Ahaztutako artxiboa, erantzunen bila
Ustekabeko aurkikuntza batek abiarazitako bilaketa da Non ote zaude erakusketaren abiapuntua. Madrilgo azokan topatutako argazki-artxibo zahar batek Gernikarekin lotura estua duen istorioa azalera ekarri du, eta hori ikusarazi dute Dani Asuak eta Hibai Agorriak, galdera nagusi bat mahai gainean jarriz: nor da argazkietan agertzen den familia? Martxoaren 20ra bitartean egongo da ikusgai.
Ezer bilatzen ibili barik, zerbait aurkitzea. Non, eta Madrilgo azokaren inguruan, jendearen joan-etorria, zalaparta eta ibilgailuen presentzia etengabea den tokian. Ezer bilatzen ibili barik, argazki zahar batzuk aurkitzea. Ezer espero barik, gainera; zer gordeko zuten ikusi barik. Ezer bilatzen ibili barik ailegatu zen argazki zahar batzuen bilduma Dani Asuaren eskuetara 2008 edo 2010 urte inguruan, Madrilen, ustekabeko leku batean. Denborak ia erabat ahaztuta zeukan argazki-artxiboa zirudien, eta, “imajinatu ere egin barik”, irudi multzo hark Gernikarekin lotura zuzena zeukan. Izan ere, udalerrira ekartzerakoan konturatu zen artxiboak herriaren irudiak ere gordetzen zituela. Eta, argazki horiek oinarri hartuta bultzatu dute berak eta Hibai Agorria argazkilariak Non ote zaude erakusketa, Gernika-Lumoko Kultur Etxeako Ricardo Abaunza erakusketa aretoan martxoaren 20ra bitartean ikusgai egongo dena.
Izan ere, irudiek familia baten oporraldia edo bidaia jasotzen dute. Baina galdera bat ere badakarte: nortzuk dira argazki zahar horietan agertzen diren pertsonak? Galdera horren bueltan eraiki dute erakusketa, iraganera begiratzeko eta, aldi berean, oraina interpelatzeko. Hala, irudi bakoitza pistatzat hartuta, erakusketak memoria, denbora eta identitatearen inguruko bilaketa kolektibo batera gonbidatzen du bisitaria.
Guztira 140 argazkik osatzen dute artxiboa, 36 argazki inguruko sei karrete aurkitu baitzituen Asuak, eta Agorria arduratu da horiek eskaneatu eta dokumentatzeaz. “Batzuk mugituta zeuden, desenfokatuta… Hori normala zen karreteekin argazkiak ateratzerakoan, eta mugituta zeuden horiek ez ditugu erakusketan jarri”. Hain zuzen ere, erakusketarako hurbileko argazkiak zirenak aukeratu dituztela azaldu du Agorriak: “Irizpidea izan da bertoko gauzak jartzea, ingurukoak. Badaude Donostia edo Salamancakoak, baina erakusketarako bertoko herriak ikusarazi gura izan ditugu, bertoko jendeak horiek ikus ditzan”.
Aurkikuntza “harrigarria” izan zela azaldu du: “Irudi askok eta askok ingurune hurbila erakusten dute, ezagutzen eta maite ditugun paisaiak, Durangaldetik Urdaibairaino, Gipuzkoako kostaldetik Hondarribiko hondartzetaraino. Kalean topatu zituen karreteak Danik. Sekulako kasualitatea da, eta horregatik eduki dugu zerbait egiteko gogoa, badelako ohikoa ez den kontu bat. Denbora luzean ibili gara argazkiak noizean behin ikusten, eta momentu batean kultur etxera proposamena ekartzea pentsatu genuen. Baietz esan zuten, eta aurrera egin dugu”.
Argazki horiek 1953, 1955 eta 1957 urteetan atera zituztela ere badakite, inguru horietan bidaiatzen zuen familia baten egunerokoa jasoz. “Argazki hauek ez dira familiaren oroitzapen hutsak. Askoz gehiago dira: garai hartako eguneroko bizitzaren, paisaien, arkitekturaren eta pertsonen eta ingurunearen arteko harremanaren lekukotza zuzena”. Irudi batzuetan, familia Urdaibain zehar gidatzen antzeman daiteke; beste batzuetan, doluzko besoko batek galdutako maite bat bisitatzen ari direla iradokitzen du. “Gernika ikusten da, ikusten da, baita ere, Merkurion lehen zegoen arbola handia, eta ikusten dira inguru horretan gaur egun horren ezagunak diren eraikin batzuk eraiki barik zeudela ere. Detaile txikiak dira, kokatzeko eta udalerria zelakoa zen ikusteko balio dutenak. Pena bat da leku gehiagotako argazkiak ez egotea”, adierazi du.
Xehetasun horiek emozio eta misterio geruzak gehitzen dizkiete denboran gelditutako eszenei: “Bermeoko argazki batzuetan Espainiako banderak ikusten direnez, jendeak esan digu argazki horiek Franco Bermeora joan zen egunekoak izan daitezkeela, trena inauguratzen joan zenekoa. Baina, bere horretan, ez dakigu familia nongoa zen. Agertzen da Salamanca, agertzen da Madril, Valladolid… Baina esan genezake Euskal Herriarekin lotura izan dezakeela familiak, urte ezberdinetan errepikatzen direlako hemengo irudiak”, adierazi du argazkilariak. Hala ere, argazkien negatiboak orden kronologikoan zeuden edo ez ere ez dakitela gehitu du: “Ikusten da neskatoa nagusitzen ari dela, baina ez dakigu zehatz-mehatz zein urtetakoak edo nongoak diren”.
Irudiak lotzen dituen hari nagusia neska bat da, artxiboko protagonista nagusia. Antolatzaileen ustez, emakume hori gaur egun bizirik egon liteke oraindik, 85 edo 87 urte ingururekin. Beraz gain, familia osoa ikusten da, eta erakusketaren egileek argazkilaria aita izan daitekeela uste dute. Eta, haren teknika ez dela batere txarra deritze; izan ere, Agorriak dio argazki batzuk badutela teknika edo ezagupen bat: “Arlo artistikoa lantzen da zenbaitetan. Hori bai, epokako argazkiak dira, ez daude oso landuta. Ikusten dira turista estiloa dutela askok, baina argazki onak ere badaude”.
Asua eta Agorria, historialarien laguntzaz eta artxibo desberdinak kontsultatuz, saiatu dira argazkietan agertzen direnen identitatea argitzen, baina, oraingoz, ahalegin horiek ez dute fruiturik eman. Horregatik, kultur etxean antolatutako erakusketaren bidez, herritarrei deia egiten diete irudiei arretaz begiratzeko eta, ahal bada, familiaren edo bereziki neskato protagonistaren arrastoa emateko. Hala ere, euren helburua ez dela familia topatzea diote: “Helburua ez da familia topatzea, da argazkiak erakustea eta jendeak ikustea. Baina, bat-batean nortzuk diren jakitea lortuz gero, ederto”.
Jendeak gerturatu da argazki erakusketara, eta hori ikusi bitartean bere susmoak adierazi ditu. Inaugurazio egunean, batzuek baserrien itxurari erreparatzen zioten, horrek arrastoa eman zitekeen ustetan, edota argazkietan zeudenen jantziak. Askok bidaiatzen zebiltzala zioten, beste batzuek bertan familia eduki zezaketela… Denak ala denak zirkulua ixtea bilatuz, irudi horiek duela ia zazpi hamarkada atera zituzten horiei itzultzeko gogotsu.
Gernikako artxibo ahaztu hau, beraz, oroimenaren eta irudimenaren arteko bidaia gisa aurkeztu dute, eta argazki bakoitzak istorio bat gordetzen duela gogorarazten du, kasu honetan, gainera, bilaketa aktiboa eraginez: iragana eta oraina batzea, norbaiti bere oroitzapenak berriz itzultzeko asmoz.