Muruetako ontziolak okupatzen dituen lurrak berreskuratzeko izapide berriak bultzatu ditu Guggenheim Urdaibai Stopek
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Astilleros de Murueta SA ontziola egun hartzen dituen lurretatik kanporatu asmoz, txosten teknikoa egin du; ondorioak aztertuta, bi eskaera helarazi dizkio Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiari.
Abenduaren 16an iragarri zuen Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Bilboko Guggenheim museoko patronatuaren gehiengoak Guggenheim Urdaibai makroproiektua bertan behera uztea erabaki zuela, eta horrekin, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak betetzat jo zuen bere helburu nagusia. Baina proiektuaren etetearekin Busturialdeak jasan duen “mehatxu nagusia desagertutzat” eman badute ere, orain Astilleros de Murueta SA ontziola lursail horretik kanporatzeko bidean aurrera pausoak ematen jarraitzeko unea dela uste dute.
Plataformakoek urteak daramatzate “ontziola ez zela hor egon beharko” aldarrikatzen, lurrok paduraren parte direlako. Halaber, lursail hori “inolako baldintza barik” deskutsatu eta lehengoratu egin behar dela defendatu dute. Gogoratu dute, 2024ko martxoan Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak ontziolak 1943an lortutako emankida iraungita zegoela onartu zuela, eta 2025ean, berriz, Estatuko Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Sailak enpresak urteetan zehar instalazioak handitu izana baieztatu zuela, “alde batera utziz itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoari buruzko emankida-titulu eta baimen oro”.
Testuinguru horretan, Guggenheim Urdaibai Stopetik ADRA ingenieritza enpresa kontratatzea erabaki zuten, helburu bikoitza zuen txosten teknikoa garatu zezaten: batetik, egun indarrean dagoen mugaketa kontuan hartuta ontziolak itsaso eta lehorreko jabari publikoari dagokion zein eremu hartzen duen zehaztea bilatu dute; eta, bestetik, Muruetako ontziolaren jarduerari lotutako lurrak, bitarteko artifizialez babestuta egon ezean, urak berez hartu ditzakeen lurrak diren edo ez zehaztea. Hala balitz, indarrean dagoen mugaketa berrikusi eta zuzentzea zen xedea.
Txosten teknikoa abenduaren 9an jaso zuten plataformako kideek, eta adierazi dutenez, bertan bildutako ondorioak “ezin dira argigarriagoak izan”. Dokumentuaren arabera, ontziolak 2024an okupatzen zituen 10.902 metro karratuen %56,69 dira ontziolaren sorrerako edota lehendik zeuden instalazioei egindako zabalkuntzak, “emakida edo lizentzia alde batera utzita” gauzatutakoak. Gainera, Muruetako Ontziolaren eginkizunari atxikitako lursail denak —instalazioak eta biltegiak— urak berez hart ditzakeen lurrak direla berretsi da: “Baliabide artifizialek eragozten dute uholdea, beraz, Kostaldeei buruzko Legearen arabera, itsas jabari publikoaren parte dira”, azaldu dute plataformatik.
Jasotako informazioa oinarri hartuta, Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoek bi eskaera helarazi dizkiote Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiari: batetik, eta ontziolaren instalazioari lotutako lursail guztien izaera publikoa aitortu asmoz, 2004az geroztik indarrean dagoen mugaketa berrikusteko eskatu dute; eta, bestetik, ontziolak hartzen duen itsas-lehorreko jabari publikoa berreskuratu eta lurren jatorrizko ezaugarri fisikoak eta elementu naturalak lehengoratzea. “Eremu hori inolako titulu juridikorik gabe bereganatu du, eta okupazio-edo aprobetxamendu eskubideren bat eskuratzeko aukerarik ere emango liokeen jabetza-titulurik ere ez du”, azpimarratu dute.
Guggenheim Urdaibai Stopetik nabarmendu dute hartutako neurriekin, berriro ere herritarrak direla instituzioek hartu beharreko ardura hartu eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren babesa sustatuko dutenak.