Gaztemunduri Ateak Ireki programan harrera-familia izateko deia zabaldu dute
Busturialdea Argentina, Uruguai eta Australiatik iritsitako 54 gazteren harrera-lurralde izango da ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean, eta harrera-familia izateko aukera zabalik dago, Ateak Irekiren webgunean.
Gaztemunduri Ateak Ireki egitasmoak bultzatuta, Euskal Herria Argentinako, Uruguaiko, Amerikako Estatu Batuetako, Kanadako eta Australiako euskal komunitate gaztearen harrera herrialde izango da ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean. Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu proiektuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako Batzen Kultur Elkartearen Ateak Ireki programak bat egin dute Euskal Herriaren eta diasporaren artean “zubi iraunkorrak” sortzeko helburuagaz, eta horregatik, aurten bi helmuga eskainiko dituzte: Goierri eta Busturialdea-Urdaibai. Urremendi Landa Garapen Elkartearen eskutik estreinatuko da Busturialdea harrera-lurralde gisa, eta bertako familiak diasporako gazteen harrera-familia izatera animatu dituzte antolatzaileek.
Ateak Ireki programak euskara eta euskal kulturaren ezagutzan murgildu nahi zuten AEB eta Kanadatik etorritako 102 gazte hartu ditu azken hiru urteetan Goierrin, eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputaturentzat “pozgarria” da ekimenak Bizkaira salto egitea, parte hartze askoren arbasoen jatorria baita: “Beti amestu dugu gazteak hemen hartzea, bertoko familiekin egonaldia eskaintzea eta Bizkaiagaz harremana eguneko bisitez harago sakontzea. Aurten elkarrekin amets hori egi bihurtzea lortu dugu”.
Busturialdea harrera-lurralde izendatzeko “arrazoi ugari” izan dituzte, tartean gaur egun euskal diaspora osatzen duten atzerrian bizi diren euskaldunen “ehuneko handienetakoa” duen eskualdea izatea. Izan ere, programarekin “sustraiak indartu eta transmizioa bermatu” nahi dutela adierazi du diputatuak: “Egun batean alde egin behar izan zutenek beraien familiei transmititutako maitasuna, nortasuna eta balioak berdin jarraitzen dutela frogatu nahi da”. Gazteek, beste herrialde batzuetan bizi eta beraien jaioterriko kultura besarkatu arren, “bihotzean euskaldunak” izaten jarraitzea ikustea pozgarria dela nabarmendu du Arrizabalagak, horregatik, Busturialdera iritsiko diren gazteei “etxean daudela” sentiaraztearen garrantzia nabarmendu du.
“Proposamen indartsuagoa”.
Gaztemunduk egitasmoak, bestetik, 30 urtetan zehar euskal diasporako 800 gaztetik gora ekarri ditu Euskal Herrira, baina “berrikuntza kutsu baten beharra” antzemanda, Ateak Irekiren indarrak batzea erabaki zutela gogoratu du Ziortza Olano Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendariak. Bi programak batuta proposamen “berezi eta indartsuagoa” lortu dutela nabarmendu du. Euskadi Globala” aldarrikatu du Olanok, “Euskadi euskaldunak dauden lekuan” dagoela zehaztuz: “Diaspora barik, diasporak ditugu munduan zehar. Oso ezberdinak dira, eta bakoitzak euskal nortasuna modu ezberdinean sentitzen du, eta denak daude ondo. Dibertsitatea besarkatu eta aurrera egin behar dugu”. Horregatik, Busturialdeak Argentinatik, Uruguaitik eta Australiatik iritsitako gazteak hartuko ditu, eta Goierrik, berriz, estatubatuarrak eta kanadarrak: “Momentuz horrela egingo da banaketa; esperientzia berria da eta bakoitzak bere lekua izatea bilatu dugu”. Halere, egonaldian zehar astean behin edo birritan ekintza bateratuak egingo dituzte, esaterako Basque Culinary Centerren eskutik gastronomia ikastaroa.
Urremendiren eskutik iritsiko dira gazteak eskualdera, eta Aitziber Ansotegi elkarteko gerentea “pozarren” agertu da egitasmoa Bizkaiara ekartzeko esperientzia pilotua Busturialdean gauzatuko delako. Zehaztu duenez, beraien jarduna gazteei laguntza eskaini eta euskal kulturari lotutako ekintzak antolatzea izango da “bertako bizitza ezagutu” dezaten. Horrez gain, Busturialdeko udalekin harrera-familiak bilatzeko lan egingo dutela azpimarratu du, “oso garrantzitsua” delako familiak diasporako pertsonak etxean hartu eta loturak sortzea.
Iñaki Goirizelaia Batzen Elkarteko eta Ateak Ireki egitasmoaren zuzendariak aldundiaren, Jaurlaritzaren, Urremendiren eta Gipuzkoari Goieki Goierriko Garapen Agentziaren babesa eskertu du, baita Euskal Australiar Elkartearen “babesa, kemena eta indarra” ere: “Lan handia egin dute euskal australiarrak animatzen”. Gaztemunduri Ateak Ireki egitasmoagaz diasporako gazteak euskal kulturan murgildu, euskal azpiegitura instituzionala ezagutu eta “Euskadi modernoa ezagutzea” bilatu gura dutela nabarmendu du: “Guk nahi duguna da benetan ezagutzea zer garen eta benetan murgiltzea euskal kulturan, gero beraien jaioterrira itzultzean gure herriaren aldeko pertsona aktiboak izateako”. Horretarako euskara eskolak “garrantzitsuak” direla nabarmendu eta Zornotzako barnetegiari ere eskerrik beroenak helarazi nahi izan dizkio Goirizelaiak, egonaldian zehar gazteek “ia egunero” euskara klaseak jasoko baitituzte bertan. Euskal Herrira iritsi aurretik, ostera, Etxepare Institutuaren eskutik euskara ikasteko online saioetan murgilduko dira parte hartzaileetako asko.
91 gazte.
Euskadi Globala hizpide, Gaztemunduri Ateak Ireki programagaz bat egiteko gogoa erakutsi duten 18 eta 25 urteko 91 gazteen jatorria “oso zabala” dela zehaztu du Goirizelaiak. Horietatik 54 dira Busturialdeko egonaldian izena eman dutenak: 42 argentinarrek, 6 uruguaitarrek, 4 australiarrek eta frantziar eta perutar banak: “Frantziako eta Peruko izen ematea sinbolikoa da, baina zenbaki osoa oso polita da”. Zuzendariak Argentinaren kasua nabarmendu nahi izan du, herrialdeko “ia toki guztietatik” etorriko baitira Busturialdera: “Euskal etxe asko dira ekimenean inplikatu direnak eta etorriko diren gazte asko —%90,5— euskal etxeotan sartuta daude. Horrek agerian uzten du euskal etxeen garrantzia“.
Ekimena 18 eta 25 urtekoei zuzenduta egon arren, gazteagoen zein adin nagusiagokoen arreta ere bereganatu du nahiz eta ez diren aurtengo egonaldiaren parte izango. Zehaztu dutenez, eskualdeak hartuko dituen gazte gehienak 21 eta 23 urte bitartekoak izango dira eta gehienak (%71,2), emakumeak. Izan ere, argentinarren artean %71,43 dira emakumeak; uruguaitarren artean ostera, %83,33 eta australiarrak, %50.
Parte hartzaileen arbasoen jaioterriari dagokionez, argentinarren artean Gipuzkoa (%33), Nafarroa (%29) eta Bizkaia eta Lapurdi (biak %17) nabarmentzen dira. Uruguiatik etorriko direnen artean, ostera, Araba eta Gipuzkoar jatorria dute gehienek (%33,33). Australiarren “ia %100-ak” berriz, jatorri bizkaitarra du. Gainera, Busturialdera etorriko diren gazte gehienentzat Euskal Herrira etorriko diren lehen aldia izango dela zehaztu dute: “Batzuentzat lehen aldia izango da eta hori oso momentu berezia izaten da. Batzuetan, gainera, lehenengo aldiz etorri eta arbasoak ezagutzejo aukera izaten dute. Hunkigarria izaten da”.
Hiru asteko egonaldia esperientzia guztiz murgiltzailea izango da parte hartzaileentzat: “Ez datoz oporretan, lanera baizik”. Hala, astegunetan 9:00etatik 19:30ak arte lanean ibiliko dira, denetariko jarduerekin. Ekimena aurrera eramateko familiak “gakoa” direla nabarmendu du Goirizelaiak, orain arte parte hartu duten familiak “oso pozik” daudela adierazi dutela zehaztuz.Hori horrela, Busturialdeko familiei bat egin eta Ateak Irekiren webgunearen bidez harrera-familia gisa izena emateko deia egin die, “oso aberasarria” izango delako.
Gogoratu du “edozein” familiak eman dezakela izena, egin behar duten gauza bakarra gaztea “etxeko beste bat balitz bezala” hartzea dela. Era berean egonaldiko asteburuen garrantzia azpimarratu du, gazteak familiekin egongo direlako: “Hor sortuko da harreman bereziena, betirako hor egongo dena”.