Euskal Herria "independente, sozialista eta feminista" eraikitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Ernaik
Euskal Herriaren askapen prozesuari bultzada emateko "modu bakarra independentzia dela" aldarrikatu dute Gernikako Ernaik antolatutako Independentzia Egunean. Antolakuntza sustatu eta amesten duten Euskal Herria eraikitzeko helburuarekin "kaleak astintzen" jarraituko dute.
Ernai Gaztek duela 60 urte hasitako bideari jarraipena eman eta zerumugan duten Euskal Herria “independente, sozialista eta feminista” eraikitzeko bidean gogotsu lanean dihardu, eta horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi du gaur [otsailak 28] Gernika-Lumon ospatzen ari diren Independentzia Eguneko ekitaldi politikoan.
Nazioarteko gerra-hotsek, pobreziak, ziurgabetasunak, miseriak, beldurrak eta bestelako “albiste negargarrien euri-jasak” gazteengan pizten duen inpotentzian jarri dute fokua Ezker Abertzaleko gazteek: “Zenbatetan amorratu garen pantailaren bestaldean egrra edo Palestinako genozidioa prime time-an ikustean”. Faxismoa “harrotzen” ari dela aldarrikatu dute, azken aldian indarra hartuz joan diren feminismoaren aurkako erreakzioak, euskararen kontrako oldarraldi judizialak, migratzaileenganako gorrotoa, eraso LGTBfoboak eta “espainolismoa” salatuz. Hala, espainiar selekzioarekiko gorazarre-hitzak handituz doazen bitartean “euskal selekzioa ukatzen” jarraitzen dutela salatu dute: “Argi dugu ez garela espainiarrak, ezta frantsezak ere. Gu euskaldunak gara eta aske izan nahi dugu”.
“Gazteoi gure gorputz eta bizitzetan etengabeko indarkeria egoeretara eraman gaitu sistema honek”
Horrez gain, eskuin muturraren eta jarrera erreakzionarioen gorakadak emakume eta gorputz disidenteak “etsaiaren jopuntuan” kokatzen dituela azpimarratu zuten, baita gaur egungo sistema kapitalista zisheteropatriarkalak zapalduak direla ere: “Gazteoi gure gorputz eta bizitzetan etengabeko indarkeria egoeretara eraman gaitu sistema honek”. Gazte antolakundekoentzat gaztea eta positiboa izan eta kapitalismoaren amaiera irudikatzea “ez da erraza”, kapitalismoaren amaiera “urrun” ikusten baitute. Gainera, gazteriaren artean “gaitzuste eta etsipena” zabaldu direla antzeman dute: “Egunkarietan berri ohikoa da gazteen osasun mentala okerrera doala, eta horrek errudun argia du: kapitala eta bere logika alienatzaile krudela”. Ondorioz, gizartea gero eta indibidualistago eta etsituago egotea “ez da kasualitatea”.

Ernaitik baina, ez dute printzipio horrekin bat egiten, norberaren arazo eta konponbideak ondokoarenak ere badirela sinesten baitute, eta ondorioz, elkarrekin bilatu behar direla: “Etorkizun kolektibo batean sinesten dugu, etorkizun desiragarri batean, esperantzan eta balioetan”. Etorkizun hori helburu, elkarrekin borrokan eta antolakuntzan segitzeko konpromisoa berretsi dute, pedagogia egin, elkar entzun eta “korrontearen aurka igerian” jarraituko dutela zehaztuz: “Hamarkadak daramatzagu horrela, eta halaxe jarraituko dugu”.
Busturialdera begira.
Gernika-Lumoko Ernaik deitutako ekitaldia da gaurkoa, eta horrenbestez, eskualdeko problematikan sakondu gura izan dute, Busturialdea ez baitago “joera orokor krudeletatik kanpo”. Antolakundetik antolakuntzan eta borrokan jardun dutela gogoratu dute, nahiz eta garaipenak izan, oraindik zer borrokatu badagoela adieraziz. Guggenheim Urdaibai proiektua “guztion artean” bertan behera gelditzea lortu izana balioan jarri nahi izan dute, aurrera egin izan balu eskualdearentzat “arazoak areagotuko” lituzkeelako: “Konplikatua bada gazteontzat etxebizitza eskuratzea, imajinatu proiektu hau aurrera joango balitz. Etxebizitza turistikoz ari zaigu betetzen eskualdea, eta baita Gernika ere”.
“Harro egon gaitezke Busturialdeaz, mugitzen ari den eskualdea baita”
Gazteek “lan duinak” lortzeko dituzten zailtasunak ere mahaigaineratu dituzte, asko “lan prekarioetan” dabiltzala salatuz. Busturialdeko langileen %70 lanera eskualdetik kanpo joaten diren horretan, Ernaitik Busturialdean eta baldintza duinean lan egin nahi dutela aldarrikatu dute. Euskararen egoerari dagokionez, kale erabilera Gernikan %60tik %45era jaitsi izanagaz kezkatuta eta turismo masiboak ehunekoa oraindik txikiagoa izatea eragingo zuenaz ziur agertu dira: “Guk badugu gure eredu kulturala, euskalduna eta herritarra dena; baditugu adibide ugari, Astra, Iparragirre, jai herrikoi eta euskaldunak, memoria historikoaren transmisioa… Baditugu baita sortzaile, artista eta gaitasun kultural handiak”.
Alternatiba beharra.
Egoera irauli nahian, Ernaitik “ekimen piloa” gauzatu dituzte azken urteetan. Ezker Abertzaleak “alternatiba beharrari” proposamenak eginez erantzun nahi dio eta horregatik, kalera begirako hitzaldi, manifestazioa eta dinamikez gain, bestelako mugimenduetan murgilduta ere badabiltzala azaldu dute: “Gernikan Mobidu gazte taldea dugu adibide, gazten artean euskara erabilera sustatzeko lanean topera ari direnak; Enbata gazte feministen taldea ere badugu, lan mordoa egin duena azken urteetan”.

Azken hamarkadetako bideari jarraipena emanez, “ahalik eta gazte independentista gehien” sortu eta antolatzeko anbizioz dihardute Ernaiko kideek lanean, eta gutxinaka uzta jasotzen hasiak direla sentitu dute. Azken urteetan bezala, aurten ere eskualdeko 50 gaztetik gora izango dira apirilaren 2tik 5era bitartean Abadiñon ospatuko duten eta Euskal Herriko milaka gazte independentisten bilgune izango den Gazte Topagunean: “Harro egon gaitezke Busturialdeaz, mugitzen ari den eskualdea baita”.
“Kaleak astintzen jarraituko dugu herri eta gazte mugimenduen bidez, antolakuntza kolektiboa sustatu eta amesten dugun Euskal Herria eraikitzeko”
Izan ere, eskualdean jarduten badute ere, Gernikako Ernaikideek Euskal Herri osoko begirada dute, eta uste dute “gero eta gehiago” direla etorkizunera begira independentzia baino ikusten ez duten gazteak: “Une erabakigarri batean gaude, bai mundu mailako erronkei dagokienez zein Euskal Herriaren azken prozesuaren ikuspegitik jauzia egiteko aukerei dagokienez. Argi dugu bultzada hori emateko modu bakarra independentzia dela”.
Independentzia “aske izateko” bide bakartzat dute gazte antolakundekoek; euskara eta euskal kultura mantentzeko, lan eta bizi baldintzak hobetzeko, zaintza sistema erdigunean jartzeko, zazpi lurraldeetarako euskal hezkuntza sistema publiko eta komunitarioa izateko eta Euskal Herriaren ekonomiaren, politikaren eta gizartearen gainean burujabetza izateko “aukera bakarra”. Horregatik, Euskal Herriari “behingoz erabakitzeko eskubidea aitor” diezaioten independentzia aldarrikatzen jarraituko dutela berretsi dute: “Kaleak astintzen jarraituko dugu herri eta gazte mugimenduen bidez, antolakuntza kolektiboa sustatu eta amesten dugun Euskal Herria eraikitzeko”.
Ekitaldi politikoa “askatasunaren alde lan egiteagatik” preso jarraitzen duten preso politiko guztiei besarkada beroena helarazi eta “denak etxean” gura dituztela bukatu dute Ernaikoek, ez ordea Independentzia eguna. Izan ere, gauera arte luzatuko den egitaraua dute aurretik Ezker Abertzale gazteek.