"Uda sasoian eta maila fisiko handian itzultzea espero dut"
Thibault Basquegaz Winter Series aparta jokatu ostean, Alex Goitiak ukondora zuzenean bidalitako pilotakada bortitz batek finaletik kanpo utzi zuen Xabier Barandika, baina jadanik hurrengo erronkei begira dago.
Hartu eta eman. Eman eta jaso. Jaso eta itzuli. Xabier Barandika Olearena erresilientzia istorioa da nonbait. Kirol bizitzaren heldutasunean bete-betean sartuta, belauneko lesio bati aurre egin behar izan zion bere gailurrean, duela urte bi. Aurtengo Eusko Label Winter Seriesaren finalaurrekoan, berriz, olekranon hezurra puskatu zuen. Edozelan ere, aurrelari gernika-lumotarra dagoeneko kantxara bueltatzeko eguna noiz ailegatuko zain dago.
Zelan zaude?
Nahikoa ondo. Ebakuntza osteko lehenengo egunak oso gogorrak izan ziren, baita Winter Seriesaren finala harmailetatik ikusi beharra ere. Dena dela, hobetzen ari naiz: bidean nago.
Kolpea jaso zenuen unean imajinatu al zenuen lesioaren dimentsioa halakoa izango zenik?
Jokaldi bizkorra izan zen. Pilotakada jasotzean, trizepsean igarri nuen min handiena, baina kolpea giharretan eman zidatela pentsatu nuen. Lurretik altxatzean kargutu nintzen ukondoa odoletan neukala, eta orduan larritu nintzen gehien: zesta-puntako pilotek zauria sortzen dutenean, hezurra kolpatu dutelako izan ohi da.
“Zorionez, diziplina handia dut entrenatzerakoan eta, orain, berreskuratze lanekin”
Askotan ikusi al duzu istripuaren errepikapena?
Egia esan, ez; buelta larregirik ez ematen saiatu naiz. Gogoan dut ni neure tokian, lauko koadroan, nintzela. Goitiarekiko abantaila nuen, hark bederatzi eta erditik eroan behar baitzuen pilota. Finalerdia hamabina berdinduta egonik, ez zuen jokaldia entregatu gura izan, eta apur bat arriskatu zuen. Orduan etorri zen istripua.
Ondorio ez oso larridun istripu arriskutsua.
Zorionez, bai. Arriskuaren inguruan hausnartu beharra dugu: zesta-puntaren abiaduraz eta pilotaren inpaktuaz kontziente izan behar gara, arriskatzean. Esaterako, Ameriketan, egunero jokatzen denez, ez da hainbesterainoko arriskurik hartzen.
Belauna izan zen lehenik; ukondoa, orain.
Lesio gogor bi izan ditut, une gozo bitan. Zorionez, diziplina handia dut entrenatzerakoan eta, orain, berreskuratze lanekin. Burugogorra izatea neure alde dut.
Lanketa psikologikoa ere berreskuratze horren zati da?
Noski. Buru aldetik, lehen lesioak asko eragin zidan: berria zen niretzat. Gainera, lehen unetik jakitun nintzen zortzi hilabetetik gorako prozesua edukiko nuela aurretik, alegia, denboraldi osoa zaborretara joango zitzaidala. Beraz, mentalki gogor eusteko, errutina bat sortu behar izan nuen, eta harekiko oso fidel mantendu.
“Pilotarien maila zein partiduen joko aldetik, aurtengoa orain arteko Winter Seriesik politena izan da”
Pilotakada zuk jaso zenuen, baina Goitiarentzat ere ez zen inondik ere aste samurra izan.
Ulergarria da. Nigatik arduratuta dago, eta ardura horregatik oso eskertuta nago; adiskide ona dut.
Berriro kantxaratu ez ezik, azken tantoa biribiltzeko gai ere izan zinen.
Lehen pilotakadek ez zidaten oinaze handirik sortu, baina, lehen errebeskadan, ukondoan krakada igarri nuen. Hamalauko berdinketagaz, argi neukan hezurra apurtuta neukala. Zurbil nengoen, erabat zorabiatuta. Hori bai, Goitia eta Lekerika beharbada apur bat despistatu zituen istripuak, eta azken tantoa egitea lortu nuen.
Nolako Winter Seriesa izan da 2025/2026koa?
Tentsio une handiak izan ditu: Goitiaren kolpea, neurea, Zalantzen Txokoaren polemika, Imanol Lopezen agurra, Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea hautagaiak kanporatzea, eta abar. Pilotarien maila zein partiduen joko aldetik, aurtengoa orain arteko Winter Seriesik politena izan da. Ikusleek gogotik gozatu dute, asko izan baitira hirugarren setean eta launa berdinduta amaitu diren neurketak.
Lagako aurkezpenean, Basquegaz jokatuko zenuela jakitean, hautagaitzat al zeneukan zure burua?
Pozarren hartu nuen bikote kateaketa. Finalera heltzeko bikote faboritoetako bat izan gintezkeela pentsatu nuen. Izan ere, Basquek atzelari bati eskatzen diodan guztia dauka: jarrera, nortasuna, lanerako borondatea eta dominantzia. Gugaz batera, Goitia-Lekerika, Sorozabal anaiak eta Urreisti-Lopez bikoteak neuzkan hautagaitzat.
Nor hobeto finalaren erradiografia egiteko, zu baino.
Johan Sorozabal izan zen galdera ikur bakarra: aspaldion, bidaia asko egin ditu Daniara, eta finalerdietan ikusi zen ez zegoela unerik onenean. Hark nola erantzungo zuen jakin gura genuen denok. Goitiak txapelketa aparta egin du; Lekerikak, aldiz, zesta-punta eskoletan defentsa lana zelan egin irakasteko modukoa. Mundiala. Lapurtarrek oso serio jokatu zuten: Johan behar zenean baino ez zen erremateetara sartu, hotz aritu zen. Oro har, final ederra izan zen, hirugarren seta barne.
“Uste dut Jokalaririk Onenaren Saria finalistaren batentzako gordea dela; Basqueri emango nioke nik, zalantza barik”
Bikotekidea eta herrikide zein adiskidea, aurrez aurre. Zeinen alde zeunden?
Egunean bertan, oso urduri nengoen. Galtzaileak, edozein izanda ere, pena emango zidala argi neukan. Lekerikak, bere defentsa biribila tarteko eta jokatutako hirugarren finala izanik, merezi zuen. Era berean, Basqueren jokoa gogor kritikatu da lehia osoan, baina ni Winter Series itzela jokatu duelakoan nago.
Txapelketako Jokalaririk Onenaren Saria jaso zenuen. Kontsolamendua al da?
Ez. Oso eskertuta nago, baina nire tokia finala zen. Hain zuzen, uste dut sari hori finalistaren batentzako gordea dela. Nik Basqueri emango nioke, zalantza barik.
Nola eragin dizu Lopezen agurrak?
Pena handiz hartu dut. Finaletik kanpo geratu arren, goi mailan erretiroa hartzea zer den frogatu du. Tamalez, ezin izango dut beste nonbait beragaz batera jokatu. Pilotari handia da zumaiarra, eta bai Jai Alairen, bai zesta-puntaren historia liburuetan gordetzeko moduko ekarpena egin duena. Bere hutsunea erraldoia izango da, benetan uste baitut gaur-gaurkoz oraindik kantxetan dagoen atzelaririk onena dela.
Hurrengo urteko Winter Seriesa buruan bueltaka dabilkizu?
Burua udan jarria dut; uda sasoian itzultzea eta, ez hori bakarrik, maila fisiko handian itzultzea espero dut. Horretarako lanean nabil jadanik. Ipar Euskal Herriko txapelketez gozatu nahi dut, iaz ez bainintzen oso fin ibili bertan. Hortaz, badut arantzatxo bat sartuta.
“Jai Alain eta etxekoen aurrean nagusitzea helburu ederra litzateke”
Eta arantzatxo hori ateratzeko bidea zein da?
Lana, lana eta lana. Kantxaz kanpoko berreskuratze lana garrantzitsua da, baina funtsezkoena ahal bezain lasterren frontoira sartzea da. Medikuek horretarako baimena ematean, atoan kantxaratuko naiz. Errehabilitazio bide progresiboa egin beharko dut. Gimnasioan nabil egun, baina korrika hasteko eta, jarraian, pilotalekura sartzeko irrikan nago. Jomuga ez da udan itzultzea, udan egungo maila fisikoagaz itzultzea baino.
Gernikako Grand Slama irabaztea errebantxa polita litzateke.
Beti falta izan zait zerbait, etxeko txapelketak irabazteko. Jai Alain eta etxekoen aurrean nagusitzea helburu ederra litzateke, bai.