, Sukarrieta eta Busturiaren arteko muga lerro aldaketari dagokionez, institutuak “11. mugarritik aurrera Kartografiaren Erregistro Nagusian inskribatutako geometria aldatu dela” onartzen du: “Horrekin San Antonioren (Abiña) enklabea kendu nahi bazuten, Sukarrieta eta Busturiako mugarteen arteko muga aldatu behar zen, eta horrek Sukarrietako udalbatzaren onarpena eskatuko zuen”. Bestetik, aldundia “jurisdikziopeko itsasorik ez zegoen jakitun” zela azpimarratu dute, institutuak ere hala berretsi zuela adieraziz: “Definizioz, lerro bat hasierako puntu batetik amaierako puntu batera doa, baina aldundiak puntu batetik (11. mugarria) abiatzen den behin-behineko lerro bat marrazteko agindua eman zuen, harrigarria bada ere, bi bukaera puntu ezberdin adierazita: bata, lurralde-itsasoarekiko elkarguneraino; bestea, kartografiako erregistro nagusiaren lerroarekiko elkarguneraino”.
Horregatik guztiagatik, Sukarrietak bi udalerrien arteko muga aldaketa deusez deklaratzea eskatuko du, “epaiaren eta dagokion autoraren aurkakoa” dela iritzita. Horrez gain, Bizkaiko lurralde mugapei buruzko 9/2012 Foru Araua ere betetzen ez dela nabarmendu dute, ez baitator Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabakiagaz bat: “Jakina, Abiñari buruzko epaia batetzea ezinezkoa dela deklaratzea ere eskatuko dugu, jurisdikziopeko itsasorik ez dagoelako eta horren presentzia auzitegiari erakutsi zitzaiolako aldundiaren legez kanpoko jarduera batean”.
Udaletik uste dute administrazio prozedura berri bat zabaltzeko “oinarri sendoa” dutela, eta prozesuak “ziurrenik” administrazioarekiko auzi bat ekarriko duela: “Kostuari dagokionez, irabazteko dugunarekin alderatzen badugu —Abiña berreskuratzea—, aurrera ez egitea guztiz zentzugabea litzateke”.