BaSOS Elkartekoek domekarako deitu dute aurtengo landaketa
BaSOS Elkarteak eta Muxikako Urretxindorra Herri Eskolak zuhaitz landaketa antolatu dute domekarako [urtarrilak 18], eta deialdiagaz bat egiteko gonbidapena luzatu dute. Hain zuzen ere, elkarteak aurten egingo duen lehenengo landaketa izango da.
Ordorikako lurretan sortzen ari diren bertoko basoa handitzen laguntzera animatu dituzte eskualdeko herritarrak.
Parte hartzen dutenak 09:00etan Ariatzako aparkalekuan elkartuko dira, eta bertatik abiatuko dira Ordorika auzora, landaketa egitera. Landaketara joan gura dutenek aurretiaz izena eman behar dute. Horretarako, basoso@basos.eus helbide elektronikora mezua bidaltzeko eskatu dute.
Urte berria ondo hasteko plan ederra dela nabarmendu dute, eta bertoko basoen alde bakoitzak bere alea jartzera eta auzolanean goiz eder bat pasatzera hurbiltzeko deia egin dute.
Landaketara eraman beharrekoak ere gogoratu dituzte: ura, botak edo katiuskak, eta euria eginez gero euritarako arropa eta aldatzeko arropa. Aitzurrak eta eskularruak edukiz gero, landaketara eroateko eskatu dute, eta bestela, eurek utziko dituzte. Gainera, hamaiketakoa egongo dela jakinarazi dute.