Olibondo landaketa, "Gernika beti Palestinaren ondoan" egongo denaren adierazle
Gernika-Palestina Herri Ekimenak deituta eta bi herriak sinbolikoki lotu asmoz, palestinarrentzat ikur berezia den olibondoa landatu zuten atzo [otsailak 27] Astrako babeslekuaren ondoan.
Gernika-Lumo eta Euskal Herriarentzat ikur esanguratsua da haritza; palestinar askorentzat berriz, olibondoa da beraien herriarekiko eta lurrarekiko lotura estua duen zuhaitza. Horregatik, Palestinak bizi duen “su eten faltsu baten” testuinguruan bi herriak sinbolikoki lotu eta “Gernikako herria beti Palestinako herriaren ondoan izan dela, dagoela eta izango dela” adierazteko, Gernika-Palestina Herri Ekimenak olibondoa landatu zuen atzo [otsailak 27] arratsaldean, Gernika-Lumon. Merkurio inguruan elkartu ziren herritarrak eta Palestinaren aldeko ikurrak eskuan zituztela egin zuten Astrako babeslekurainoko bidea, ondoan landatu baitzuten arbola.
Elkartasun keinu legez leku askotan landatu da olibondoa, baina plataformakoentzat, “inon zentsuzkoa bada”, leku hori Gernika-Lumo da. Landaketa egitea “aspalditik” zuten ideia zen, eta azkenean Gernika-Lumoko Udalarekin horretarako adostasuna lortu izana eskertu zuten. “Espero dugu olibondo honek urte asko irautea eta iraupen horregaz islatzea, nahiz eta suntsipenaren, desagerrarazpenaren eta garbiketa etniko oso baten aldeko apustua egin den une historikoa bizi, Palestinar herrian erresistentzia dagoela, herria dagoela, esperantza dagoela eta herri askea izateko eskubidea beste behin ere aldarrikatuko duela”. Olibondoarekin, urteen joan etorriagaz egungo ume eta gazteek “Gernika beti Palestinaren ondoan” egon dela gogoratu ahal izatearen desira dute herri ekimenekoek.

Euskal Herrian bizi diren “hainbat palestinar errefuxiatu” daudela gogoratu zuten, Gernika-Palestinatik horiekin lanketa bat egiten ari direla iragarriz: “Azken urteetan Palestinatik ihesean eta munduan barrena errefuxiatuta egon diren hainbat palestinarrek Euskal Herria izan dute aterpe eta guk elkarlan bat egin gura dugu beraiekin, beraien errealitatea bistaratzeko eta batez ere, bizi duten errealitatea apur bat hobetzeko“. Pertsona guztientzat eskubide guztiak bermatuta egotea da plataformaren nahia eta, horretarako, Palestinak bizi duen genozidiotik ihesi egitera behartuta ikusi diren palestinarrekiko “atxikimendua eta elkartasuna erakutsi eta lanketa egiteko beharra” dagoela nabarmendu zuten, “hainbat eta hainbat ez direlako beraien eskubideen jabe bizi Euskal Herrian”. Horregatik, Palestina Euskal Herrian dago izenpean, palestinar errefuxiatu populazioaren egungo egoerari buruzko diagnostiko-azterketa bultzatuko dute, pertsona horiek babesteko neurriak “zentsudunak eta eraginkorrak” izan daitezen.
Otsailean hasi eta “ikasturte amaiera bitartean” egitea aurreikusten duten azterketak hiru helburu nagusi izango ditu: errefuxiatuek hainbat erakunde publiko eta pribaturen laguntza jaso ondoren dituzten arazoak ezagutzea, Gernika-Palestina Herri Ekimenak eta Yala Nafarroa con Palestinak pertsona horien egoerari eta haien beharrizan espezifikoei buruzko txosten deskribatzaile bat prestatzea eta, egoera ezagutarazi eta aurre egin ahal izateko “koordinazio eta konpromisoak ezartzeko” eragile eta erakunde publiko zein pribatuekin bilera egutegia ezartzea. Ekainaren 20a Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izanik, data hori diagnostikoaren emaitzak aurkezteko baliatu nahiko lukete.

Bitartean, Euskal Herrian bizi diren palestinarrak ere beraien kabuz ere antolatzean hasiak direla azaldu zuten: “Elkarte bat sortuko dute, eta ziur asko, elkarte horretan islatuta egongo dira Gernika, haritza, Palestina eta olibondoa”. Izan ere, palestinarren asmoa elkartearen logoan “bi hostoak agertzea” dela aurreratu zuten: “Beraiek inork baino hobeto ulertzen dituzte Gernikak Euskal Herrian duen sinbolismoa eta Euskal Herritik herri zapaldu guztiei, eta batez ere une hobetan genozidioa pairatzen ari diren herriei, zabaldu nahi dizkiegun salaketa eta elkartasun keinuak“.
Su etenak Palestina “agendetatik desagerrarazteko egoera” ekarri badu ere, genozidioak bere horretan jarraitzen duela aldarrikatu zuten, testuinguru horretan 700 erailketa baino gehiago egon baitira: “Giza laguntza guztia ez bada behar beste sartzen eta hemen bezala, Palestinan ere negua gogorra da. Kanpin-dendetan bizi dira, eta ez daude guztientzako beste; baldintza oso desegokietan bizi den herria da”. Sionismoak “herri bat desagerrarazteko egindako apustua” salatu eta Gernika-Lumotik Palestinara, “haritzatik olibondora”, Palestinaren askatasunaren aldeko aldarriak zabaltzen jarraitzeko deia egin zuten.