San Kristobal auzoa "gizatiartzeko" hirigintza birmoldaketa amaitutzat eman dute
Busturiko Udalak, "auzoa oinezkoentzat egiteko" helburuagaz, San Kristobaleko espaloiak handitu eta errepidearen bi aldeetako aparkalekuak kendu ditu, baita argiak eguneratu eta atseden guneak sortu ere.
Auzo guztietako bide-segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko helburuari jarraituz, Busturiko Udalak San Kristobaleko hirigintza birmoldaketa gauzatu du, auzoaren “eraldaketa integrala” ekarri duena. Batez ere errepide orokorrak zeharkatzen duen auzoaren erdiko ardatzean egin dituzte lanak, auzotarren “segurtasuna, irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko” asmoz. Aitor Aretxaga Busturiko alkateak auzoa “gizatiartu” dutela azpimarratu du.
San Kristobal hiritartzearen kostua 185.880 eurokoa izan da, baina Aretxagak jakinarazi duenez, horietatik 145.681 euro Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzetatik finantzatu dituzte: “Kudeaketa horrekin aurrezpen bat lortu dugu eta, 2026an diru laguntza berriak izapidetzearekin batera, Sakonetako espaloi obrei ekin ahal izango diegu”.
Hirigintza birmoldaketaren barruan, errepidearen bi aldeetan zeharka aparkatzeko lekuak kentzea erabaki du udalak, maniobrei lotutako arriskuak murriztu eta gidari zein oinezkoentzat “ikuspena hobetuz”. Jarduketa horrek “ingurune seguruagoa eta ordenatuagoa sortzen laguntzen” duela nabarmendu dute udaletik. Horrez gain, hondatuta zeuden bide-zatietan zorua hobetu dute, baita zabaldutako eremuetan zoladura berritu eta bateratu ere.

Espaloiak ere handitu dituzte, oinezkoentzako tokia irabaziz eta mugikortasun eredu jasangarriago eta irisgarriago bat bultzatuz. Lanak amaituta, auzotarrek “erosoago ibilteko aukera” irabazi dute, besteak beste haurrentzako orgak edo gurpil-aulkiak igarotzea erraztu dutelako: “Ingurua oinezkoentzako izatea indartu da, familien biztzarako bereziki garrantzitsua baita”.
Lanak burututa auzoak “hiri irudi zainduagoa, koherenteagoa eta modernoagoa” eskaintzen duela nabarmendu dute udaletik, espazio publikoa modernizatzeaz harago, ingurune seguruago, irisgarriago eta atseginago baten alde egin dutela zehazteagaz batera: “Herritar guztien ongizaterako eta auzo biziago eta funtzionalago bat finkatzeko pentsatuta dago”.
Bestalde, zerbitzuei dagokionez, egoera txarrean zeuden linea elektrikoaren ubideratze eta kableak berritu dituzte, baita hirigintza diseinu berriarekin bat datozen eta eraginkortasun energetikoaren irizpideekin bat egiten duten argi berriak instalatu ere: “Argiteria publikoa modu integralea modernizatu eta hobetu dugu”.
Birmoldaketa biribildu eta “kale paisajismo berria are gehiago gizatiartzeko” helburuarekin, atseden leku eta elkargune berriak sortu dituztela azpimarratu nahi izan dute udaletik. Espazio horiek lorategietako landareria ezberdinekin osatuz joango direla aurreratu dute, landaketak espezie bakoitzaren “landaketa-egutegiaren arabera” egingo direla nabarmenduta: “Orain arte zugaska sorta zabala sartu da, eta udaberriaren etorreragaz baterra, hainbat espezietako erraboilak landatuko dira. Horri esker, urten zehar hainbat loraldiz gozatzeko auker egongo da”.