Bermeoko merkataritza-portuan garraiatutako salgaien bolumenak %24ko hazkundea izan du
Eusko Jaurlaritzak kudeatutako portuak eskualdeko ekonomiaren "azpiegitura estrategiko gisa sendotzen" jarraitzen duela azpimarratu dute, 2024an baino 44.871 tona gehiago mugitu baitziren iaz.
Eusko Jaurlaritza Bermeoko merkataritza-portuan jarduten duten enpresa arduradunekin batzartu da asteon, bertako jardueren bilakaera, egindako inbertsioak eta portuaren etorkizuneko erronkak aztertzeko helburuagaz. Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Leandro Azkue Arrantza, Portu eta Kostaldeko sailburuordeak eta Kostaldeko zuzendari Koldo Goitiak parte hartu zuten bileran portu administrazioaren eta enpresa eta eragileen arteko etengabeko koordinazioa “funtsezkoa” dela nabarmendu zuten, arintasuna, lehiakortasuna eta segurtasuna bermatzeko gakoa baita. Era berean, portuak izandako merkataritza trafikoaren hazkunde “esanguratsua” azpimarratu dute, garraiatutako salgaien bolumenak %24 egin baitzuen gora iaz.
Jaurlaritzak kudeatutako portuak eskualdeko ekonomiaren “azpiegitura estrategiko gisa sendotzen” jarraitzen du, bai instalazioetan lan egiten duten kontsignatario enpresekin “lankidetza indartu” delako, bai salgaien trafikoan izandako igoeragatik. Izan ere, 2024an 182.733 tona mugitu zituen portuak 84 ontzitan banatuta eta iaz, 96 ontzi behar izan ziren 227.604 tona mugitzeko. Zehaztu dutenez, salgai gehienek Europar Batasunean eta Mediterraneoko herrialdetan dituzte jatorria edo helburua.

Argazkia: Irekia
Datu horiekin Bermeoko portuaren “joera positiboa” berretsi du Jaurlaritzak, “gaitasun operatiboa eta merkatuaren beharretara egokitzeko ahalmena” erakusten baitute. “Bermeoko portuaren hazkunde-datuak autogobernuak funtzionatzen duela erakusten duen beste adibide bat dira. Gure azpiegiturak Euskaditik kudeatzeak enpresetatik gertu egoteko, haien beharrak lehen eskutik ezagutzeko eta erabakiak azkarrago eta eraginkorrago hartzeko aukera ematen digu”, adierazi du Barredok. Sailburuaren arabera, portuen euskal kudeaketa ereduak lankidetza publiko-pribatua, epe ertain eta luzeko plangintza eta eskualde bakoitzeko ingurune ekonomiko eta sozialarekiko integrazioa ditu oinarri, eta “lurraldeari estuki lotua” dagoen Bermeoko portuaren kudeaketa propioa “lehiakortasuna eta enplegua sortzeko duen ahalmenaren adibide” da, jasangarritasuna alde batera utzi gabe.
Bermeoko portuak bost karga-kai ditu, 125 metroko luzera eta 6 metroko sakonera arteko ontziak hartzeko prestatuak. Kontsignatario enpresak biltegiratze ahalmena handitu eta portuaren “operatibitatea optimizatzeko” inbertsioak egiten jarraitzen dute, instalazioetan denetariko materialak mugitzen baitira: produktu siderurgikoak, egurra, papera, aluminioa, marmola, igeltsua, urea, paper-orea… Eguneko 100 kamioi inguruko joan-etorria eta jarduera komertzialari lotutako 40 lanpostu zuzen sortzen ditu merkataritza portuak. “Gure konpromisoa eredu hau sendotzen jarraitzea da, Bermeon eta euskal portu guztietan. Hurbiltasuna eta ezagutza kudeaketa hobearekin lotuta daude. Autogobernu handiagoak herrialde honetako herritarren bizi-kalitate hobea dakar”, azpimarratu du Barredok.
Espazio berean arrantza-jarduera, salgaien garraioa eta aisialdiko nautika uztartzen dituen Eusko Jaurlaritzak kudeatutako merkataritza portu bakarra da Bermeokoa, eta horregatik, “integrazio eredu hori jasangarritasunaren, eraginkortasunaren eta lankidetza publiko-pribatuaren ikuspegitik sendotzen” jarraitu nahi dute.