"Ni ginenak gu bihurtu gara"
Eskualdean kalitatezko hezkuntza euskaldun, inklusibo eta doakoa bultzatzeko jaio den eragile sarea, 'Danon Eskola Publikoa', aurkeztu dute gaur [urtarrilak 31].
Ver esta publicación en Instagram
Urtarrilaren 31 egun berezitzat gogoratua izango da aurrerantzean, eskualdeko hezkuntza komunitatearen bilakaerari eta hezkuntza publikoaren sendotzeari dagokienez. Gaur [urtarrilak 31], Busturiko Madariaga Dorretxeko Ekoetxean, Danon Eskola Publikoa sarearen aurkezpen agerraldi ofiziala egin dute. Hezkuntza sistema publikoa indartzea eta hura osatzen duten eragileak elkarren artean ehuntzea helburu nagusi dituen sarea da, Busturialdeko —nahiz inguruko— hezkuntza komunitatearen gehiengoak osatuta dagoena.
Hain zuzen, Zornotzatik Bermeo bitarteko bederatzi udalerri, 25 eskola eta 13 guraso elkarte daude proiektuaren atzean bultzaka, “elkarlanetik abiatuz”. Ez hori bakarrik: 4.000 familia baino gehiagoren parte hartzea du, baita 5.000 ikasle ingururena ere; irakasleak, ostera, 700 baino gehiago dira. Gaurkoan azaldu dutenearen arabera, egitasmoa “konbentzimendu sakon baten” ondorio argia izan da: “Eskola publikoa herriaren bizkarrezurra da, eta hori indartzeko bide bakarra elkarlana da. Sinetsita gaude den-denok anaia-arrebak garela proiektu honetan, guzti-guztiok partekatzen baitugu jomuga berbera: kalitatezko hezkuntza euskaldun, inklusibo eta doakoa bermatzea”.
Zornotzaz hargo, Busturialdeko honako udalerriek parte hartu dute ekimenean: Muxika, Gernika-Lumo, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Natxitua, Busturia, Mundaka eta Bermeo. Hori horrela, herriotako ordezkaritza politikoaren nahiz instituzionalaren ordezkaritza zabala egon da Ekoetxeako aurkezpenean, egitasmoa bultzatu asmoz. Danon Eskola Publikoa-ren funtsezko indarguneetako bat, argitu dutenez, bere “transbertsaltasunean” datza: “Proiektu honek ikastetxeetako klaustroen zein zuzendaritza taldeen erabateko babesa dauka, eta horrek komunitate osoaren batasuna islatzen du”.
Hezkuntza ibilbide osoaren aterki izango da sarea, norbanakoaren “bizitza osoko hezkuntza publikoa” barne hartzea bilatu baitute. Beraz, 0 eta 2 urte bitartekoen Haur Eskolak, Haur eta Lehen Hezkuntza (HLHI), Bigarren Hezkuntza (BHI), Lanbide Heziketa (LH), Musika Eskola Publikoak zein Helduen Hezkuntza (EPA) hartzen ditu beregain.
Gurasoen eta guraso elkarteen ordezkaritzak ere ez dira falta izan gaurko ekitaldian, beraien arteko lankidetza izan baita saretzea hein handi batean ahalbidetu duena: “Gurasoen borondatetik, ilusioetatik eta konpromiso solidariotik jaio da saretzea”. Publikoaz harro daude, eta harrotasun hori lau haizetara ikusarazi gura dute. Horretarako, aurkeztuko duten sare hori bost baloretan oinarritzen da: Inklusioa eta Aukera Berdintasuna, Ekitatea eta Justizia Soziala, Kalitatezko Hezkuntza Profesionala, Demokrazia eta Parte-hartzea, eta, azkenik, Euskalduna eta Gertukoa.
Helburu argiekin.
Denetarik eduki du gaurko agerraldiak: ikasleen performance-a, ohorezko aurreskua, Asier Galarza Garai bertsolari muxikarraren parte hartzea, bertsolari gaztetxoena edota txistu eta danbolin doinuak. Edozelan ere, sareak aurrez aurre edukiko dituen helburu esanguratsuenak ezartzeari garrantzi berebizikoa eman diote. Horietako lehendabizikoak sinergiak sortzeagaz du lotura; guraso elkarteen arteko komunikazioa zein koordinazioa hobetzea izango da lehen erronka handietako bat.
Baliabideak optimizatzeari ere keinu egingo diote: eraginkortasunerako bidean, eragileen artean esperientziak, materialak eta proiektuak partekatzeari. Horrez gain, publikotasunaren defentsa irmo eta argia dute banderatzat, eta, alde horretatik, hezkuntza sistema publikoaren berebizikotasuna eta balioak herritartzea eta gizartean ikusaraztea. Eskualdearen kohesioari ere eragin nahi diote: herrien arteko mugak gainditzeari eta, hala, eskualdeko hezkuntza ekosistema indartzeari. Eskola publikoa “guzti-guztiena” dela nabarmenduta, beren aldarria argi aireratu dute: “Gaurkoan, ni ginenak gu bihurtu gara”.