Gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Arrantzun, droga trafikoagatik
Zaintza eta jarraipen dispositibo batean atxilotu zuten 68 urteko gizona atzo, autoa miatzean 19 kokaina-dosi antzeman ostean.
Argazkia: Ertzaintza Ertzaintzako agenteek 68 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo Arratzun, droga trafikoagatik osasun publikoaren kontrako delitu bat leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, gizona zaintza- eta jarraipen-dispositibo batean atxilotu zuten, “substantzia sorgorgarriekin trafikatzearen susmagarri” zelako.
Zehaztu dutenez, ikerketa abenduan hasi zen, Ertzaintzak Gernika-Lumoko industriagunean “toxikomanoen joan-etorria” antzeman zuenean. Ikerketaren arduradunek zaintza-dispositiboa ezartzea erabaki zuten orduan, eta horietako batean, auto bateko gidariak egindako “substantzien salerosketa-operazioak” ikusi zituzten. Hala, susmagarri horri jarraipena egiteko dispositiboa jarri zuten martxan. Horren ondorioz, “hainbat toxikomano” droga eskuratzeko harekin harremanetan jartzen zirela ezaguru zuten.
Atzo identikatu zuten agenteek susmagarria Arratzun, autoan zihoala. Lehen miaketa batean 19 kokaina-dosi aurkitu zizkioten autoan ezkutatuta, eta orduan atxilotu zuten. Gero atxilotuaren etxea miatzera joan ziren Ertzaintzako agenteak, Nabarnizera; bertan, 600 gramo kokaina, bi doitasun-balantza, ontziratzeko makina bat, substantziak banatzeko elementu batzuke eta bi kutxa gotor aurkitu zituzten, barruan 7.000 euro zituztenak.
Jakinarazi dutenez, Gernika-Lumoko ertzain-etxean beharrezko polizi-eginbideak amaituta, atxilotura epailearen esku utzi zuten.