Familia eskolak, nerabezaroarekin lotutako erronkekin laguntzeko
Urteko lehenengo Familia Eskola urtarrilaren 21ean [eguaztena] egingo dute, Sagrado Corazon Ikastetxean. Otsailean eta martxoan ere saioak egingo dituzte, eta izen ematea saio bakoitzeko QR kodearen bidez egin beharko da.
Bermeoko Udalak familiei nerabezaroarekin loturiko erronka ezberdinei aurre egiten laguntzeko Familia Eskolen programa ondu du, egunerokotasunean lagungarri izan ditzaketen tresnak eskaintzeko helburuarekin. Adikzioen Prebentzio Zerbitzuaren bitartez eskainiko dituzte saioak, eta urteko lehenengoa urtarrilaren 21erako [eguaztena] deitu dute. Familiak aro digitalean: teoriatik praktikara deitu duten saioa Sagrado Corazon Ikastetxean egingo dute, 17:30etik aurrera.
Datorren astekoaz gain, otsailerako eta martxorako prestatutako saioen berri ere eman du udalak. Otsailaren 5eko [eguena] Gure nerabeen bidelagunak. Zelan ulertu gure seme-alabak saioa —azaroan bertan behera gelditu zen hitzordua ordezkatuko duena— Eleizalde Ikastolan egingo dute, eta otsailaren 18rako [eguaztena] antolatutako Gure nerabeen lehen kontsumoak. Zelan landu familian? saioa, ostera, Bermeoko Institutuan. Familia Eskolen urteko lehen zikloa itxiko duen Positiboan hezteak mugarik ez jartzea dakar? eskola martxoaren 18an [eguaztena] egingo dute, Bermeoko Herri Eskolan. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira.
Eskolakdoakoak izango dira eta parte hartu gura dutenek saio bakoitzari dagokion kartelean agertzen den QR kodearen bidez izena eman beharko dute. Izan ere, saioak aurrera eramateko gutxienez lau pertsona egon beharko dira apuntatuta. Gehienez 30 lagun batuko dira saio bakoitzean. Izena ematen dutenei bertartzeko konpromisoa eskatu die udalak; halaber, izen ematea gutxiengora heltzen ez bada, izena eman dutenei jakinaraziko dietela argitu dute.
Informazio gehiago nahiago jaso nahi dutenentzat bermeoprebentzioa@etorkintza.org helbide elektronikoa eta 675 02 50 18 edo 94-617 91 58 telefono zenbakiak gaitu dituzte.