Ekainaren 13an Iruñeko kaleak betetzeko martxa jendetsua deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak
Ekainaren 13an, Iruñea euskararen eta euskaltzaleen "bizi indarraren erakustaldi" izatea nahi dute. Euskalgintzaren Kontseiluaren kideen hitzetan, Pizkunderako behar diren baldintzen aldarrikapenerako gunea izango da; euskaltzaleok antolatzeko beste urrats bat, "euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko bultzada".
Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldiaEuskalgintzaren Kontseilua Euskararen aldeko arnasa soziala hauspotzeko eta hizkuntza-politiketan beharrezkotzat jotzen den jauziari bultzada emateko helburuz, Euskaltzaleon Martxa lelopean, ekainaren 13an Iruñean mobilizazio jendetsua deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Mobilizazio hori 2024an abiatutako ildotik kokatu du Kontseiluak: euskararen egungo larrialdi linguistikotik indarraldira eramateko bidean, “Pizkunde berri baten premia gizarteratzea”. Izan ere, euskararen biziberritzea “eraldaketa sozialeko prozesu bat” da, eta, ondorioz, herritarren eta gizartearen inplikazioa “ezinbestekoa” da aurrera egiteko. Horregatik, mobilizazioaren bidez, gizarte mugimendu zabal baten beharra azpimarratu nahi dute, “euskaltzaletasunaren giharra indartzeko”.
Abenduan Bilbon egindako ekitaldia pizkundearen ideia gizarteratzeko eta kulturak prozesu horretan daukan garrantzia azpimarratzeko gunea izan zen. Iruñeko hitzorduan, berriz, herritarren ekarpena izango da ardatza: euskaltzaletasuna egunerokoan nola landu eta sustatu azpimarratuko dute.”Abenduan, milaka euskaltzalek txiki utzi genuen Bilbao Arenako aretoa, euskarak etorkizuna izango badu, pizkunde berri bat eragin behar dugula aldarrikatzeko. Eta, gainera, elkarrekin pizkunde berri horren lehen txinparta pizteko”, adierazi du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusiak.
Gaurko agerraldian nabarmendu dute euskaltzaleek elkarguneak behar dituztela, “elkarrekin arnasa hartzeko, elkar elikatzeko, elkarrekin egoteko, elkarrekin antolatzeko bidea emango duten bide eta uneak, Pizkunderako txinpartak elkarrekin piztekoak”.
Hiru zutabe. Ekainaren 13an, Iruñeko kaleak betetzeko, hiru zutabe abiatuko dira —oraindik zehaztu gabe daude lekuak—, eta ekitaldi nagusia egingo den gunean elkartuko dira. Zutabe bakoitzak euskararen pizkunderako ezinbestekotzat jotzen duten hiru oinarrietako bat ordezkatuko duela jakinarazi dute.
Lehenengo zutabeak euskarak Euskal Herri osoan ofiziala izan dadila aldarrikatuko du; bigarrenak alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko ditu, hizkuntza-politiketan jauzi bat eragiteko asmoz; eta hirugarrenak euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko du, eta egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleak elkarrekin antolatzearen premia azpimarratuko ditu.
Iruñera joateko eta zabalpenean laguntzeko deia luzatu diete Euskal Herriko eragile eta norbanako euskaltzaleei. Laguntzeko zein parte hartzeko asmoa dutenek informazio, material eta baliabide guztiak www.pizkundea.eus webgunean eskuratu ditzakete, baita harremanetarako bideak ere.
Gaurko agerraldian adierazi duten bezala, gizarteko “esparru zabal batean” partekatutako diagnostikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuko azken hamarkadetako susperraldia moteltzen ari dela: “Horren aurrean, azken urteetan behin eta berriz azpimarratu da hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko beharra, paradigma berri batena”. Kontseilua osatzen duten erakundeen eta Kontseiluak eratutako Batuz Aldatu dinamikarekin bat egin duten ia 150 eragile sozialen ustez, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera normalerako baldintzak sortzea dira jauzi horren oinarriak.
“Aspalditik esaten ari garen bezala, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari dagokionean, agerikoak dira agortze zantzuak. Dudarik gabe, azken hamarkadetan asko aurreratu da arlo honetan, baina, orain, irabazte ziklo hori amaitu dela adierazten dute datu eta neurketak”, zehaztu du Eskisabelek. Atzeraldiaren arriskua irabazitako horiek galtzekoa “handia” da. Hizkuntza gutxituek dauzkaten erronka “berriak eta handiak” aipatu dituzte. Halaber, olatu erreakzionarioa oinarrizko eskubideak, hizkuntza eskubideak barne, eraisten ari dela salatu dute.