Zabalik dago UEMAren Salto! udaleku ibiltarietan izena emateko epea
Aurten Markina-Xemeindik Ondarroara egingo dute udaleku ibiltaria. 2008 eta 2011 urteen artean jaiotako gazteek parte hartu ahalko dute, eta bi txanda edukiko dituzte aukeran: ekainaren 23tik uztailaren 1era eta uztailaren 3tik 11ra.
Aurtengoan, Lea-Artibai izango da Uemak antolatzen dituen Salto udalekuen epizentroa. Izan ere, 2008 eta 2011 urteen artean jaiotako gazteek Markina-Xemeindik Ondarroara bitarteko ibilaldia egingo dute. Parte hartzeko izena eman behar da, eta martxoaren 31 da horretarako azken eguna.
Bi txanda egongo dira aukeran, eta azken urteetan bezala, udalekua ibiltaria izango da. Lehenengo txanda ekainaren 23tik uztailaren 1era egingo dute, eta bigarrena uztailaren 3tik 11ra. Hala, eskualdeko lau herri zeharkatuko dituzte, oinez: Markina-Xemeinen eta Aulestiko Atxagarai aterpetxean gau bana igaroko dituzte, eta bina, Aulestin eta Berriatuan. Azken egunak, ostera, Ondarroan igaroko dituzte.
Txandetako bakoitzean 60 gaztetxok parte hartuko dute, eta herriz herriko mendi ibilbideak, kantaldiak, kontzertuak, tailerrak, hausnarketak nahiz beste hamaika ekintza egingo dituzte. Era berean, lagunak egiteko eta harremanetan sakontzeko denbora edukiko dute gaztetxoek, eta “balioetan oinarritutako” udaleku batez gozatuko dute: “Besteren artean, parekidetasuna, aniztasunarekiko errespetua, naturzaletasuna eta parte hartzea dira gure oinarriak”.
Hala, izena eman nahi dutenek labus.eus/Salto2026 web orrian dute udalekuen nahiz izen ematearen inguruko informazio guztia.
Saretzea eta sentsibilizatzea, helburu. Udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutu eta saretzeko aukera ematea da Saltoren muinetako bat: “Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua, hezkuntza arautuaren mugetatik kanpo, gazteen aisialdian ere eragin nahian”. Izan ere, oinarrian euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua.
Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren azken urteetako ildo nagusietako bat, eta horren baitan kokatzen dira Salto udalekuak. Ildo beretik, beste zenbait proiektutan ere ari dira lanean: “Udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua dugu abian, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak. Helburua da udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarria direla nabarmentzea, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain”.