"Geure barrukoa erabat kanporatu asmoz egin dugu album berri hau"
‘Avenida América’ izena dauka Supercremallerasen ibilbidearen hirugarren geralekuak. Hamar lagineko albuma kaleratu dute, eta hori taula gainean defendatzen dihardute egun.
Argazkia: Dave Blanco. Gauza askorentzako tokia dago, Bilbo eta Madril arteko trantzean. Bideak har dezake maitasuna, edota haren falta. Har ditzake dezibelak eta fokuak, edota desesperantza. Har dezake oholtzaren izerdia, edota errepidearen isiltasuna. Avenida América izenez munduratu da Supercremalleras taldearen hirugarren estudioko lana. Julen Alberdi baxu- eta Dani Fernandez bateria-jotzaileek gernika-lumotar bi dituzte bidelagun, gitarra-jotzaile bi, Gorka bi: bata, Olaeta; bestea, Etxeberria, abeslari zein letragilea.
2018az geroztik, kargutu orduko, bideak hiru album utzi dizkizue.
Benetan ere. Musika egiteko asmo hutsez elkartu ginen, eta halaxe sortu genuen Supercremalleras; musikak batutako lagun taldea gara, inor baino gehiago edo gutxiago ez dena. Gaur egunera arte, hori ez da aldatu: anbizio beragaz segitzen dugu.
Hirugarren albuma edozein talderen “konfirmazioa” dela dio topikoak.
Lanik helduena dela esan ohi da, baina geure kasuan halaxe da. Geure barrukoa erabat kanporatu asmoz egin dugu album berri hau; kanten hitzetan biluztu egin gara. Horrez gain, bideak erakutsi digu, sarritan, gauzak gehiegi ez kargatzea onuragarria dela: abesti bat konponketaz josteak ez du beti hura hobetzen. Alde horretatik, kontu handiz lan egin dugu.
Hasi eta amaitu egiten den lan kontzeptuala izateak ba al dauka anbiziotik?
Bai, baina Supercremallerasek hasiera-hasieratik izan du kontzeptualtasun kutsurik. Kasu honetan, kantak kronologikoki atondu ditugu, albumak bidaia itxura izan dezan.
“Ohiko gaietatik abiatuta, zintzotasunez idazten ahalegintzen gara; lehen kolpean idazten saiatu gara”
Zerbait izatekotan, emozioen albuma dela dirudi.
Egunerokoa da geure iturri nagusia: egunean-eguneango kontu txikiak. Ohiko gaietatik abiatuta, zintzotasunez idazten ahalegintzen gara. Lehen kolpean idazten saiatu gara; beharbada ez da hauturik onena, baina segur aski egiazkoena bai. Oro har, Avenida América-n, barrenak zabaldu ditugu. Musikak asko du zabaltze horretatik. Maitasunaren emozioa hortxe dago, betiko legez, baina hortik harago doazenak ere jorratu ditugu: sold out fenomenoa, antsietatea nahiz minbizia. Horiek denek ere badute, neure ustez, emoziotik.

Argazkia: Dave Blanco.
Non dago Bilbo, eta non Madril?
Albumaren bidaiaren norabidearen arabera, irteeran edo helmugan daude. Joan-etorriko lana da. Taldearentzat, ostera, hiri biak ala biak mugarri dira. Bizkai mailan, Bilbo da gure elkargunea, eta hango zuzenekoek sortzen digute presiorik handiena. Madril, aldiz, handitasuna da, berritasuna, egunero eskura ez dugun zer edo zer.
Albuma eta Madril, gainera, ezkongaien pareko dira.
Halaxe da. Beharbada, kantuetan aipatzen diren toki gehiago daude Madrilen kokaturik, Bilbon baino. Edozelan ere, bai albuma, bai gu bueltan gatoz: Bilbo eta Gernika etxea dira, habitata.
“Badirudi musikaren industriak bertan bakarrik jotzera eroaten gaituela, baina tarteko pausoak ahaztuta”
Sold out-aren aroan, La Rivieraz mintzo zarete.
Hartaz eta areto handien dinamikez. Badirudi musikaren industriak bertan bakarrik jotzera eroaten gaituela, baina tarteko pausoak ahaztuta. Horren aurrean, areto txikiak zein tabernak defendatu behar dira, eta horretarako alea ipintzen saiatu gara.
Zein da sorkuntza prozesuaren hazia?
Hazi dezente daude, multzoan mugitzen dira. Melodian sinisten dugu: bakoitzak, zelan edo halan, berba edo fonema jakin bat iradokitzen du. Behin, abestiaren hezurdura eraikita, gainontzeko bidea konponketak egitean eta, funtsean, kanta janztean oinarritzen da.
Orain arteko albumik gitarreroena dela esan daiteke.
Hori Urtzi Iza ekoizlearen oinordetza da. Betidanik izan dugu Izagaz grabatzeko gogoa, eta esperimentazio aldi polita izan da.
Baina Iza partaide izan duten taldeek, Otoi edo Empty Files kasurako, zuon dinamiketatik urrun samar dirudite.
Hori aberasgarria da guztiontzat. Hark apur bat estutu gaitu, kantak modu batera edo bestera bideratzerakoan. Izari esker, abestiak gehiago hurreratu dira zuzenekoen moldera eta, alde horretatik, gitarren presentzia nabarmena da.
“Mikosis taldekoek ‘Novia Salcedo’-ri bestelako kolorea eman diote, abestia hobetu egin dute”
Zelako grabaketa izan da?
Txanda bitan egin genuen, eta dena oso erraza izan zen. Emaitzagaz pozarren geratu gara.
Novia Salcedo-n Mikosis taldea izan duzue bidelagun.
Asko miresten dugun taldea da eta, gainera, lagunak eta Izaren eskolakoak dira. Jarrera aldetik, igarri genuen bion artean elkarlan desberdina egin genezakeela. Abestiari bestelako kolorea eman diote, hobetu egin dute.

Argazkia: Dave Blanco.
Hirugarren lanagaz binilo edizioa kaleratu duzue estreinakoz.
Binilo kontsumitzaileak gara, bere xarmagatik. Formatua jagon nahi genuen, eta album hau egokia zen binilo erara entzuteko.
Lagun arteko entzunaldi bategaz hasi zenuten Avenida América-ren bidea, zer dela eta?
Gure jendearekiko hurbil sentitu gura genuen, eta albuma denon artean ospatu, guztien iradokizunak bilduz.
Badira Fuencarral moduko pasarte luzeak, Al Dente pilula ia-ia punka, interludio baten soinekoa duen Arctic Monkeys, edo Un Trato intimoa. Urtaro musikal denak ditu lan honek.
Baina guztiek taldearen zigilu musikala daukate. Hasieran, beharbada kanta geldoagodun lana irudikatu nuen, baina taldekideek beren eraginak eta influentziak eroan dituzte; aniztasun estetiko hori, egile nahiz entzule moduan, eskertu egiten dugu.
“Kontzertuetan albumaren ordena errespetatzen saiatzen gara: ikusleari bidaia bat proposatzen”
Lan kontzeptuala izateak kontzertu kontzeptualak prestatzearen lan karga erantsia al dakar?
Ordena errespetatzen saiatzen gara: ikusleari bidaia bat proposatzen. Abesti zaharrak jotzen segitzen dugu, baina album berriaren dinamika naturala zainduta.
Kontzertuetan zurrunbiloa abian da jada.
Bilbo, Gasteiz eta Madril izan dira lehen geltokiak. Ederto joan dira. Orain, toki berrietan albuma defendatzea egokitzen zaigu. Espainiako probintzia bakoitzean emanaldi bana egin gura dugu. Borrokatzea tokatzen zaigu orain: entzule bakoitzarengana heltzea. Berez, Supercremalleras tabernetan eta aretoetan jotzera ohituta dago, baina esango nuke geure proposamenak jaialdietan eta bestelako oholtzetan ere tokia izan dezakeela.