"Izan dudan esperientzia onena izan da"
14 eta 17 urte arteko bizkaitarrei zuzendutako Señeak Bizkaia Rock Kanpusaren bigarren aldia egingo dute apirilaren 5etik 10era bitartean.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia Bizkaiko udalerrietako musika ikasle edota musikarako trebetasun berezia daukaten nerabeen topagune izateko helburuagaz jaio zen Señeak Bizkaia Rock Kanpusa iaz, eta esperientzia pilotua “arrakastatsua” izan ondoren, bigarren aldiarekin itzuliko da aurten.
Lehenengo aldiak 80 gazte baino gehiagoren arreta bereganatu zuen, eta 23 izan ziren azkenean Zornotzako Lauaxeta ikastolan egindako esperientzia murgiltzailean parte hartu ahal izan zutenak. Irati Ibarluzea piano-jotzaile gernika-lumotarra izan zen parte hartzaileetako bat, eta kanpusaren balorazio “positiboa” egin du: “Primerakoa izan zen kanpusa; izan dudan esperientzia onena“.
Julia Foruria Musika Ikastegian piano ikasketa profesionaletako azkenengo ikasturtean dago Ibarlucea, eta kanpusak ikasketa formaletik “ihes egiteko” balio izan ziola aitortu du: “Niri benetan gustatzen zaidana da gaur egungo musika interpretatzea eta abestea”. Musika nor den adierazteko erabiltzen duen baliabidetzat dauka, eta Señeak kanpusak barruan daukan hori “kanpora ateratzeko erraztasuna” eman diola nabarmendu du.
Abeslari, gitarra, piano, baxu zein bateria-jotzaileak… Musika-aniztasun handiko parte hartzeak bildu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak, Gatibuko Alex Sardui eta Ekain Alzolak eta Lauaxeta Ikastolak elkarlanean bultzatutako ekimenak, eta Ibarlucearentzat hori izan zen Señeak-en indarguneetako bat: “Zuri gustatzen zaizun berbera gustatzen zaie denei, eta denok ulertzen dugu elkar”. Irakasleak ere goraipatu ditu gernika-lumotarrak, goi-mailako profesionalekin lan egitea “aberasgarria” iruditzen baitzaio.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Ibarluceak musika ikastegiko obrak eraman zituen, eta piano-jotzaileek Gari maisu zutela aprobetxatu zuen haren eskutik zalantzak argitzeko: “Partituretatik urruntzean, blokeatu egiten naiz, eta Garik inprobisatzen erakutsi zigun, gu geu izaten”. Gainera, irakasle erreferenteak izateak euren burua “horiengan islatuta” ikustea ahalbidetu zien parte hartzaileei: “Zuk izatera iritsi nahi duzun hori da zure irakaslea, eta lortu gura duzun horretan laguntzeko prest dago”.
Aisialdian ere musika.
Bost gau eta sei eguneko egonaldiak berez ikaskuntza eta aisialdia uztartzen baditu ere, lehenengo egunen joanagaz, aisialdia musikarekin lotuta bizi nahi zutenaz ohartu ziren iaz. Gernika-lumotarrak kontatu duenez, karaokean abesten eta ikasgeletan sartuta eman zituzten orduak.
Pasio bera daukaten musikari eta musikazaleak batzeko helburua “oso osoan” betetzen du Señeak-ek, gaur egun harreman estua mantentzen baitute iazko parte hartzaileak: “Askotan geratzen gara denetariko planak egiteko. Gernikatik ere nahikotxo joan ginen, eta batzuek lokal bat daukatenez, bertan geratzen gara musika jotzeko, barre egiteko edota elkarrekin egoteko”.
Kanpusaren bigarren aldirako izen ematea domekara arte zabalik dagoela baliatuta, Ibarluceak parte hartzera animatu ditu 14 eta 17 urte bitarteko gazteak, “bizi guztirako” harremanak sortuko dituztelako: “Berdin dio lotsatia bazara ere, beti hurbilduko zaizu norbait; gure kasuan, inor ez da bakarrik egon momentu bakar batean ere, eta horrek asko poztu ninduen. Gustu ezberdinak izan arren, beti egongo da norbait zuretzat”.
Musika talentua izan eta kanpusean parte hartzeko interesa dutenek www.seneak.eus webgunean izena eman behar dute. Arduradunek zehaztu bezala, datu pertsonalekin batera, “minutu gutxiko bideo pare bat” erantsi behar dira, norberaren musika trebetasunak erakusteko: “Musika gustuko baduzu edo musika ogibide egin nahi baduzu, merezi du; harreman asko egingo dituzu, asko ikasiko duzu eta baliagarriak izan daizkeen kontakuak lortu ditzakezu”.