Herritar batek jasandako eraso matxista larria salatu dute bermeotarrek
Argazkia: Bermeoko Udala. Bermeoko Udalaren ordezkaritza, Nadia Nemeh Shomaly alkatea buru, udaletxearen aurrealdean elkartu da gaur [urtarrilak 31], 12:30ean, iragan astean herritar batek jasandako erasoaldi matxista larria salatzeko eta eraso hori pairatutako emakumezkoari nahiz haren ingurukoei “laguntza osoa” emateko prest daudela adierazteko.
Hamar minutu inguruko elkarretaratze isila izan da gaurkoa. Udal ordezkariek beren “gaitzespenik irmoena” adierazteko adierazpen instituzionala irakurri dute, giza eskubideen inolako urraketarik “onartuko ez dutela” argi eta garbi uzteko. Alde horretatik, indarkeria zantzurik txikiena “errotik desagerrarazi arte” beharrean segitzeko hautua berretsi du udalak. Lanketa horren parte da, erasoaren informazioa ezagutu eta baloratu ostean, Indarkeria Matxista kasuetan Erantzun Publiko Instituzionala emateko Protokoloa aktibatu izana, hala erasoa jasandako herritarrari, nola bere ingurukoei dagokien arreta emateko eta beraientzako laguntza koordinatzeko.
Udalerriko herritar guztien “berdintasun osoa” lortze bidean lanean segitzeko asmoa plazaratuta, berdintasun hori bultzatzea ahalbidetuko duten politikak sustatuko ditu udalak: “Argi utzi nahi dugu erabat gaitzesten dugula edozein indarkeria matxista mota”.