Gaztetxeak Pasealekuan jarraitzearen alde egiteko asanbladan bilduko dira gazteak
Egurre gazte asanbladako kideek asanblada irekia deitu dute domekarako, Gaztetxea Pasealekuan geratzea defendatzea oinarri hartuta.
Pasealekuan Gaztetetxea eta Bekoibarran liburutegia. Hala nahi dute Egurre gazte asanbladako kideek, eta hori defendatzeko asanblada irekia deitu dute domekarako (martxoak 1); 17:30ean, Gaztetxean jarri dute hitzordua. Izan ere, aldarri horrek Gernika-Lumoko udal aurrekontua onartzeagaz duela zerikusia diote, gaur egun gaztetxea den eraikina liburutegi bihurtzeko proiektua jaso baitzuten udal aurrekontuan. Eta, hori, herriko gazte asanbladagaz “kontaktuan jarri barik” egin dutela salatu dute.
Gazte asanbladakoek diote “ez dutea ukatu liburutegi baten beharra” dagoenik, baina hori Bekoibarran egitera deitu dituzte udal arduradunak: “Bekoibarran ikasgelak egiteko asmoa dute, baina ez da hobeto han liburutegia eta ikasgelak egitea? Bi proiektuak bateragarriak direla babesten dugu, horregatik leloa: Gaztetxea Pasealekuan mantendu eta liburutegia Bekoibarran egin”.
Hori defendatzeko bidean, dagoeneko egin dute lehenengo asanblada informatiboa, eta “jendetsua” izan zela adierazi dute. Bertan, udalaren proposamena azaldu eta gazteen interesak lehen lerroan jartzeko proposamena plazaratu zuen Egurrek. Orain, bigarren deialdira bertaratzeko eta borroka horretara batzeko deia egin die gazteei.