Herritar batek jasandako eraso matxista larria salatzeko elkarretaratze isila deitu dute
Iragan astean herritar batek pairatutako eraso larria salatu eta gertakariari "gaitsezpenik irmoena" adierazi dio Bermeoko Udalak adierazpen instituzional baten bidez. Erasotuari nahiz senideei "laguntza osoa" eskaini diote, eta erasotzailea atxilotuta dagoela zehaztu dute.
Adierazpen instituzional baten bidez, Bermeoko Udalak iragan astean herritar batek jasandako eraso matxista larria salatu, eta erasoarekiko “gaitsezpenik irmoena” adierazi du, erasoa pairatu duen emakumeari eta haren ingurukoei “laguntza osoa” eskaintzearekin batera: “Udalak ozen adierazi nahi du herri honek ez duela giza eskubideen inolako urraketarik onartzen, eta, horregatik, lanean jarraitu behar dugu indarkeria zantzurik txikiena errotik desagerrarazi arte”. Hala, hamar minutuko elkarretaratze isila deitu dute biharko [urtarrilak 31], 12:30ean, udaletxearen aurrealdean. Erasotzailea, bestalde, identifikatuta eta atxilotuta dago.
Zehaztu dutenez, informazioaren berri izan eta hori baloratu zein egiaztatu ostean, Indarkeria Matxista kasuetan Erantzun Publiko Instituzionala emateko Protokoloa aktibatu dute, “erasoa jasan duenari eta bere ingurukoei eman beharreko arreta eta laguntza koordinatzeko eta herritarrei aukera eman asmoz euren gaitsezpena irmoki adierazteko“.
Udaletik, indarkeria matxista, giza eskubideen urraketa larria ez ezik, “lehen mailako arazo soziala ere badela” gogoratu nahi izan dute: “Indarkeria jasaten duten eta hari aurre egin behar dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa da”. Halaber, indarkeria matxista kasuak gertaera ez direal isolatuak eta “balio eta jokabide batzuen babesean” sortzen direla azpimarratu dute, “emakumeek gizonen menpe bizi behar dutela eta emakumeei gizartean zenbait adierazpen nahiz portaera zigortu behar zaizkiela defendatzen duten ideiak oinarri dituen sistemak babestuta“. Indakeria matxista desagerrarazteko bidean “urratsak” egin badira ere, gizartea oraindik “hain errotua dagoen arazoarekin amaitzeko gai ez dela” nabarmendu dute, isiltasunaren itzalpean ezkutatzen diren “modu eta forma asko” hartzen dituelako.
Argitu dutenaren arabera, udala “berdintasunaren alde lanean jarraitzera, indarkeria matxistaren aurka borroka egitera eta giza eskubideak oso-osorik bermatzen direla ziurtatzera konprometituta” dago, eta udalerriko herritar guztien “berdintasun osoa” bultzatuko ahalbidetuko duten politikak bultzatuko ditu: “Argi eta garbi utzi nahi du erabat gaitzesten dugula edozein indarkeria matxista mota”.