Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Barne Plana onartu du udalak
Langileen ordezkariekin adostutako barne plana "bizia eta eraldatzailea" izatea da udalaren helburua eta horretarako, garapena bermatzeko jarraipen eta ebaluazio tresna zehatzak aurreikusi dituzte
Bermeoko Udalak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Barna Plana onartu du, udalbatza osatzen duten hiru alderdien —EH Bildu, Guzan eta EAJ— aldeko botoarekin. 2026tik 2029ra bitartean indarrean egongo den planagaz udalaren barne antolaketan “berdintasuna, aukera berdintasuna eta diskriminaziorik eza modu sistematikoan txertatzea” da udalaren helburua. Horretarako, lan arlo guztietan eragin zuzena izango duen “neurri multzo ordenatua” ondu dute, diagnotiko zehatz batetik abiatu dutena.
Endika Etxebarria Telleria Langileriako zinegotziak planaren onarpena udalaren “konpromiso feministaren adierazle” dela nabarmendu du: “Berdintasunerako barne plan hau aho batez onartu izana adostasun politiko zabalaren isla da, baina batez ere konpromiso partekatu baten seinale: berdintasuna eta justizia administrazioaren eguneroko jardunaren erdigunean jartzekoa”. Zehaztu duenez, ikuspegi feminista batetik lan egiteak “lan ingurune bidezkoagoa” eraiki eta herritarrei eskaintzen zaizkien “zerbitzuak hobetzea” ahalbidetuko du. Plana langileen ordezkariekin adostu dute, eta garapena bermatzeko jarraipen eta ebaluazio tresna zehatzak aurreikusi dituzte: “Helburua barne plana tresna bizia eta eraldatzailea izatea da, erakundearen eguneroko praktikan eragina izango duena eta etorkizuneko erronkei erantzuteko balioko duena”.
Nabarmendu dutenez, udalaren egoeraren diagnostikoak agerian utzi du parekotasun estatistikoa “ez dela nahikoa” benetako berdintasuna lortzera bidean, eta horregatik, udalak “neurri zehatzak” jasotzea erabaki du, besteak beste lanpostuen segregazioari aurre egitea, soldata arrakalak identifikatu eta zuzentzea, kontziliazio neurriak indartzea, jazarpen egoereak prebenitzea eta lan ingurune seguru eta errespetuzkoak bermatzea ahalbidetuko dutenak. Horrez gain,planak zaintza lanen balioa eta horiek historikoki emakumeen gain egon izanaren ondorioak ere barne harten dituela zehaztu dute. Horregatik, administrazioaren barruan “eredu eraldatzailea” eraiki asmoz, lanaren antolaketa, denboraren kudeaketa eta arduren banaketa “bidezkoagoak” sustatzea bilatuko dute.
Udalaren ustetan, planak langileentzat eta erakundearentzat “onura zuzena” ekarriko du, lan giro osasungarriagoa eta bidezkoagoa sortu, erabaiak hartzeko modua hobetu eta administrazio publiko legez udalaren erantzukizun politiko eta soziala indartuko dituelako.