Kultura-ondarea dementzia duten pertsonei hurbiltzeko formakuntza saioa hartu du Arrantzaleen Museoak
Arrantzaleen Museoak Gertu Kulturak EHUrekin lankidetzan sortutako Museoak eta Alzheimerra proiektuan parte hartu du, eta hezitzaile eta bitartekariek Alzheimerra edo dementzia duten pertsonen tratu eta arretan formakuntza jaso dute.
Argazkia: Gertu Kultura Alzheimer gaixotasunaren edo beste dementzia batzuen lehen mailetan edo fase moderatuan dauden pertsonei, zaintzaileei eta haien senideei artea eta kultura-ondarea hurbiltzea helburu duen Museoak eta Alzheimerra proiektua eta ikerketaren Bermeon egin du geldialdia, bigarren edizioko bigarren saioan. Gertu Kulturak EHUrekin lankidetzan sortutako ekimenean Bizkaiko eta Gipuzkoako museoek parte hartzen dute, eta oraingoan, Arrantzaleen Museoaren txanda izan da.
Proiektuak museo bakoitzeko espazioa eta esperientziak Alzheimerraren fase arinean edo moderatuan dauden pertsonei egokitzea bilatzen du, museoen bildumen eta eraikin-tipologiaren bidez, bisita-esperientziak egokituz: museo bakoitzaren bisita-gidoia, ibilbidea eta bisita-sekuentzia, edukiak eta elkarrizketarako detonatzaileak, irisgarritasuna zeharkako tresna gisa eta jarduera-jarraibide zehatzak… Horretarako, hezitzaile eta bitartekariek Alzheimerra edo dementzia duten pertsonen tratu eta arretan formakuntza jasotzen dute, saio teoriko-praktiko ezbedinen bidez. Aurreko saioez gain, Museoak eta Alzheimerra proiektuak material osagarria eta gomendatutako irakurgaiak ere helarazten dizkiete parte hartzaileei.
Helburuak. 2024an sortu zen programa proiektu eta azterlan gisa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Museoen Zentroaren, Gertu Kulturaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza izan zen, EFA130/01 ARTIS+ Europako proiektuaren esparruan. Orduan, lau izan ziren sustatzaileek finkatutako helburu nagusiak: museoei gizarteratzeko aktibo gisa baliabide, tresna eta ikuspegi berriak ematea, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen tratuari buruz, kulturaren eta ongizatearen esparruan ezagutza berriak ematea, museoen artean proiektu pilotu bat garatzea osasunerako aktibo gisa, metodologia bat definitzea eta emaitzak ebaluatzea eta Museoen eta Irisgarritasunaren taldearen elkarlana eta sare-lana sustatzea.