"Heldu eskutik, bagatoz: lubakiak husteko garaia da"
Emakumeen Nazioarteko Egunean, beste era bateko mundu bat eraikitzeko aldarria kaleratu zuten atzo (martxoak 8), Busturialdeko herri eta kaleetan. Matxismoari eta faxismoari aurre egiteko deia zabaldu zuten.
Ametsek balio dute errealitate gordinari atea itxi eta bestelako mundu bat irudikatzeko, une txiki batez, behintzat. Faxismoa, matxismoa, arrazakeria edota kapitalismoa “kate motzean” lotzeko modu bat izan daiteke amestea, baina ametsetatik errelitatera salto eginda ere, beste mundu bat eraiki daitekeela sinesten dute emakumeek, eta beste era bateko mundu horren aldeko aldarria kaleratu zuten atzo (martxoak 8), Emakumeen Nazioarteko Egunean. Busturialdeko kaleak bete zituzten denetariko mobilizazioek, eta matxismoari eta faxismoari aurre egiteko borondatea eta bestelako gizarte bat eraikitzeko nahia kaleratu zituzten.
Gernika-Lumoko Sare Feministak mobilizazioa egin zuen eguerdian, mundua morez tindatzeko asmoz, eta emakumeen bere gain duten zama ikusarazi zuten: “Pauso bat aurrera, bi atzera. Tik-tak. Egunak 24 ordu, ezin geldi, ezin heldu. Lirain, lerden, eder… joder! Gorputz huts? Putz putza! Subjetu gara. Urruti omen emakumeak lan mundura salto egindako garaiak. Bizkar bateko zama, bizkarren berean bikoitz edo hirukoitz. Zaintzaile, zaindari, jagole… itzalpean, isilik, giltzapean. Eta arrakala, eta arrakalan arrakala: arraziala. Eutsi ahizpa. Elkarrekin gara”.
Justizia patriarkalak “hitzen dituela” ere adierazi zuten, baina horren aurrean ez direla isilduko argi adierazi zuten: “Borrokatu dugu honaino heltzeko, borrokan ari gara beste mundu bat nahi dugulako. Beste mundu bat: feminismotik. Ari gara, eta haria gara. Eta euren burua pribilegioak galtzeko arriskuan ikusi dutenak ere oldartu dira: ezer eta eskuin. Deseroso”. Hori dela eta, horrenbestetan amestu duten herri hori sustraitzeko nahia adierazi zuten, eta hori feminismotik egingo zutela gaineratu: “Feminismo zuririk ez, zuriturik ere ez. Gorputz eta lurralde oro askatu. Aske maitatu! Asko maitatu! Parez pare, ez goi, ez behe, parez pare. Jantzi gaitezen abere hatsez, eta ez aberatsez. Bizitzak bizi, egin bizigarri, denon bizitoki. Zaindu, elkar zaindu. Zaintzak loratu, berrantolatu, besarkatu”.

Emakume eta gorputz disidente guztiei eskutik heltzeko beharra kaleratu zuten sare feministakoek: “Emakume eta gorputz disidente guztiei: izan gara, bagara eta izango gara. Heldu eskutik, bagatoz. Lubakiak husteko garaia da. Ofentsiba gurea da”. Feminismoa da emakumeak pertsona askeak direla dioen “ideia erradikala”, eta mundu feminista hori errealitate bihurtzera doazela nabarmendu zuten: “Edertasuna irauli, kateak askatu ta zanpatu. Egin arrantza. Egin irrintzi. Ni-a deseraiki, gu-a eraikitzeko. Guak eraldatzeko, iraultzeko. Eta zuk, nolako mundua nahi duzu? Heldu eskua, altxa besoa. Prest agude. Zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka. Feminismo garaia da, feministon garaia da. Batu borrokara”.
Bestalde, emakume langileen zapalkuntzaren arduradunak seinalatu zituzten Busturialdeko Itaiak deitutako mobilizazioan. Erasotzaileek eta faxistek aurrean izango dituztela aldarrikatu zuten. Emakume langileen interesak defendatu eta borroka iraultzaileari bultzada eman nahi izan zioten: “Emakumeok borrokaren lehen lerroan gaudela erakusteko momentua da; lanean jarraitu, eta antolakuntza iraultzailea indartzen jarraitzeko deia zabaldu nahi dugu”. Salatu zuten azken urteetan erakundeek eta alderdiek Emakume Langileen Nazioarteko Eguna “edukiz hustu” nahi izan dutela, emakumeek pairatzen duten zapalkuntzaren klase izaera eta egunaren grin borrokalaria “ezabatuz”. Emakume langileen interesak eta problematikak lehenengo lerroan ipiniko dituen bide-orria garatu behar dela azpimarratu zuten, indarkeria matxista eta esplotazio ekonomikoa ezabatzeko baldintzak jarri dituen estatu sozialistaren eraikuntzara bideratuz denen indarrak.

“Gezur eta buloen” bidez, faxistek matxismoaren existentzia ukatzen dutela gaitzetsi zuten: “Alderdi ultraeskuindarrek eta agitadore misoginoek bultzatute, matxismoa normalizatzen ari da. Faxismoaren eta matxismoaren kontrako borroka aktibatu eta indartu behar dugu, faxistek eta erasotzaileek kalean lekurik ez edukitzeko”. Oligarkiari, faxismoari eta matxismoari aurre egitea “urgentziazkoa” dela nabarmendu zuten, Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako oligarkia seinalatuz: “Lan baldintzen okertzea, eskubide politikoen ezabapena eta ideia faxisten eta matxisten zabalpena mendebaldeko agendaren parte dira. Epsteinen paperetan agertzen diren oligarka pedofilo eta misogino horien agindupean ezinezkoa da emakume langileon zapalkuntza ezabatzea”.
Bestalde, azken urteetan emakume langile askoren egoera ekonomikoa “okertu” dela gogoratu zuten, eta horren adierazgarri ipini zituzten sektore feminizatuetako lan baldintzen egoera penagarria eta emakume etorkinek bizi duten pobrezia. Instituzioek enpresa munduen interes ekonomikoak lehenesten dituztela salatu zuten: “Adibidez, PNVk zaintza zerbitzuen pribatizazio masiboa gauzatu du”. Zaintza sektoreko langileen borroka goraipatu zuten; jantoki, erresidentzia zein beste hainbat esparrutako langileei “babesik beroena” adierazi zieten.
Bermeoko Mugimendu Feministak ere eguerdian deitu zuen elkarretaratzea Goiko Plazan, martxoaren 8a “borroka eguna” dela aldarrikatzeko. Gogoratu zuten faxismoa, matxismoa, inperialismoa, genozidioa eta prekarietatea ez direla borroka solteak, “elkar elikatzen diren zapalkuntzak” baizik. Horren aurrean borroka feministak helburu argia duela zehaztu zuten: sistema patriarkal, kapitalista, klasista, kolonialista eta arrazistaren aurka erresistentzia kolektiboa sortzea. Krisi garaietan ziurgabetasuna indartzen dela eta, ondorioz, faxismoaren gorakada “ez dela kasualitatea” zehaztu zuten: “Krisiak errudunak behar ditu, eta sistemak benetako errudunak seinalatu beharrean, gizarteko talde ahulenak seinalatzen ditu: migranteak, emakumeak, LGTBIQ+ pertsonak, langile prekarizatuak…”.

Argazkia: Bermeoko Udala
Matxismoa sistema patriarkal eta kapitalistak bere burua babesteko “ezinbesteko pieza” bihurtzen dutela salatu zuten, feminismoa salatzen dutelako, gorputzak kontrolatu nahi dituztelako eta gorroto diskurtsoak normalizatzen dituztelako”: “Guk badakigu hori ez dela isolatutako eraso bat, baizik eta botere-harremanen adierazpen zuzena, eta, beraz, sistemaren defentsa estrategikoa”. Horregatik, etorkizun politiko “mahatxagarriaren” aurrean, mugimendu, eragile, talde eta norbanako ezberdinak “bide transfememinista baterantz” elkartu behar direla aldarrikatu zuten.
Denetariko aldarriak egiteko aprobetxatu zuten Emakumeen Nazioarteko Eguna bermeotarrek. Osakidetzako Genero Identitatearen Unitatean transfobia dagoela salatu zuten, osasun publikoko erakundeari identitatea eta autonomia errespetatzea eskatuz. Era berean, elkarretaratzea Palestina, Kuba eta “beste herri zapalduei” elkarlartasuna helarazteko ere baliatu zuten, baita zaintza lan feminizatuek suposatzen duten karga mentala mahaigaineratzeko ere; izan ere, emakumeek, gizonezko kideen laguntza baino, erantzukidetasuna behar dutela aldarrikatu zuten. Bestetik, “pentsio duinen” aldeko mugimendua ere gogoan izan zuten, gazteei bat egiteko deia eginez: “Goiko Plazan elkartzen gara, astelehenetan, 12:00etan”.
Elite, instituzio eta estatuek eraso matxistaren aurrean duten inpunitatea ere salatu gura izan zuten mugimendu feministakoek: “Ez da hutsegite bat, sistemak babesten ditu, patriarkatua bere oinarrian duelako”. Horregatik, “eliteak suntsitu arte” klase borroka feministarekin aurrera jarraituko dutela zehaztu zuten: “Antolakuntza eta autodefentsa feminista gure indarra direlako, elkartasuna gure arma eta borroka kolektiboa gure bidea”.