Bermeo Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko eskaera formala egingo dute
Alokairu errentaren igoerak KPIaren hazkunde metatua hiru puntutan gainditu eta gero, Bermeoko Udalak Eusko Jaurlaritzari Bermeo Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko eskaera formala egitea onartu du. EH Bildu eta Guzanen botoekin onartu da prozedura; EAJk kontrako botoa eman du.
Bermeoko Udalak udalerria Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko eskaera formala egingo dio Eusko Jaurlaritzari, egueneko [otsailak 26] osoko bilkuran EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin prozedura onartu ostean. EAJk kontra bozkatu zuen, neurria “ez dagoela behar bezala justifikatuta” iritzita.
Uztailean hasitako bidean beste pauso bat eman gura du udalak izendapen eskaeragaz. Halere, gogoratu dute eskaerak ez dakarrela automatikoki izendapena jasotzea, Eusko Jaurlaritzaren baitagokio, egoera aztertu eta erabakia hartzea. Udalaren eskaera administrazio-prozedura hasteko pausoa da. Momentuz, araudiak ezarritako betekizunak jarraituz, udalak eskaerarekin aurkeztu beharreko diagnistikoa, justifikazio memoria eta ekintza-plana gauzatu eta onartu ditu. Diagnostikoak eta memoriak Bermeoren gaur egungo egoera jasotzen dute; ekintza planak, ostera, etxebizitza merkatuan antzemandako desorekak zuzentzeko neurri multzo egituraua islatzen du, epe labur, ertan eta luzerako jarduketekin. Azaldu dutenez, tentsio egoerari “modu integralean” erantzutea da azken txostenaren xedea.
Alokairu errenten igoera. Etxebizitzaren Legeak udalerri bat Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko bi baldintza aurreikusten ditu: alokairuen-errentaren azken bost urteetako igoeraak automia erkidegoko kontsumo prezioen indizearen (KPI) hazkunde metatua ehuneko hiru puntutan gainditzea edo etxebizitzen salerosketa prezioak KPI gainditu edota etxebitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoa %30eko mugatik gora egotea. Bermeok lehenengo baldintza betetzen du, azterlan teknikoen arabera 2018 eta 2023 aldian alokairu errentek %20,2ko hazkundea izan baitute —459,9 eurotik 522,9 eurora besteak beste—. Hazkunde horrek hiru puntu baino gehiagotan gainditzen du %16,5ekoa izan den KPIaren igoera.
Salerosketari dagokionez, 2019-2024 aldiko prezioek ez dute KPIaren hazkundea gainditu, %10,9 egin baitute gora. Gainera, etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekomikoa mugatik behera mantendu da (%24,9). Hala eta guztiz ere, udalaren ustetan, udalerriko etxebizitza parkearen egiturazko ezaugarriak, hala nola etxebizitza hutsen ehuneko handiagoak edota biztanleriaren ziklotasunak, “merkatuaren tenkaketa aregotzen” dute.
Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendapenak hiru urteko iraupena izango luke; denbora hori igarota, egoeraren berrikuspena egin beharko litzateke. Jaurlaritzak izendapena aitortuz gero, udalak “etxebizitza merkatuan esku hartzeko tresna juridiko eta administratibo gehiago” izango lituzke. Udaletik zehaztu dutenez, prezioen kontrolerako mekanismoak aplikatzeaz gain, Eusko Legebiltzarraren Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Presazko Neurriei buruzko 06/2025 Legeari jarriki etxebizitza turistikoen lizentzia berriak etenda geratuko lirate.
EH Bildu eta Guzanek osatutako udal gobernu taldeak etxebizitza “lehentasun estrategikotzat” duela berretsi du, Bermeo “guztiontzat irisgarria” izatea nahi dutela zehaztuz: “Gobernu talde honentzat lehentasun nagusietako bat da etxebizitza. Lehenengo egunetik lanean ari gara Bermeo herri bizia, bizigarria eta guztiontzat irisgarria izan dadin”. Bide horretan “funtsezko urratsa” dute udalerria Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzea, etxebizitza merkatuaren desorekak zuendu eta “espekkulazioari aurre egiteko” balioko baitu: “Ezin dugu ahaztu etxebizitza eskubide bat dela, eta berretsi nahi dugu herritaren interes orokorraren alde lanean jarraituko dugula”.
Eskaintza murriztea. EAJ udal gobernu taldearen proposamenaren kontra bozkatu zuen, izendapenak alokairuko etxebizitzen “eskaintza are gehiago murriztu” dezakeela uste baitute. Jeltzaleentzat Bermeoren arazo nagusia ez dago espekulazio egoera orokor batekin lotuta, “etxebizitza eskasiagaz” baizik.
Azpimarratu dutenez, udalerriko etxegabetzeen kopurua “ez da esanguratsua”. Halaber, hutsik dauden etxebizitzen zati bat bigarren egoitzak direla eta “birgaikuntza behar dutela” zehaztu dute. EAJkoentzat, etxebizitza eskaintza handitu gabe prezioak mugatzeak udal gobernuak lortu gura duenaren “kontrako efektua” ekarriko luke: “Merkatuan esku hartu aurretik udalak bere baliabideak mobilizatu eta kudeaketa hobetu behar du”, nabarmendu dute. Hala, “murrizketa berriak” hartu aurretik udal gobernuak “udal etxebizitzak alokairura gehitzeko eta etxebizitza babestuetarako erabilgarri dagoen lurzoru publikoa garatzeko lan egin beharko” lukeela azpimarratu dute.