Gernikako Ospitaleko Unitate Soziosanitarioa pribatizatzeko arriskua salatu du LABek
"Kudeaketa publiko zerbitzu publiko gisa" iragarritako Gernikako Ospitaleko hirugarren solairuko arreta soziosanitarioko unitate berria enpresa pribatu batek kudeatzea aurreikusten dela salatu du sindikatuak. LABen ekimenez, EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietara eramango du gaia, Gizarte Ekintzako diputatuak publikoki argitu dezan "kudeaketa publikokoa izango den ala ez".
Bizkaiko Foru Aldundiak Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua arreta soziosanitarioko unitate berri bat sortzeko erabiltzeko lagapen-akordioa sinatu zuen 2022an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Osakidetzaren. Orain, LAB sindikatuak “kudeaketa publiko zerbitzu publiko gisa” iragarritako proiektua pribatizatzeko arriskua dagoela salatu du, enpresa pribatu baten bidez martxan jartzea aurreikusten baita. Horrez gain, IFASeko Negoziazio Mahaian ordezkaritza duten sindikatuei “informazioa nahita ezkutatu” dietela salatu dute.
Sindikatutik gogoratu dute negoziazio mahaian Unitate Soziosanitarioak 25 plaza izango zituela azaldu zietela, eta IFASeko langileak jardungo zutela bertan. Horrez gain, zerbitzua aurrera eramatejo beharrezko langile kopurua ezagutzeko jarduketa-memoria egingo zela ere zehaztu zen. “Ordutik hona, Bizkaiko Foru Aldundiak behin eta berriz zabaldu du proiektu hau komunikabideetan, beti ere zerbitzu publiko gisa aurkeztuta, kudeaketa-ereduaren inguruko inolako aldaketaren berri eman gabe”, adierazi dute LABetik.
Zehaztu dutenez, bai beraiek bai IFASen ordezkaritza duten gainerako sindikatuek gai honi buruz galdun dute 2022az geroztik egindako ia negoziazio-mahai guztietan, eta azken mahaian jakinarazi zieten unitate berria ez zela 2026. urte amaierara arte martxan jarriko. Sindikatutik, baina, 2025eko azaroaren 25eko Gizarte Ekintzako Batzordean horretako zuzendariak kudeaketea ereduaren inguruan emandako adierazpen batzuen berri izan dutela salatu dute: “Honakoa adierazi zuen; Gernikako 25 plaza soziosanitarioak 2026ko amaieran jarriko dira martxan, mota horretako unitateak kudeatzen esperientzia duen erakunde espezializatu batekin egindako hitzarmen baten bidez, Bizkaian beste baliabide soziosanitario batzuk ere kudeatzen dituena”. Horregatik, sindikatuek behin eta berriz eskatu arren informazio hori negozio-mahaira ez eramatea salatu dute: “Ez da akats bat, informazioa nahita ezkutatzea da”.
Erabaki horrekin “zainketa pribatizatu” nahi dutela uste dute, eta helburua ez dela zaintza duina bermatzea, “etekin ekonomikoa ateratzea” baizik: “Baliabide publikoa dena, diru publikoarekin finantzatua eta kudeaketa publikokoa zela iragarritakoa enpresa pribatu baten esku utziko da”.
Batzar Nagusietara.
Egoeraren larritasunarekin kezkatuta, eta Gernikako Unitate Soziosanitarioaren inguruan informazio gehiago jaso asmoz, LABek Bizkaiko Batzar Nagusietara eramango du gaia. Izan ere, beraien ekimenez EH Bilduk ahozko galdera erregistratu du, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak publikoki argitzeko Gernikako Egoitza Unitate Soziosanitarioa “kudeaketa publikokoa izango den ala ez”.
Aldundiak hartutako erabakia “erabaki politikoa” izan daitekeela uste dute LABekoek, baina beraien hitzetan, horrek ez ditu “gardetasun eza, informazioa ezkutatzea eta zainketak negozio bihurtzea justifikatzen”. Horregatik, Batzar Nagusiez gain, Bizkaiko Foru Aldundiko Negoziazio Mahaira ere eraman du unitate berriaren gaia: “Handik bihar [urtarrilak 28] egingo den IFASeko Negoziazio Mahaira bidali gaituzte berriro”, salatu dute.
Zainketak eskubidea direla eta, LABetik lanean eta salatzen jarraituko dutela iragarri dute, pribatiazioari, “zainketen negozioari eta publikoa esku pribatuetara bideratzeari ez” esaten segituko dutela berretsiz.