"Aldarrikapenerako eguna" izango den Aberri Egunean parte hartzeko deia zabaldu dute
Jardun Koordinadorak Gernika-Lumon ospatuko du Aberri Eguna beste behin, apirilaren 5ean [domeka]. "Euskal Herri Langilearen proiektu politikoa plazaratzeko eguna" izango dela zehaztu dute.
Jardun koordinadorak datorren apirilaren 5ean [domeka] Gernika-Lumon ospatuko duten Aberri Egunarekin bat egiteko deia luzatu dio “Euskal Herri langileari”. Gaur goizean [otsailak 14] Seber Altube Auditorioan egindako aurkezpenean zehaztu dutenez, Aberri Eguna aldarrikapenerako eguna izango da, “borrokan berretsi eta Euskal Herri Langilearen proiektu politikoa” plazaratzeko eguna.
Askatasuna egunero balioan jarri eta eraiki beharra dagoela nabarmendu dute koordinadoratik, “frantziar eta espainiar estatuen menpe” egoteagatik Euskal Herriak egiteko duen ibilbidea oraindik “luzea” dela zehaztearekin batera: “Nazionalki ukatua eta klase gisa zapaldua da Euskal Herri langilea. Bi estatu horien menpe eta euren borondatearen arabera bizi gara”.
Frantzia eta Espainiarengandik “ezer eraikitzetik ez dagoela” ozen salatu dute, horien marko eta instituzioek “dena ondo lotuta” mantentzea bermatuta dutelako: “Eurak dira zilegitasunaren jagoleak eta lege zein arrazoiaren jabe bakarrak. Ukatzen gaituztenek markatzen dute zer den zuzena. Zapaltzen gaituztenen araberakoa da zer den onartezina, zer den okerra”. Jarduneko kideek estatuok baliatzen dituzten “inposizioa eta jazarpena” salatu dituzte, arrazoia “bigarren mailako auzia” bihurtzen dutela azpimarratzearekin batera.
Ordenaren izenean estatuok Euskal Herriko herri eta kaleak “indar okupatzailez hartuta” dituztela nabarmendu dute. Egoera horri erantzuteko edozein asmo edo antolakuntza gogor jazartzen eta kriminalizatzen dela zehaztu dute, izan ere, argi dute frantziar zein espainiar estatuetako instituzioek badakitela zein den beraien interesak bermatzeko deuseztatu beharreko jomuga: “Ez da ekintza zehatzengatik, baizik eta ideologikoki eta politikoki Euskal Herri langileari begirako alternatiba politiko iraultzaile bat mahaigaineratzeagatik”. Hala, ozen aldarrikatu dute beraiek argi dutela zer diren eta ez dituztela desagerreraziko: “Ez gara ezkutatuko. Ez gara burua bajatuta bizirautera mugatuko. Edozein inposizioren aurrean milaka kolpe burura liezazkiekeen jazarpen forma ororen aurrean, edozein egintza delitutzat jo arren, ez gaituzte desagerraraziko. Izan ere, argi daukagu zer garen: Euskal Herriko langile independentistak eta sozialistak gara”.
Jardun koordinadorakoen ustez, instituzionalismoa edozein planteamenduren izaera askatzaile edo iraultzailea indargabetu eta “estatuen logikan irentsia izateko bidea” da, eta horregatik, Aberri Egunaren izaera aldarrikatzailea defendatu dute. Zehaztu dutenez proiektu politikoa argitara emateko eguna da, eta ez horren babesean aurrera eramandako planteamendua: “Ilunetan bizi garenok, kapitalaren gurpilagatik zapalduak garenok, asimilazioa xede izanik nazio gisa era publikoetan kalera ateratzeko eguna da Aberri Eguna”. Modu horretan, apirilaren 5eko hitzordua instituzioetatik at eta instituzionalismoan erori gabe, “apurketa klabean gauzatzen den eguna” izango dela nabarmendu dute: “Euskal Herri langilearen potentzialtasun iraultzaileak izan du du bere indar askatzailearen motorra”.
EGITARAUA. Apirilak 5, domeka.
- 13;00. Manifestazioa, Merkuriotik.
- 13:45. Ekitaldi politikoa.
- 14:30. Bazkari herrikoia, Astran. Tiketak bertan egongo dira salgai, 5 eurotan.
- 17:00 Andoni Ollokiegiren emanaldia, Astran.
- 20:30. Kontzertuak, Pasealekuan: Lee Kore, Arene6, Odei Barroso, EH Sukarra eta Bad Sound System.