"Kontzientzia pizteagaz batera, ardura ere sortu behar da"
Mobidu eta Etxalak talde euskaltzaleek Usurbilgo Aztarrika taldeagaz ‘matx’ egingo dute bihar, gazteak euskaratik eta euskaraz batzea helburu duen TindEHEr egitasmoaren egun osoko topaketan.
Busturialdeko gazte euskaltzaleek eta, bereziki, Bermeoko Etxalak eta Gernika-Lumoko Mobidu taldeek, Usurbilgo Aztarrika taldea hartuko dute bihar Bermeon, TindEHEr ekimena tarteko, helburu argiagaz: hala Bermeo, nola eskualdea euskararen arnasgune dela eta izan behar dela frogatzea. Etxalakeko kide Irune Astiazaran Allikak bai egitasmoaren, bai euskarak bizi duen egoeraren erradiografia egin du.
Zergatik euskaraz?
Nik neuk etxetik jasotako zerbait da euskara. Akorduan dut umetan, nagusiak euskaratik erdarara aldatzen ikusten nituela, baina, gerora, lagunekin euskaraz aritzeko zortea izan dut; zorionez, munduko gauzarik naturalena da euskaraz bizitzea. Ez nago ohituta erdaraz berba egitera.
“Ez dut uste normala izan beharko litzatekeenik umeak kalean erdara hutsean entzutea”
Zein osasun du euskarak Busturialdean?
Euskara egoera oso larrian dago eskualdean. Ez dut uste normala izan beharko litzatekeenik, esaterako, kalean umeak erdara hutsean entzutea. Bertoko gazte euskaltzaleok zerbait egin beharra ikusten dugu.
Badira, beraz, hizkuntzarekiko kontzientzia piztua dutenak.
Noski. Kontzientzia hori heldutasunagaz eta norberaren identitatea eratzeagaz eskutik doala uste dut. Egoera iluna da, baina ez guztiz beltza: badira errealitate horri buelta emateko prest daudenak. Gazte euskaltzaleen sarea euskararekiko ardurak elkartutako taldea da, hizkuntzaren egoera iraultzeko urratsak egiteko prest dagoena.
2021eko Soziolinguistika Klusterraren azterketaren arabera, 15 eta 24 urte artekoen kale erabileraren datuak latzak dira: euskarak %45,5eko erabilera du Gernika-Lumon, eta %8,6koa, ostera, Bermeon.
Zifrek ez diote gezurrik, eta pentsatzen dut kale erabileraren datuek zerikusi handia dutela etxeko hizkuntza ohiturekin. Edozelan ere, datuoi buelta eman ahal zaie: sasoiz gaude. Horretarako giltza ardura eta kontzientzia piztea dira.
“Euskararen kale erabileraren datuek ez diote gezurrik, baina buelta eman ahal zaie: sasoiz gaude”
Kontzientziazio lana da, hortaz, bidearen lehen urratsa.
Bai eta ez. Kontzientzia pizteagaz batera, ardura ere sortu behar da: zerbaitez kontziente izateak baina zera horrek inongo ardurarik ez sortzeak ezer gutxirako balio du. Jendeak euskararen kinka larriaz konturatu beharko luke.
Udalerri handietatik txikietara sumatzen al duzu alderik?
Herri txikietan euskararen presentzia handiagoa sumatzen dut. Oro har, Busturialdean euskaraz bizi daiteke, baina ez ehuneko ehunean. Euskaraz ez dakiena ez da alboratu behar, jakina, baina euskaraz ikas dezan eta bizi dadin, espazioak edota egoerak sorrarazi behar dira.
“Euskal Herria independentea balitz, euskarak lituzkeen arazoak ez liratekeela hain larriak izango”
Kontsumitzen den kultur eskaintzak ere izango du eraginik.
Egundokoa, gainera. Eskaintza erdarazkoa da, gehienbat. Erreferente erdaldunek euskararen erabileran eragina dute.
Denboraren prismatik, zelan ikusten duzu Etxalak eta Mobidu taldeen bilakaera?
Lan handia egin da, bietan ala bietan. Mobidu 2021ean sortu zen; Etxalak, 2024an. Lagunarteko girotik sortu ziren biak, euskararen egoerak kezkatuta eta herrigintzarako grinez. Talde bakoitzak norberaren herri mailatik eragitea bilatzen dugu, baina eragile biok bat egiten dugu, eskualde mailako kontuei dagokienez.
Elkarlanerako prest, hortaz.
Bai. Talde bik bakarrak baino indar handiagoa dute, eskualde baten inguruan eragiterakoan. Taldelana giltzarri da, bide horretan.
Iragan uztailean Busturialdeko Euskaltzaleen Topaketa hartu zuen Gernika-Lumok; zelan gogoratzen duzu egun hura?
Oso berezia izan zen. Den-dena bikain joan zen, eta jendearen erantzuna polita izan zen, bai eragile taldeetako kideen, bai kanpotik hurreraturikoen aldetik. Emaitza hura ikusita, aurrerantzean errepikatzeko prest gaude.
Egun hartan euskararen egoeraren auzia herri ikuskera baten markoan kokatu zenuten.
Euskaltzaleok uste dugu, Euskal Herria independentea balitz, euskarak lituzkeen arazoak ez liratekeela hain larriak izango. Are gehiago, esango nuke euskarak egungoa baino esangura pisutsuagoa edukiko lukeela: jendearen bizimoduan eragin ahalko luke, eta gehiago lirateke, kontzientziaz zein beharrizanez, hizkuntzara hurreratzea erabakiko luketenak.
“Etxalak eta Mobiduk Usurbilgo Aztarrika taldeagaz egingo dugu ‘matx’, eta elkar eragiteko irrikaz gaude”
Abenduan Euskaltzaleen astea egin zenuten. Nola gogoratzen duzu hura?
Oso ondo. Bigarren eguna, hilaren 5a, barikua izan zen; Kabidxe gune sozialean pintxopotea egiten dela probestuz, egun hura aprobetxatu genuen, geure pintxopote propioa egiteko. Ostean, Edorta Jimenez eta Matxalen Bezos idazleek berbaldi interesgarria eman zuten. Abenduaren 6an, jende pila bat animatu zen Durangon egin zen manifestaziora joatera.
Orain TindEHEr proiektuan parte hartzera zoazte, baina zein aurreikuspenekin?
Gogotsu gaude. Euskal Herrian Euskarazek Euskal Herri osoko talde euskaltzaleak elkarren artean eta hizkuntzaren bidetik saretzeko sortutako proiektua da TindEHEr. Etxalakek eta Mobiduk Usurbilgo Aztarrika taldeagaz egingo dugu ‘matx’, eta elkar eragiteko irrikaz gaude.
Gazteen arteko komunikazio tresna ere bada TindEHEr.
Bai, hala da. Aztarrikak bere egoera propioa izango du, eta guk geurea; dena dela, seguru nago komunean hainbat kontu edukiko ditugula. Alde horretatik, beraiek lanerako dituzten moldeak ikusteko eta, finean, ikasteko eta saretzeko tresna egokia izango dela uste dugu.
Artiako Gazte Asanbladak ere parte hartu du ekimenean. Ba al duzue haien berri?
Bai, ni neu beraiek atondutako solasaldi batean egon nintzen. Arteagarrek egundoko egitaraua prestatu zuten, eta topaketa benetan ederra izan zen. Gu ere horrexetarako prest gaude. Horrenbestez, inguruko gazteei bertaratzeko deialdia luzatu gura diegu: euskararen egoerak kezkatzen baditu eta jende berria ezagutu gura badute, egitarauan parte hartzera gonbidatzen ditugu, baita eskualdeko gazte euskaltzaleen dinamiketara biltzera ere.
___________
EGITARAUA:
- Kabidxen
- 10:30. Harrera eta hamaiketakoa.
- l11:30. Solasaldia: Gazte euskaltzaleon arnasguneak.
- Ostean. Trikipoteoa.
- Herriko eskolako patioan.
- 15:00. Bazkaria.
- Ostean. Anuk eta Eleneren kontzertu akustikoa.
- 18:30. C2-a lortzeko erronka jolasa.
- 22:00. Kontzertuak: Argitu erromeria eta Mj Marifarra.