Dantzaz eta kolorez zipriztindu dituzte Bermeoko kaleak
Euriari aurre eginez eta aratusteetako ohiturari jarraipena emateko ilusioz, Alkartasuna Dantza Taldekoek Lantzeko Inauteriak atera dituzte kalera. Dantza taldearen 50. urteurrena tarteko, jai giroa gauera arte luzatuko dute.
Euria eta haizea aratusteetako protagonista bilakatu nahian dabiltzala badirudi ere, Busturialdeko bizilagunen artean dantzarako, mozorrotzeko eta jai giroan murgiltzeko gogoak bizirik dirau. Izan ere, denetariko egitarauak prestatu dituzte egunotarako, inauteriak bete-betean ospatu asmoz. Bermeon, esaterako, euri -zaparradei zira jantzi eta dantzatuz erantzun diete, beste urte batez Lantzeko inauteriak kalera atera baititu Alkartasuna Dantza Taldeak.
Kalejirak izan dira goizean Bermeoko kaleetako izarrak, Coro Maikaren kalejirak eta Lantzeko inauterien kalejiran atera baitira. Alkartasunakoek, bereziki, euriak bustitako kaleak kolore eta askotariko dantzaz zipriztindu dituzte, Gizarte eta Kultura Etxean hasi eta Lamerara bitartean. Urduritasuna eta ilusioa nabariak ziren dantzari txiki eta gazteen artean, zeruari begira zeudela. jantziak ahalik eta gutxien busti asmoz plastikozko zirak janzten zituzten bitartean. Miel Otxin eta Ziripot ere ez dira falta izan.

Maskarak soinean eta orratzak eskuan, zuzenean Sancti Spiritus zaharren egoitzarako bidea hartu dute dantzariak, justu euriak gogorrren jotzen zuen unean. Izan ere, bertan izan dituzte zain beraien emanaldiaz gozatu nahi zuten egoiliarrak. Goiko Plazan eta Taraskan ere geldialdiak egitekoak ziren, baina eguraldia ikusita eta edozelako ezbeharrak ekidiko asmoz, ibilbidea laburtzea erabaki dute; hala, fanfarrearen erritmora Goiko Plaza zeharkatu eta Lamerarako bidea hartu dute.
Lamerara iristeagaz batera aterruneak bizi izan dira, dantzariei emanaldia lasaiatunez eskaintzeko aukera emanez. Miel Otxin Lantzeko inauterietako pertsonaiaren inguruan dantzatu dira, guraso, herritar zein kuxkuxeroak begira zituzten bitartean. Dantza artean, Miel Otxin erretzeko momentua ere iritsi zaie. Horrek ez du baina dantzaldia eten, haren errautsak amatatu artean etenik barik aritu baitira Alkartasunakoak. +
Errautsak amatatuta, talde argazkiarekin biribildu dute goiza. Aurtengoa gainera, berezia izan da, Alkartasuna Dantza Taldea bere 50. urteurrena ospatzen ari baita. Horregatik, urtemuga behar bezala ospatzeko, herri bazkarian batu dira Artza udal pilotalekuan. Arratsaldez jarraituko du jaiak frontoian, Begibide erromeriak eta MJ Pepiñotanek girotuta.

Bihar atseden hartuta, astelehenan jarraituko dute bermeotarrek aratusteetako ospakizunekin, izan ere, Demiku Jubilatuen Elkarteak tostada eta mozorro txapelketak hartuko ditu. Aratuste martitzenean [otsailak 17], ostera, herriko ikastetxeetako kalejiren eta Tabernen Mozorro txapelketaren txanda izango da, besteren artean.