Matxitxakoko Gudan parte hartu zuten gudariak omenduko dituzte domekan
1937ko martxoaren 5eko gudan parte hartu zuten gudariak omentzeko Itsas Gudari Eguna antolatu dute, beste behin, Alkartasuna Fundazioak eta Eusko Alkartasunak. Domekan [martxoak 1] egingo dute, ekitaldi bikoitzagaz: omenaldia 'Matxitxako Guda' eskulturan eta solasaldia, kafe antzokian.
Urtero legez, Itsas Gudari Eguna, 1937ko martxoaren 5eko gudan parte hartu zuten gudariak omentzeko ekitaldia antolatu dute Alkartasuna Fundazioak eta Eusko Alkartasunak. Bermeon egingo dute, domekan [martxoak 1] eta aurrekoetan egin bezala, aurtengoa ere bi ekitaldi nagusitan banatuta egongo da.
Nestor Basterretxea artista bermeotarraren Matxitxakoko Guda eskulturan hasiko dute eguna, 11:00etan. Bertan, Naiara Fernandez EH Bilduko Eusko Legebiltzarkideak eta Kontxi Gabantxo Bermeoko Eusko Alkartasunako koordinatzaileak ikurrina altxatutuko dute. Jarraian, frankismoaren armadaren aurrean “Euskadi defendatu zuten gizon ausartei” lore-eskaintza egingo diete. Eba Blanco Eusko Alkartasunako idazkari nagusia ere bertan izango da, lurmuturreko uretan borrokatu zirenak gogoratu eta Espainiak franskismoak Euskal Herrian izan zuen “kalte izugarria aitortzeko” eskatzeko: “Badira hogeita bost urte Alemaniak Gernikako bonbardaketaren bere erantzukin historia bere gain hartu zuela. Noiz aitortuko ditu Espainiak franskismoak Euskal Herrian eragindako kalte izugarriak? Ia berrogeita hamar urte daramatzagu halakorik gertatu gabe”. Hala ere, beraiek “kolpismo faxisten aurrean” Euskal Herria defendatzeagatik bizia eman zuten gudariak omentzen jarraituko dutela azpimarratu du.
Matxitxakoko Guda eskulturako ekitaldia amaituta, 12:30 inguruan, Bermeoko Kafe Antzokian izango du jarraipena Itsas Gudari Egunak. Bertan, Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, Idurre Bideguren EH Bilduko senataria eta Edriga Aranburu Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bildu Taldeko Batzarkidea solasaldian arituko dira, Meritxell Elgezabal EH Bilduko batzarkide ohiaren gidaritzapean. Aurreratu dutenez, Euskal Errepublika lortzeko helburuarekin, “burujabetzan aurrera egitea ahalbidetuko duen estatus politiko berri baten beharra” izango dute hizpide, eskubide historiko eta demokratikoetatik hasi eta eredu ekonomiko, finantzario eta fiskaleraino. Horrez gain, Euskal Herriaren erronkei aurre egitea ahalbidetuko duten “beharrezko eraldaketak” ere jorratuko dituzte hizlariek.