Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko 2.846 kilo elkartasun
Euskal Karabanaren 22. aldirako 2.815 kilo jaki, 31 kilo osasun-material eta elikagaiak erostera bideratuko diren 990 euro bildu dira Busturialdean. Besalde Elkartetik "oso oso pozik" agertu dira, kanpaina "bikain" atera delako.
Argazkia: Besalde Elkartea 22. Euskal Karabana martxoaren 14an abiatuko da Donostiatik Alacanteko portura, Orainera itsasoratu eta handik Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetara abiatzeko. Busturialdean baina, dagoeneko gauzatu da Euskal Karabana: Piztu Itxaropena kanpainaren janari bilketa eta eskualdeko hezkuntza zentroetan, Bermeoko San Frantzisko elizako arkupeetan eta Natxituko herritarren artean egindako bilketak 2.846 kilo elkartasun utzi ditu. 2.815 kilo jakiak dira, iaz baino 868 kilo gehiago.
Besaldekoek eta elkartearen lagunek zapatuan [otsailak 14] kargatu zuten kamioa, jasotakoak Arrankudiagako biltegira eramateko, eta kanpainak utzitakoagaz pozik agertu dira: “Kanpaina bikaian atera da”. Izan ere, batu dira bi mila kilotik gora jakiz gain, “aportazio ekonomiko ugari” jaso dituztela adierazi dute: zehazki, elikagaiak erostera bideratuko diren 990 euro jaso dituzte, iaz baino 250 euro gehiago. Horrez gain, aurreko urteetan egin bezala, konpresak eta bestelako osasun-materiala ere jaso dute, 3 kaxa betetzea lortuz —31 kilo, iaz baino 37 kilo gutxiago—.
“Besalde Elkartekoak oso oso pozik gaude herritarren erantzunarekin, eta herriak izan duen eskuzabaltasuna eskertu nahi dugu”, nabarmendu dute. Horregatik, “eskerrik beroena” helarazi diote kanpainan parte hartu duten banako, talde, arrain fabrika, hezkuntza-zentro, komunikabide eta erakundeei. Bermeoko Udalaren urteroko ekarpena ere eskertu dute, logisitika lanak aurrera eramateko 4.000 euro eman dituelako. Halaber, Bermeoko parrokiari eta “bereziki San Frantziskoko komunitateari” bilketa aurrera eramateko lokala lagatzea eskertu nahi izan diete.

Argazkia: Besalde Elkartea
100 tonatik gora. Ia hilabete falta da Euskal Karabana Euskal Herritik ateratzeko eta dagoeneko Tindouferako bidea hartuko duten lau trailer, 2 kamioi eta autobus txiki bat bete direla iragarri dute kanpainaren arduradunek: “100 tonatik gora bildu dira, eta baliteke 110 tonara ere iristea”.