Askatasun Bideako etxebizitza bat hustu dute, "prebentzioz"
Erabakiaren eraginpean dauden familientzat errespetua eta pribatutasuna eskatu ditu Bermeoko Udalak.
Argazkia: Bermeoko Udala Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, atzo [martxoak 11] arratsaldean Askatasun Bidea 45ean dagoen eraikina “prebentzioz” hustu zuten, tokira bertaratutako udal teknikoek egindako balorazioaren ondoren. Erabakia “segurtasuna bermatzeko” helburuarekin hartu da, eta ondorioz, beste agindu bat eman arte hutsik mantenduko da.
Nabarmendu dutenez eraikina hustean ez da inolako zauriturik izan, eta bertan jardun zuten udaltzaingoen, Ertzaintzaren, suhiltzaileen eta osasun-zerbitzuen lana eta erantzun azkarra eskertu ditu udalak. Era berean, udal arduradunak ere “hasieratik” bertan izan zirela zehaztu dute, “kudeaketan laguntzen eta familiei arreta eta laguntza eskaintzen”.
Erabakiaren eraginpean dauden familientzat errespetua eta pribatutasuna eskatu dituzte.