Sahararen aldeko Euskal Karabanarako janari-bilketa hasi du Besaldek
Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetara elikagaiak eta oinarrizko materiala eramango dituen Euskal Karabanagaz bat egin gura duten herritarrek urtarrilaren 23ra arte [barikua] egin ditzakete beraien ekarpenak. Ekarpen ekonomikoak ere jasoko ditu Besalde elkarteak.
Argazkia: Besalde Beste urte batez, Besalde (Bermeo Sahararen Alde) elkarteak Sahararen Lagunen Euskal Elkarteen Federazioa koordinakundeak Sahararen alde antolatutako Euskal Karabana: Piztu Itxaropena kanpainagaz bat egin du. Elkarteak Busturialdeko hezkuntza-zentroetan janari-bilketa abiatu du, eta zehaztu dutenez, 22. Euskal Karabanari ekarpena egin gura diotenek urtarrilaren 23ra arte [barikua] izango dute elikagaiak emateko aukera.
Hezkuntza zentroetan bakarrik ez, ohi legez, San Frantzisko elizako arkupeetan ere herritarren ekarpenak jasoko dituzte Besaldekoek. Urtarrilaren 23ra bitartean jasoko dituzte ekarpenak, astelehenetik barikura bitartean, 18:30etik 20:00etara arteko ordutegian. Aurreko kanpainetan egin legez, elkartetik arroza, egoskariak, pasta, azukrea, atuna oliotan, sardinak eta konpresak eramateko deia zabaldu dute. Era berean, Besaldek ekarpen ekonomikoak egin ahal izateko kontu korronte zenbakia ere gaitu du: ES62 2095 0314 3091 0499 5077 (BBK).
Besaldetik gogoratu dute helburua herri sahararrari “ahalik eta elikagai kopuru handiena” helaraztea dela, errefuxiatuen kanpamenduetan duten elikagai falta asetzeko. Bestetik, Sahararako Lagunen Euskal Elkarteen Federazioatik, ostera, aurreko urteetako karabana solidarioen arrakastak eta elikagaiak biltzeko egindako kanpainetan boluntario ugarik —ikastetxeetakoak, merkataritza-zentroetakoak eta beste laguntzaile publiko zein pribatuetakoak— eta hainbat udalek parte hartu izanak proiektuaren “bideragarritasuna bermatzen” dutela azpimarratu dute.

Argazkia: Besalde
Bermeoko elkarteak Busturialdeko herritarrek eta udalek Euskal Karabanari egindako harrera eta erakutsitako eskuzabaltasuna eskertu ditu, iaz eskualdea 2.015 kilo jaki bildu zituztela gogoratuz. Hala, aurten ere parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Informazio gehiago nahi izanez gero 635 72 50 62 eta 615 00 44 94 telefonora deitu dezaketela argitu dute.
173.000 errefuxiatu.
Saharako Lagunen Euskal Elkarteen Federazioak gogoratu du Sahararako herriaren zati handi batek ia mendi erdi daramala “munduko errefuxiatu egoerarik luzeenetako eta ahaztuenetako bat” bizitzen, beste zati batek “okupatua” jarraitzen duen bitartean. Zehaztu dute nahitaezko desplazamendua 70eko hamarkadaren erdialdetik datorrela, “Espainiak orduko Sahara espainiarra utzi eta Marokok eta Mauritaniak lurraldea okupatu zutenetik”. Izan ere, prozesu horrek Frente Polisarioaren —Saharako herriaren askapen nazionaleko mugimendua— eta indar marokoarraren artean gatazka armatua piztu zuen, zibilen Aljeriako hego-mendebalderanzko “ihes masiboa” eraginez.
“Ordutik, gutxi gorabehera 173.000 saharar errefuxiatu bizi dira Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan, Algeriako hegomendebaldeko basamortuaren erdian kokatuak, oso ingurune lehorrean, udan 50 ºC-tik gorako tenperaturekin eta biziraupenerako baliabide natural urriekin”, adierazi dute federaziotik. Biztanleria bost kanpamentu handitan —Smara, Auserd, El Aaiun, Dajla eta Bojador— banatuta dagoela gogoratu dute.
Erbestealdiaren lehen hamarkadetan sahararrek nazioarteko laguntza humanitarioaren menpekotasun “osoa” zuten, bizi-baldintzak oso prekarioak zirelako. Hala eta guztiz ere, ahalegin kolektiboa eta nazioarteko laguntza oinarri, oinarrizko komunitate-egoerak garatzeko gai izan ziren, “gizarte-egonkortasun maila jakin bat” ahalbidetu zutenak: eskolak, osasun-zentroak, emakumeen kooperatibak eta autogobernurako mekanismoak, kasu. Urteen joan etorriarekin baina, errefuxiatu egoera “kronifikatu” egin da: “Erbestealdia belaunaldiz belaunaldi heredatutako egoera bihurtu da, askok jaioterria ezagutu gabe”.
Eskualdeko baliabide-naturalen eskasiak eta laguntza humanitarioaren murrizketak “egiturazko ahultasun egoera” sortu dutela salatu du federazioak, errefuxiatuen “%90ak baino gehiagok” nazioarteko laguntzaren menpe jarraitzen dutelako elikadura, ura eta osasuna bezalako beharrak asetzeko. Gainera, klima-aldaketak, elikagaien nazioarteko prezioen gorakadak edo dohaintza-funtsen jaitsiera moduko kanpo faktoreek menpekotasuna areagotzen dutela azaldu dute.
Hala ere, saharar komunitatea “kohesio sozial sendoari eta antolaketa maila handiari” eusteko gai izan dela azpimarratu dute, emakumeek eguneroko kudeaketan —familiarrean, administratiboan zein gizarte mailan— duten “funtsezko eginkizuna” balioan jarriz. Era berean, prekarietateari aurre egin eta saharar herriaren “jarraipen kultural eta politikoa” bermatzeko zutabe nagusiak hezkuntza eta osasuna direla berretsi dute.
Desplazamendutik berrogeita hamar urte igaro ondoren, Mendebaldeko Saharako errefuxiatuak oraindik egoera “oso zaurgarrian” jarraitzen dutela nabarmendu dute federaziotik, horrek bjzitza duina bermatzeko eta elikadura- eta klima krisiekiko erresilientzia indartzeko “nazioarteko komunitatearen eta lankidetza-eragileen konpromiso berritua” eskatzen duela aldarrikatzearekin batera.
Krisiari, “erantzun koordinatua”.
Federazioa tokiko euskal elkarte ezberdinen “batasun eta konpromisotik” jaio zela gogoratu dute, urte luzez “elkartasunez” saharar herriaren ondoan lanean aritu direla nabarmenduta: “Federazio hau Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuek bizi duten elikadura eta giza krisi larriari erantzun koordinatu gisa jaio sda, non milaka pertsona bizi diren prekarietate eta nazioarteko laguntzen menpekotasun egoera osoan”.
Halaber, federazioaren misioa “euskal herritarren elkartasuna saharar herriari bideratzea” dela nabarmendu dute, haren bizi-baldintzak hobetzen, autonomia indartzen eta bere kausa gizartean ikusgai egiten lagunduko duten “ekintza humanitario, hezitzaile eta sentsibilizatzaileak” bultzatuz: “Gizarte-justizian, herrien arteko lankidetzan eta giza eskubideen defentsan oinarritutako konbikzio sakonetik jarduten dugu, helburu argi batekin: saharar errefuxiatuek duintasunez bizi ahal izatea, erbestealdiak iraun bitartean”.
Euskal Elikagaien Karabana beraien jarduera ardatz-nagusia dela azpimarratu dute, Saharako Gurutze Gorri Erdiaren lankidetzarekin kanpamentuetan oinarrizko produktuak biltzea, garraiatzea eta banatzea koordinatzea ahalbidetzen duelako. Hala, beraien helburu nagusien arteko urteroko elikagai eta oinarrizko material karanarekin saharar kanpamentuetan elikadura-segurtasuna sendotzea”, euskal udalerrien eta saharar wilayen artean bakearen hezkuntza, sentsibilizazioa eta senidetze-programak garatzea, eta Saharar herriaren eskubideen urraketa salatu eta haren autodeterminazio-eskubidearen aitortza sustatzea daudela aldarrikatu dute.