Palestinatik Euskal Herrira heldutako errefuxiatuei buruzko diagnostikoa osatuko dute
'Palestina Euskal Herrian dago’ kanpaina aurkeztu du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak gaur goizean, Bilbon.
'Palestina Euskal Herrian dago' kanpainaren berri eman dute goizean, BIlbon.Mikel Martinez de Trespuentes Euskal Herrira Palestinatik ihesi heldutako errefuxiatuei “behar bezala laguntzeko” helburuz, Palestina Euskal Herrian dago kanpainari ekin dio Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak eta gaur goizean [otsailak 17] aurkeztu dute Bilbon. Errefuxiatu horiei buruzko diagnostiko-azterketa egingo dute, “dituzten arazoak ulertu eta euren egoerari eta beharrizan zehatzei buruzko txostena prestatzeko”. Izan ere, azaldu dutenez, Euskal Herrira iritsitako palestinarrei “ez zaie egin beste kolektibo batzuei egin izan zaien moduko harrerarik, bereziki, instituzioen ikuspuntutik”. Ekainaren 20an, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, aurkeztuko dute diagnostikoa.
Izan ere, azaldu dutenez, Euskal Herrira iritsitako palestinarrei “ez zaie egin beste kolektibo batzuei egin izan zaien moduko harrerarik”, bereziki, instituzioen ikuspuntutik: “Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak erabaki du babesa bilatzera behartuta dauden Palestinako errefuxiatu populazioaren egungo egoerari buruzko diagnostiko-azterketa bat egitea, pertsona horiek babesteko neurriak zentzudunak eta eraginkorrak izan daitezen”.
Txostena osatzeko, aurretik datu-basea garatuko dute, eta bertan gutxienez honako informazioa jasoko dute: oinarrizko identifikazioa, lege eta administrazio informazioa, familia egoera, egoera sozio-ekonomikoa, osasuna eta ongizatea, etxebizitza eta bizi-baldintzak, hezkuntza egoera (adingabeak baldin badaude adingabeen kasuan), integrazioa eta parte-hartze komunitarioa, mugikortasuna eta tokiko gizarte-erakundeekin harremanak. Ekainaren 20an, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, aurkeztuko dute diagnostikoa.
“Palestinako errefuxiatuek hainbat erakunde publiko eta pribaturen laguntza jaso ondoren dituzten egungo arazoak ulertzea da kanpainaren helburuetako bat”, azaldu zuten atzo. Bizi dituzten egoerak ezagutarazteko eta arazo horri aurre egiteko, hainbat erakunde publiko zein pribaturekin biltzea dute asmo, eta erakunde horiekin “koordinazioa eta konpromisoak ezartzeko”, bileren egutegia ezarriko dute. Zehaztu dutenaren arabera, bilera horiek Gallartako Martin Etxea espazioan egitea aurreikusi dute.
Gaurko agerraldian gogoratu zuten bezala, “genozidioak ez dauka etenik eta Israelgo armadak lurrak okupatzen jarraitzen du”. Gazako zerrendaren erdia armadaren kontrolpean dagoela zehaztu dute eta, beraz, bertan palestinarrek ezin dituztela lurrak nekazaritzarako edota abeltzaintzarako erabili; era berean, ez dute itsasorako eta, ondorioz, arrantzarako sarbiderik: “Genozidioak jarraitzen du eta eragile politiko nagusiek zein nazioarteko instituzioek Palestinaren egoeraren jarraipena egin dezaten eskatzen dugu. Orain inoiz baino gehiago behatu eta inplikatu behar da. Aurtengo urtarrilaren 28tik otsailaren 11ra bitartean, 109 palestinar hil dira, 252 zauritu eta hamar gorpu atera dituzte hondakinen azpitik”.
Horrenbestez, “kalean eta mobilizatzen” segitzearen garrantzia nabarmendu dute, eta zapatu honetan Yala Nafarroak Iruñean egingo duen mobilizazioan parte hartzeko deia zabaldu dute.